Hidroituango megaproiektua

«Beti nituen zelatan, oso era agerian: ez ziren ezkutatzen»

Ana Anaya. Rios Vivos taldeko koordinatzaile izateagatik mehatxatua dute paramilitarrek. Uztailean Caucasia hiritik alde egin behar izan zuen, baina Medellinen ere jarraika izan ditu.

Ana Anaya, Medellinen, bortxaz lekualdatutako pertsonak hartu izan dituen auzo batean. BERRIA.
Maite Asensio Lozano.
Medellin
2022ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Medellingo bizimodura egokitzen ari da oraindik Ana Anaya. Caucasiakoa da, Hidroituango egitasmotik ibaian behera dagoen hiri batekoa, baina handik ihes egin behar izan zuen uztailean, bost seme-alabekin, Rios Vivos mugimenduan egindako intzidentziagatik mehatxatuta. Luze hausnartu du elkarrizketetan izen-abizena eta irudia eman ala ez, segurtasun egoera oso konplexu batean baitago oraindik. «Bide hau hartzea erabakitzen duzunean, arriskuaren jakitun zara. Beldur zara, eta beldurrez bizitzen ikasten duzu. Baina borrokak amorrua eta indarra ere ematen du; asko ikasten eta hazten ari naiz».

Ikusi gehiago:MEGAPROIEKTUAK ERAMAN DUENA

Megaproiektuaren aurkariek jasaten duten indarkeria politikoaren adibide da Anaya. 2019ko azaroan Rios Vivoseko koordinatzaile izendatu zutenean hasi zen modu aktiboago batean erakundeekiko bileretan parte hartzen, baita landa eremuko gazteekin lan egiten ere, «ez zitezen sartu talde armatuetan edo prostituzioan». Jardun horrek instituzio publikoen zein eragile armatuen jomugan jarri zuen.

Mehatxuak eta abisuak sotilak dira maiz, baina Anayari zuzenean egin zizkioten, esplizituki. Martxoan izan zen lehena: «Etxetik dendara nindoala, moto bat geratu zitzaidan aurrean, bi pertsona jaitsi ziren aurpegiak estalita, eta esan zidaten sartu behar ez nintzen gaietan sartzen ari nintzela eta edozein unetan opari bat egingo zidatela. Inpresio latza egin zidan. Jabetzen nintzen arriskuez, baina diferentea da propio esaten dizutenean: gau hartan ez nuen lorik egin». Beste behin ere telefonoz deitu zioten, ez zezan ahaztu aurreko mezua. Ez dago seguru zehazki zein taldek mehatxatu zuen, baina argi du paramilitarrak zirela: «Oso indartsu daude hemen, gure artean bizi dira».

Jendaurrean kontatzea erabaki zuen, apirilean, BID Garapenerako Banku Interramerikarreko ordezkarien bisita batean. «Hala enteratu zen nire familia». Horrek arriskua areagotu zuen, eta tentsio betean, Kolonbiako bozak iritsi ziren: «Petroren kanpaina babestu nuen, eta etxera etorri zitzaizkidan, afixa guztiak kentzeko, bestela zerbait gertatuko zitzaiola nire familiari».

Ez zen edonolako mehatxua: urtebete eta 14 urte arteko bost haurren ama da. Ordurako, gainera, bere bikotekidea alde eginda zegoen: «Rios Vivosen sartu nintzenean, umeen aitak baldintza bat jarri zidan: edo mugimendua edo familia. Ez ninduen babestu, harremana hautsi genuen. Oso prozesu mingarria izan zen».

Seme-alaben aurka ere bai

Bizitza baldintzatzen hasia zen uda hasieran. Gogoan du ez zela ia etxetik ateratzen: «Beti nituen zelatan, oso modu agerian: ez ziren ezkutatzen. Bizilagunek ere nabaritzen zuten». Eta azkenean, jazarpena haurrentzako mehatxu ere bihurtu zen: «Uztailean alaba zaharren eskolako guraso bat bat etorri zitzaidan, oso kezkatuta, ea arazorik al nuen: jende bat neskez galdezka zebilen; eta auzoan esana zioten kontuz ibiltzeko nirekin, mehatxatuta nengoela». Haurrak eskolatik atera zituen: «Bi bide baino ez zeuden ikastetxera; arriskutsua zen». Baina ez zuen egoera baretzerik lortu: «Egun batean, gizon batzuk jarraika izan zituzten umeek kalean; eta nesketako bat errekrutatzen saiatu ziren paramilitarrak, aitarekin zegoenean».

Egoera jasangaitza zen, eta Rios Vivoseko kideei jakinarazi zien. Uztail hasieran, salaketa jarri zuen, eta alde egin zuen. «Justu greba armatu bat zegoen [paramilitarrek ezarria: saltokiak zabaltzea, garraioa erabiltzea eta etxetik ateratzea debekatu ohi dute], eta errepidea moztuta zeukaten, beraz, beste hiru egunez itxaron behar izan genuen Caucasiatik irteteko, eta beste bide bat erabili... Zaila izan zen».

Medellinen, udal aterpetxe batean jaso zuten: «Aldaketa handia izan zen bat-batean. Ume txikienak lau egun egin zituen jan gabe, besteak ere gaixotu ziren. Ez nekien zer egin. Bakarrik nengoen bost haurrekin, ez nuen dirurik ia...». Eta hirian ere ez zegoen seguru: paramilitarrek aurkitu egin zuten, eta jarraika hasi zitzaizkion. «Beste toki batera joan behar izan genuen. Gobernazioak diru laguntza txiki bat eman zidan alokairua ordaintzeko. Baina berriro topatu ninduten eta berriro alde egin behar izan genuen».

Beste leku batean bizi da orain, behin-behinean. Ezinezkoa zaio Caucasiara itzultzea, beraz, Medellinen ari da etorkizuna eraikitzen saiatzen: «Lan bila nabil, eta etxe bila». Bereziki kezkatuta dago seme-alabekin: «Hezkuntza eskubidea urratu diete: uztailetik eskolaratu gabe daude, Alkatetzak ez zielako lekurik topatu». Arreta psikologikorik ere ez dutela izan salatu du: «Ez daude ondo, agerikoa da. Lekualdatzea, aitarengandik urruntzea, eskolarik ez izatea, prekaritatea... Ez daude ondo».

«Garesti» ordaintzen ari da Anaya Cauca ibaia defendatzeko erabakia. «Baina egin egin behar da». Argi dio ez duela damurik: «Hasieran alaba zaharrenek aurpegiratu egiten zidaten hau guztia, baina orain diote haiek berdin jardungo liratekeela. Zanpatzen zaituztenean eta ez denean ezer gertatzen, ohartzen zara zerbait egin behar duzula, beste inork ezin duela zure ordez egin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.