Greziako ehunka errefuxiaturen bizia arriskuan dago suteen ondorioz

Alarma egoera ezarri dute Sizilian. 'Ocean Viking' ontziko ehunka migratzaile iritsi dira Italiara

Malakasa kanpalekutik atera zituzten errefuxiatuak, Ritsonan. PARWANA AMIRI.
maddi iztueta olano
2021eko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldeak azken txostenean ohartarazi du klima larrialdiak okerrera egin duela. Egunotan Europa hegoaldean zabaldutako suteek frogatu dute, baina, ez dagoela hurrengo mendera arte itxaron beharrik horren ondorioak ikusteko; azken asteotako tenperatura beroek eragindako suteen ondorioz, milaka hektarea baso erre dira, eta ehunka lagun arriskuan daude.

Iragan uztailean, azken hamarkadetako tenperaturarik beroenak neurtu zituzten Europa hegoaldean: 40 gradutik gorakoak. Termometroen igoeraren atzetik iritsi ziren lehen suteak, eta azkar zabaldu ziren hegoaldeko herrialdeetara. Azken orduetan egoerak hobera egin du Turkian, foku gehienak kontrolatzea lortu baitute. Ipar Mazedonian, Grezian, eta, azkenik, Sizilian (Italia), berriz, alarma egoera ezarri dute.

Sua ekialdetik mendebaldera zabaldu da, eta joan den astean Italiara iritsi zen. Sute gehienak Sizilian piztu ziren, eta alarma egoera ezarri zuten joan den igandean; Italia erdialdean eta hegoaldean, berriz, tenperatura beroen eta haize indartsuen arriskuez ohartarazi zuten herenegun. Nello Musumeci Siziliako presidenteak atzo iragarri zuen alarma egoera sei hilabetez mantenduko dutela.

Asteburuan 50 sutetik gora zenbatu dituzte, horietatik gehienak Palermo eskualdean. Hala ere, sua alboko eskualdeetara zabaltzen ari da, hala nola Calabriara, eta gobernuak iragarri zuen Aspromonteko parke nazionala arriskuan dagoela. Egoerari aurre egiteko, Fabrizio Curcio Babes Zibilerako buruak «babes osoa» eskatu zien Italiako instituzioei eta herritarrei. Gainera, joan den ostiralean eman zuten lehen bi hildakoen berri, Calabrian.

Alarma egoera ezarri eta gutxira, igandean, Ocean Viking ontziak erreskatatutako dozenaka migratzaile iritsi ziren Siziliako Pozzallo portura. SOS Mediterranee GKE gobernuz kanpoko erakundeak esan zuen 97 migratzaile lehorreratu zituztela, eta gehiago lehorreratuko dituztela datozen egunetan. Guztira, 452 pertsona daude ontzian.

Suteen albo-kalteak

Urtero milaka migratzailek ekiten diote Europarako bideari, iristean beren etorkizuna nolakoa izango den jakin gabe. Italiara iritsi berri diren ehunka lagunen antzera, beste hainbeste etorkinek bilatzen dute babesa Greziako kostaldean. Askotan, ordea, babesa baino gehiago, oztopoak aurkitzen dituzte.

Aurreko astean 2.000 iheslari inguru eraman zituzten Atenas alboko Malakasa kanpalekutik Ritsona kanpalekura, suteak hara hurbiltzen ari zirelako. SOS Errefuxiatuak erakundeko Victor Godinok BERRIAri adierazi dionez, migratzaileen egoera «negargarria» da.

Bero boladaren ondorioz lehen suteak piztu zirenean, Greziako Gobernuak arriskuan zeuden eremuetako biztanleak beren etxetik atera zituen. Sua Amygdaleza kanpalekutik ere oso gertu zegoen, baina «ordu asko» igaro ziren gobernuak iheslariak lekuz aldatzea erabaki zuen arte. Godinok salatu duenez, inguruko kanpalekuetara iritsi zirenerako beteta zeuden: «Askok aire zabalean igaro beharko dituzte gauak».

Halaber, Atenas iparraldeko Malakasa kanpalekuan bizi ziren milaka iheslari Ritsona kanpalekura eraman zituztenean inolako laguntzarik eman ez izana egotzi die Godinok Greziako agintariei: «Gurea bezalako erakunde txikien laguntza besterik ez zuten jaso. Kanpadendak, lotarako zakuak eta higiene produktuak eman genizkien, haietako askok ez baitzuten ezer». Gainera, adierazi du Greziako Gobernuak ezer gutxi egiten duela «errefuxiatuen egoera negargarriari aurre egiteko»: «Errefuxiatu asko kalean daude, edo jendez betetako pisuetan bizi dira. Duela urtebete, esaterako, iheslari asko Lesbostik Atenasera eraman zituzten. Orduan, aurretik familia errefuxiatuei emandako pisuetan sartu zituzten Lesbostik iritsitako familiak. Gobernuari berdin dio jendea kale gorrian uztea».

Kanpalekuetan bizi diren iheslariek baliabide gutxi dituzte, eta GKEek emandako janariarekin eta laguntzarekin bizirauten dute. Gainera, azken egunetako tenperatura beroek kalte larriak eragin ditzakete haien egoeran. Horregatik, SOS Errefuxiatuak erakundeak ura banatzeko kanpaina hasi zuen aurreko astean. Hala ere, Godinok adierazi du oso lanpetuta dabiltzala eta baliabide gutxi dituztela.

Sei egunen ostean, Atenas iparraldeko eta Kreta uharteko su gehienak kontrolatzea lortu dute, baina Eubia uhartean egoera oso larria da oraindik. Herrialdean piztuta dauden fokurik handienetan bigarrena da, eta milaka pertsona atera behar izan dituzte handik, gehienak itsasoz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.