Soria eta euskaldunak

Juan Martin Elexpuru - Filologoa

2019ko abuztuak 11
Uztailaren 17an zabaldu zen Santa Cruz de Yanguas-en (Tierras Altas, Soria) oso erakusketa garrantzitsu bat, Eduardo Alfaro Peña arkeologoa, Eduardo Aznar Martínez antropologoa eta probintziako agintariak bertan zirela: erromatar garaiko hilarrien erakusketa. Eskualdean aurkitutako 44 estelaren argazkiak eta traskripzioak ikus daitezke, eta horietako 12 fisikoki. Benetako altxorra euskararen historiarentzat, hilarri hauetan agertzen diren pertsona-izenengatik euskara arkaikotik baitatoz. Hau ikusita gero jarraituko ote dute ematen euskalduntze berantiarraren ipuin telebisatua?

Hurrengo egunean El Heraldo de Soria-k orri osoko kronika zekarren. Zera irakurtzen dugu, besteak beste: «Aparteko ondarea daukagu, eta tartean daude euskeraren ikerlanei bira berri bat ematen ari diren piezak. La estela de Antestius Sesenco izenekoa, I. eta II. mende artekoa, Villar del Rion topatua, [...] honek baieztatzen du euskal izendegi indigena o «euskoakitanierra» bazela. Ezin da esan, nonbait, «hemen euskaraz egiten zen», baina tira, zeharbidez esaten da, eta testuingurua ezagututa ez da gutxi.

Adiskide baten bidez erakusketaren berri izan nuelarik, harritu nintzen euskal hedabideetan ez zelako ezer agertzen. Pare bat egun itxoin ondoren, uztailaren 21ean mezua bidali nuen Euskal Herriko egunkari guztietara, Argia-ra eta EITBren irrati eta telebistera. Ezagunak ditudan kazetariei zuzenean horietako zenbait. Horrela zioen: «Arratsaldeon: ez dira data onenak horrelako lanetarako, baina berri on batekin natorkizue. Azkenaldian hainbat estela interesgarri aurkitu dira Sorian (Tierras Altas) euskarazko hitzekin, eta agian esaldi osoekin, eta horiekin erakusketa inauguratu da berriki Santa Cruz de Yanguas-en. Tartean bada Haurce (haurke) Belsco eta euskarazko beste hitz batzuk dituena, I. mendekoa edo, lehen aldiz aurkezten dena. Iruditzen zait notizia inportantea dela, haizatzea merezi duena. Aurkitu dituen arkeologoa Eduardo Alfaro Peña da, Eduardo Aznar Martínezek laguntzen dio euskara kontuetan. Harremanetarako: Eduardo Alfaro, tlf.: xxx, eposta: xxx. Bera oso interesatua dago. Soriako prentsan agertutako erreportaje bat bidaltzen dizuet, erakusketako kartelarekin batera. Izan ondo».

Hiru kazetarik bakarrik erantzun zidaten. Batek, egingo zutela zeozer, besteak, pasatuko zuela mezua zegokion sailera, eta horrela. Kontua da abuztua aurrera doala eta ez dela inon ezer agertu. Hitz bat ere ez. Orain arte euskal kazetariek dei bakar bat ere ez diote egin Alfarori. Abaltzisketan patata-tortilla lehiaketa egiten bada edo Azpeitian ingeles hutsez kantatzen duen rock taldea sortzen, hori notizia inportantea da, orrialde osoa eskaini dakioke, baina honi kasurik ez.

«¿Los euskaldunes aman realmente la historia de la lengua vasca?» titulatzen du sarrera Koen Van den Driessche geokimikari beljikarrak Ama Ata blogean [...].

Sorian interes handia dago gai honetan. Urte hauetan guztietan Alfarok botere publikoen babes osoa eduki du. Herri txikietako biztanleek ulertu dituzte hilarri hauen balioak eta atseginez kolaboratzen dute Alfarorekin pieza berriak aurkitzeko eta zaintzeko orduan. Hango intelektualak eta politikariak (bai eskuinekoak bai ezkerrekoak) harro daude patrimonio honetaz, eta haietako zenbait harritu egiten dira Ebro ibaiaren iparrean, hau da, gaur egungo Euskal Herrian, interes handiagoa ez dagoela ikusita.

Uste dut dena esanda dagoela. Etsigarria!

Erakusketa zabalik dago abuztuaren 25era arte. Pentsatu nahi dugu jende asko joango dela bisitan Euskal Herritik.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna