Hizkuntza eta eskola: eman dezagun aurrerapauso bat

Quim Torra eta beste
2021eko abenduaren 15a
00:00
Entzun
«Gure hizkuntza da gure aberria», esan zuen Joan Fusterrek. Eta gogoeta apal hori, orain, oso eraldatzailea da. Izan ere, agerian uzten du katalanaren bizitasunaren menpe dagoela nortasun propioa eta gizarte bateratu arrakastatsua dituen herri baten existentzia. Hortaz, gonbita egiten digu bete-betean bizitzeko kondizio hori, aberastasun linguistikoari eta munduko aniztasunari egindako ekarpen benetako hori. Aberastasun hori, gonbidapen hori, ahulgune ere izan liteke, ez badugu erantzun egokirik aurkitzen mendeetako gure aurkari Espainiako Estatua gure kondizio hori txiki-txiki uzten ahalegintzen ari den honetan. Horregatik, behar-beharrezkoa da beti gogoan izatea zer dagoen katalanaren aurkako eraso guztien atzean, Herrialde Katalanetako edozein txokotan egiten direla ere.

Oraingo honetan, beste pauso bat eman dute hizkuntza hori hezkuntzaren arloan zapaltzeko eta gutxitzeko —horrek bultzatuta idatzi dugu testu hau, hainbat lagunek sinatua—. Sektore espainolistek muturra sartu dute berriz arlo judizialean, eta gaztelaniazko irakaskuntzarentzako ehuneko bat ezarri dute, zeina ez baitator bat murgiltze ereduaren aldeko kontsentsuarekin —eredu hori nahiko zapaldua du dagoeneko errealitateak, zeina bere kabuz nagusitzen ari baita—. Maisu-maistren eta irakasleen ahalegin eskuzabala eta ausarta alde batera utzita, uste dugu begi bistakoa dela katalana babesik gabe uzten duela legediak, haren presentzia egunero auzitan jartzen den arlo gehienetan.

Hori dela eta, proposamen batzuk egin ditugu, eta konpromiso hauek betetzeko exijitzen dugu:

1. Hizkuntza ezin da izan erabilera alderdikoirako tresna, eta ezin da ezkutu gisa erabili ondoriorik gabeko ideia teoriko lauso batzuk hedatzeko. Katalanaren benetako egoeraren inguruko ardura politikoak, ikasgeletan eta handik kanpo, oso banatuta daude: urte asko dira alderdi batzuen zein besteen gobernuek gehiegizko triunfalismo bera erakusten dutela, eta aspalditik falta dira azterketa objektiboak eta katalana diskriminatua ez izatea bermatzeko neurri konkretuak. Eta, beraz, hizkuntzari eraso egiten zaionean, «katalana ez da ukitu behar» esateari utzi eta berehala adierazten dute hau: «Ezin dugu ezer egin erabaki judizial baten aurka». Botere betearazlea eta legegilea ez daude botere judizialaren mende egiazko demokrazietan. Gehiengoa eskola eredu baten alde badago, aplikatu egin behar da, eta defendatu, baliabide guztiak erabilita. Gobernuak bere gain hartu behar ditu arriskuak, irakasleak babesik gabe gera ez daitezen beste erasoren bat balego. Ikasgeletako hizkuntza ohituren gaineko ardura ezin da hezkuntza zentroen gain utzi. Beharrezkoa da estrategia instituzional argi bat sortzea eta barneratzea, ondorio guztiak onartuta, katalanaren eta eskolako murgiltze ereduaren kontrako ebazpenei men egin behar ez izateko.

2. Presazkoa eta ezinbestekoa da tokiko instituzioek —bereziki Hezkuntza Sailak— lege babesa eskaintzea kaltetutako zentroei eta haien hezkuntza komunitateei —irakasleak eta ikasleen familien elkarteak—. Guztiak pentsarazten digu isileko babes instituzionala duela katalanaren kontrakoek bultzatzen duten judizializazioak, eta zuzeneko finantzaketa ere bai. Horregatik, ezin dira lege babesik gabe utzi katalanari atzera eginarazteko estrategia horren jopuntu diren eta izango diren zentroak.

3. Herrialde Katalanetako toki guztietako gobernu eta parlamentuek izan behar dute katalanaren lehen babes lerroa arlo guztietan, eta katalana babesteko onartutako legeek diotena betearazi behar dute. Hala ere, gauza bat argi dago: hizkuntzaren aldeko estatu bat izan ordez hizkuntzaren kontrako estatu bat dugun bitartean, Espainiak eta Frantziak dituzten aparatuek erabat suntsituko dute ahalegin oro, aspalditik sistematikoki egiten ari diren bezalaxe. Independentziaren aldeko prozesua bururaino eramatea eta katalana berriro ere dagokion toki instituzionalean kokatzea ezinbesteko pausoa da aurrera egin ahal izateko.

4. Baina, azken finean, gobernu bat ez da errealitate sozial baten adierazpen politikoa besterik: beharrezkoa da sindikatuek, alderdiek, elkarteek eta herritarrek konpromisoa har dezatela —har dezagula— katalanarekin modu eraginkorrean. Konpromiso instituzional, pertsonal eta kolektiboa behar da katalanaren erabilera publikoa eguneroko bizitzako esparru guztietara zabaltzeko. Katalanaren etorkizuna, hein handi batean, haren hiztunen eskuetan dago. Hizkuntzaz ez aldatzea da modurik onena hura mundu guztiarentzat ezinbesteko bilaka dadin eta, beraz, prestigio sozial handikoa izan dadin —hau da, ondo baloratua eta beharrezkoa. Nork bere hizkuntzan normal-normal jardutea autoestimu eta eskuzabaltasun ariketa bat da.

5. Katalana etorkizuna da, aberastasuna da. Katalanaren aurkakoen estrategian, gainera, borondate argia dago Herrialde Katalanetako hizkuntza propioa gatazkarekin, gainbeherarekin, mota guzietako arazoekin lotutako elementu bihurtzeko. Behar-beharrezkoa da asmo horiei aurre egitea, eta, horretarako, aurrerapauso kolektibo bat eman beharra dago hizkuntzaren alde, eta nabarmendu zer kasu arrakastatsu izan diren eta zer alde positibo dituen kohesio sozialerako. Hori eraginik handiena duten eremuetan egin beharra dago: besteak beste, komunikabideetan, kirol masiboetan, kulturan eta administrazio publikoan. Maite dugu katalana, balioa ematen diogu, eta osotasun eta normaltasun sentimendu hori zabaltzeko aukera dugu. Katalana sarrera ate bat da, aukeraz betetako leiho bat, eta sormenerako zimendu bat.

Testu honen sinatzaileok dei egiten diegu herritarrei bost puntu horiekin bat egin dezaten, instituzioei exijitu diezazkieten, eta denok konpromisoa har dezagun gure hizkuntzak eskatzen digun aurrerapauso hori emateko. Katalanaren etorkizunaren alde, Herrialde Katalanen etorkizunaren alde.

Artikulu honen sinatzaileak: Quim Torra, Teresa Clota, Josep-Lluis Carod-Rovira, Blanca Serra, Salvador Cardus, Nuria Cadenes, Antonio Baños, Angels Martinez Castells, Isidor Mari eta Teresa Casals
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.