Koronabirusaren eragina kulturan

Arnasa nori eman eta nori ez

Kultur eragileek begi onez hartu dituzte itxialdiak eragindako kalteei aurre egiteko erakundeek bideratutako laguntzak. Jasotzeko baldintzek eta adjudikazio prozedurak kezka eragin dute, ordea.

Bertsolari baten silueta agertokiaren gainean. JON URBE/FOKU - IRUDIAREN MOLDAKETA: BERRIA.
aitor biain
2020ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
COVID-19aren krisiak ataka estuan jarri du kulturaren sektorea, eta egun batzuetako salbuespen egoera nahikoa izan da lehendik prekarioak ziren bizimoduak are prekarioago bilakatzeko. Errealitate horren bueltan iritsi dira erakundeen diru laguntzak. Euskal Herriko erakundeen artean, ordea, Eusko Jaurlaritza izan da kulturarentzako laguntza partida espezifiko bat aurkeztu duen bakarra. Bihar amaituko da eskaera egiteko epea, hain zuzen. Denera, 2,5 milioi euroko poltsa jarri du itxialdiak kulturgileengan eragindako kalte ekonomikoa arintzeko. Eta beste bi milioi euroko diru sail bat gorde du sektoreko enpresa txikientzat. Eragileek begi onez hartu dute laguntza programa, oro har, baina kexak ere ugariak izan dira; batez ere, baldintzei eta adjudikazio prozesuari lotutakoak.

Kulturklik Pro plataformaren bitartez eman den aholkularitza zerbitzuak bildu ditu kexa eta kezka horietako batzuk. Martxan izan da hilabete honetan, eta, Kultura Sailak asteon jakinarazi duenez, 461 kontsulta jaso dituzte guztira: ia denak izan dira laguntzak lortzeko egin beharreko urratsei buruzkoak eta bete beharreko baldintzei buruzkoak. Behin betiko datuak bildu artean, baina, lagungarri izan daitezke kulturgileen kezkak zeintzuk diren jakiteko.

Kontsulta egin dutenen ia erdiak dira autonomoak, eta laurdenak dira besteren konturako langileak. Baina aholkularitza baliatu dutenen artean ere badira autonomoen erregimenean kotizatzen ari ez direnak (%8). Onuradunen profilak eragin zuen asaldura handiena hasierako egunetan, hain zuzen. Maiatzaren 11n, EAEko aldizkari ofizialean argitaratutako testuak jasotzen baitzuen laguntza eskatzeko derrigorrezkoa zela jarduera zergan izenpetuta egotea. Deialdia, ondorioz, autonomo direnengana mugatu zen soilik, eta kanpo geratu ziren besteren kontuko langileak edo autonomoak ez direnak. Erredakzio akatsa izan zela aitortu zuen Jaurlaritzak, ordea. Irizpideak aldatu zituen, eta eskaerak tramitatzeko epea ekainaren lehenera arte luzatu zuen orduan.

Sorkuntzan edo ekoizpenean diharduten langileak izan dira aholkularitza baliatu dutenen gehiengoa. Zehazki, antzerkiko eragileek egindakoak izan dira 153 kontsulta, ikus-entzunezkoen esparruko 146 kontsulta jaso dituzte, eta 125 musikaren esparrukoak egindakoak dira.

Epigrafeetan nahastuta

Bingen Zupiria Kultura sailburuak behin eta berriz esan du «estuen» daudenei bideratutako laguntzak direla. Hori dela eta, Jaurlaritzak hainbat baldintza ezarri dizkie laguntzak jaso nahi dituzten kulturgileei. Zenbait eragilek salatu dute, ordea, baldintza horiek mugatzeak eragin duela hainbat eragile deialditik kanpo geratzea. Izan ere, laguntzak jaso ahal izateko ekonomia jardueraren sailkapeneko epigrafe zehatz batzuetan aitortu behar izan dituzte sortzaileek zergak, eta legeak ez ditu epigrafe horietako batzuk jasotzen. Laguntzak jasotzeko aukerarik gabe gelditu dira, ondorioz, bertsolari, gidoigile, edo idazle batzuk, esaterako.

Epigrafe horiei buruzkoak izan dira aholkularitzak jasotako kontsulten laurdena, hain zuzen. Igor Calonge (Donostia, 1974) da aholkua eskatu zutenetako bat. Donostiako dFeria Arte Eszenikoen Jaialdian egin zuen bere azkeneko emanaldia dantzariak, martxoan, baina ordutik inolako diru sarrerarik gabe dago. Jaurlaritzaren laguntzetara aurkeztea erabaki zuen, baina aholkularitzatik erantzun zioten bere epigrafea ez zegoela aintzat hartuta. «Esan zidaten nire epigrafea ez zegoela testuan, eta, beraz, nire eskaera ez zutela onartuko».

Dantzari dagokion epigrafea jasota dago dekretuan, baina Calongek «zabalagoa» den taldean aitortu izan ditu bere zergak azken urteetan. «Orain urte batzuk aldatu genuen, antzokiek hala eskatuta. Ezinbestekoa baitzen gure ikuskizunak kontratatu ahal izateko. Kontua zera da: epigrafe horretan, itxuraz, arlo ezberdinetako langileak sartzen direla, eta Jaurlaritzak laguntzak mugatu nahi zituenez, asko kanpo geratu gara; bat baino gehiago izango baita nire egoera berean». Eskera egin, egin du nolanahi ere: berari ez dagokion epigrafea jarri du —dantzarena— , eta azalpena erantsi du ondoren.

