Euskal Herriak NATOri ez

2022ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Aurten 40 urte bete dira Espainia NATO erakundean sartu zela, eta, horren karietara, Madril ari da izaten gailurra deitzen duten bakanal armamentistikoaren anfitrioia. Bide batez, Europarako atea zaintzen duen txakurra sarituko dute, Espainiak migrazioaren gainean hartu dituen neurri gizagabeak babestuz eta Saharar herriari egindako mespretxuari Mendebaldearen adostasuna erakutsiz.

Goi-bilera horrek, edozein modutan, ikuspegi beldurgarriak besterik ez du eskaintzen; eta, hori zuritze aldera-edo, Espainiako presidente Pedro Sanchezek NATOren zereginak zerrendatu ditu: «Giza segurtasunaren esparrua, klima-aldaketaren aurkako borroka, eta emakumearekin, bakearekin eta segurtasun-agendarekin zerikusia duten gaiak barne hartuko ditu, datozen hamarkadetan ezinbestekoak izango baitira segurtasunerako eta egonkortasunerako». Sarkasmo nazkagarria da, horiek guztiek, areago, gerraren jainkoaren aldarean emango diren eskaintzak diruditelako.

NATO erakunde siniestroa da; dirutzak eta baliabideak xahutzen dituen erakunde zitala da, arma-gastua justifikatuko duena etsai berriak sortuz, heriotza berriak eraginez. Eta dena da Mendebalde aurreratuaren izenean eta horien nagusi diren korporazioen interesen alde. Herri askoren bizimodua hipotekatuta dago amaigabeko eskalada belizistan. Segurtasuna eta egonkortasuna (merkatuena, jakina) da mantra errepikaria. Zibilizazio gisa premiazko zereginak ate joka ditugunean, betikora lotu nahi gaituzte; gerrara. Oraina birpentsatzen hasteko ordua heldu zaigunean, etorkizun hobeago bat planifikatzeko, hurkoekiko eta naturarekiko harremanen paradigma berri bat sortu beharra dugunean, NATOk heriotza eskaintzen digu, berriro.

Bada, oraingoan ere Gernikatik ezetz esaten diogu gerrari, ezetz esaten diogu NATOri. Ukrainaren eta Errusiaren arteko gerrari ezetz esateko eman genituen arrazoi berdinengatik: militarismoan sakondu beharrean, armak beharrean, lanabesak nahi ditugulako eskuetan; hitzaren kultura ardatz duen gizarte aske eta burujabearen alde egiten dugulako, herrien burujabetzaren urraketan baitago gatazka askoren muina.

Bukatzeko, gogoratu nahi dut Picassoren Gernika koadroaren aurrean gerraren aurkako ekintzaile batzuk egindako protesta. Margolanari merezi duen balioa eman diote, gerraren aurkako oihu latza baita. Agian Madrilen bilduko diren gerrako jaunak kapazak dira koadroaren aurrean jarri eta flashekin bonbardatzeko, baina ulertuko al dute gudariaren ezpata hautsitik ernaltzen den lorea?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.