Preso eta iheslari ohien kotizazioa jo du Harrerak erronka nagusitzat

Elkarteak zortzigarren batzarra egin du, Elgetan. Iaz, hemeretzi preso eta iheslari ohiri lagundu zieten lan munduan sartzen; 2012. urtetik, 159ri

Harrera elkarteko bazkideak, atzoko batzarrean. ANDONI CANELLADA / FOKU.
jon olano
2019ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Datozen urteei begira, erronka nagusi bat ezarri dio bere buruari Harrera elkarteak: erretiro aldian dauden edo aurki horretara iritsiko diren euskal preso, iheslari eta deportatu ohien egoera aztertzea eta hiru urterako lanketa bat prestatzea, ataka zailean daudenen edo geratu daitezkeenen beharrei erantzuteko. Izan ere, preso edo erbestean egondako askok oso urte gutxi dauzkate kotizatuta, eta horrek eragin zuzena du erretiro aldiko pentsioaren neurrian. Auziari berehala heldu nahi dio Harrerak, gero eta gehiago izango direlako egoera zailean gera daitezkeenak, Karlos Ioldi elkarteko bozeramaileak gogora dakarrenez: «Jendea aurrera doa adinean».

2012. urtean sortu zen Harrera, eta bazkideen zortzigarren batzarra egin zuten atzo, Elgetan (Gipuzkoa), 2018ko balantzea egiteko. 3.165 bazkide ditu elkarteak, eta horietatik dozenaka elkartu ziren Elgetako Espaloia kafe antzokian. Bertan, 300.000 euroko aurrekontua aurkeztu zuten, eta jakinarazi hemeretzi lagun lan munduan integratu zirela iaz Harreraren laguntzaren bidez. Hamarri kontratu finkoa egin diete, zazpiri behin-behinekoa, eta beste bik praktika kontratu bat daukate. Zortzi urteko bidean, 159 pertsonari eman die laguntza hori. Iaz, era batera edo bestera, 35 pertsona lagundu zituen diruz. Gainera, Harreraren datuen arabera, iaz zazpi iheslari itzuli ziren Euskal Herrira, eta euren egoera juridikoki erregularizatu zuten.

Edonola ere, kotizazioetan dauka kezka Harrerak. Preso ohi ugari daude 65 urteren bueltan, eta «oso kotizazio txikiarekin» iritsi dira erretiro adinera, Sebas Barinagarrementeria Harrera elkarteko presidenteak ohartarazi duenez. «Erretirorako baliabide gutxi dute, beraz». Orain, asmoa da egoera zehatz-mehatz aztertzea; 1.700 pertsona ingururekin «banan-banan» hitz egitea, «erradiografia oso bat» egin ahal izateko, Ioldik BERRIAri azaldu dionez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.