Lohizune Amatria. Kazetaria eta Mikel Zabalzaren iloba

«Justiziaren arloan, horma baten kontra jo dugu orain arte»

Mikel Zabalzaren senitartekoak gustura daude pelikularekin, uste dutelako orain badutela «egia kontatzen duen dokumentu bat».

IÑIGO URIZ / FOKU.
gotzon hermosilla
2020ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Lohizune Amatria kazetaria (Iruñea, 1992) Mikel Zabalza zenaren iloba ere bada. Dioenez, filma egiteko prozesua «gogorra» izan da senitartekoentzat, baina orain «pozik» dago emaitzarekin.

Filma ikusterik izan duzu?

Golem zinema aretoei esker, emanaldi pribatua egin dute senitartekoentzat, eta, egia esateko, oso pozik irten ginen handik. Gure historia pantaila handian ikustea familiarentzat ikaragarria izan da. Honi esker, badugu dokumentu bat egia kontatzen duena.

Filma egiteko prozesua luzea izan da.

Hala da. Aurreko batean, atzera begira jarri nintzen, eta ikusi nituen prozesua hasi zenean bidali zizkiguten lehenengo mezu elektronikoak. Orduan sinesgaitza iruditzen zitzaigun proposatzen ziguten hura azkenean Donostiako Zinemaldian emango zutela. Prozesu luzea izan da, bai eta gogorra ere, familiarentzat bereziki: ideia proposatu zigutenean, gustatu zitzaigun eta beharrezkoa iruditu zitzaigun, baina familiarentzat ez da erraza berriro ere gaiaz hitz egin behar izatea.

Orduan, gogorra egin zaizue?

Bai, baina ni behintzat pozik nago. Dokumentalean agertzen den moduan, gu batzuetan gauzak galdetzeko beldur izan gara, ez genuelako inor mindu nahi eta ez genuelako minduak izan nahi, eta prozesu honek balio izan digu hori egiten ikasteko. Nik, adibidez, pelikulari esker, hainbat gauza galdetu dizkiot amari, lehen galdetzera ausartzen ez nintzenak.

Oso abagune berezian iritsi da dokumentala, laster Zabalzaren heriotzaren 35. urteurrena izango delako. Nola oratuko diozue urteurrenari?

Mikel Zabalza Gogoan herri ekinbidea arduratzen da ekitaldiak antolatzeaz , eta senide batzuk ere ari gara dinamika horretan parte hartzen. Egoera berezi honek baldintzatuko ditu antolatu beharreko ekitaldiak, baina seguru asko gauza politak aterako dira.

Zer eskatzen duzue senitartekoek?

Egia, justizia, erreparazioa eta berriro ez gertatzeko bermeak aipatu ohi dira beti. Egiaren aldetik, oso eskertuta gaude urte hauetan guztietan herritarrek babes handia eman digutelako egia gailen dadin. Baina familiari gustatuko litzaioke egia hori justiziaren bidetik ere aitortzea. Orain arte horma baten kontra jo dugu beti, eta auzia ez da epaitu ere egin. Beste aldetik, guretzat garrantzitsua da ulertzea hau ez dela kasu bakana izan, herri honen kontra egindako politika baten ondorio baizik, eta kasu gehiago daudela.

Horretan filmak lagun dezake?

Bai, batez ere, memoriaren arloan, belaunaldi gazteek jakin dezaten duela 35 urte gure herrian gertatutakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.