Azaldu du, hala ere, «erantzun kontrajarria» eman diotela aholkularitzatik. «Nahastuta nago: batetik, esan didate epigrafea ez dagoela aintzat hartuta, baina, halaber, aipatu didate hiru hilabete edo gehiago eman ditudala Gizarte Segurantzan autonomo, artista gisara, eta, beraz, horrek ahalbidetuko zidala laguntza». Izan ere, epea luzatzearekin batera irizpideak ere malgutu zituen Jaurlaritzak, eta, uste du, aukeraren bat izango duela horri esker. «Esperantza txiki bat ematen dit. Baina, egia esateko, ziurgabetasuna handia da, eta hiru hilabete daramatzat diru sarrerarik gabe».

Mikel Pikaza (Barakaldo, Bizkaia, 1980) aktorearen kasua ere antzekoa da. Pikazaren epigrafea ere ez zuen aintzat hartzen legeak, hasiera batean. «Nik beti izan dut epigrafe bera, baina sorpresa hartu nuen hasieran, kontutan hartzen ez zutela ikustean». Jaurlaritzak maiatzaren 22an egindako moldaketari esker laguntza jasotzeko moduan izango dela uste du.

Eskaera aurkeztu behar du horretarako aurrena, ordea. Izan ere, tramitea ezin burutu zebilen astearen amaieran oraindik. «Legeak irizpide aldaketa jasotzen badu ere, ostegunean oraindik Lanbideren Interneteko plataforman ez zegoen nire epigrafea jartzeko aukerarik, eta, beraz, ezin nuen tramitea guztiz amaitu».

Pikazak hamar urte baino gehiago daramatza zirkua egiten. Ikuskizun berri baterako sorkuntza prozesuan murgilduta zebilen aurreko urteaz geroztik Malas Compañias bere konpainiarekin, baina eten egin behar izan zuen aitaren heriotzagatik. «Apirilean berrekitea zen nire asmoa, eta aurreikuspen onak nituen hurrengo hilabeteetarako ere. Baina domino efektua nola, gauza batek bestea ekarri du katean, eta geldi nago ordutik; ezin dut ezer egin». Gizarte Segurantzan baja emanda zegoen ordurako, eta ondorioz, ez du inolako laguntzarik jasotzeko aukerarik izan, harik eta Jaurlaritzaren poltsa atera den arte.

Laguntzetatik harago

Kulturgileentzako laguntzak ez dira bestelako laguntzak jasotzearekin bateragarri, eta sortzaile askok jo du aholkularitzara arrazoi horregatik —108 kontsulta egin dira—, erabaki horrek zertan eragiten dien jakiteko, hain zuzen. Pikazak adierazi du ezin duela Araban, Bizkaian edo Gipuzkoan egokitu diren beste laguntzarik jaso. «Espainiako Gobernuak aste honetan moldatu ditu kulturgintzarako neurriak, eta, agian, horri esker langabezia saria jaso dezaket, baina ongi aztertu behar dut oraindik».

Calonge ere «eskuragarri dauden laguntza lerro guztietara» aurkeztuko da, eta onartzen badizkiote, orduan erabakiko du zein hautatu. Izan ere, Jaurlaritzak iragarri zuen zozketa bidez erabakiko zuela eskaerak tramitatzen hasteko ordena, eta, beraz, eskari asko egonez gero, eta diru partida amaituko balitz, litekeena da eskatzaile guztien baldintzak aztertzera ez iristea. Dantzaria kexu azaldu da prozedurarekin: «Ulertzen dut balorazio batzordeek askotan, ez dutela modu justuan jarduten; hor ere izango dira desadostasunak. Baina pastela txikia da eta asko gara zati baten beharrean gaudenak. Errespetu falta iruditzen zait. Inork ez du beste inoren soldata zozkatzeko eskubiderik».

Pikazak uste du Jaurlaritzak «aurrerapauso bat» eman duela laguntza programarekin: «Kulturgileen ogibidea aldizkakoa dela onartu du: horrek esan nahi du, Gizarte Segurantzan baja emanda egon arren ere, eskubidea izan dezakegula diru laguntzak jasotzeko. Hori oso positiboa da». Iritzi dio, ordea, 2,5 milioi euroko poltsa txikiegia dela. «Txantxa bat da, eta ez gaude barre egiteko moduan. Egoera oso prekarioan gaude, eta pauso bat eman bada ere ez da nahikoa».

Biak ala biak kezkatuta azaldu dira bihartik aurrerako agertokiaz. Diru laguntza jasotzeak baino, 2021eko programazioak arduratzen du gehiago Calonge. «Batetik, kulturgileok aintzat hartzen azkenak izango gara edozein kasutan, baina aurrenekoak doikuntzak egin behar badira. Eta, bestetik, ekoizpenen pilaketa bat egongo da. Aurtengoak datorren urtera igaroko dira, eta hurrengo urtean estreinatzekoak direnekin lehiatu beharko dira». Hala ere, iritzi dio «funtsezkoa» dela sorkuntzarako laguntzei eustea. «Sorkuntzarako laguntzak badaude, eta hori aitortu behar da. Baina laguntza horiek negozio helburua dute gero eta gehiago, asmo kulturala baino. Ezin zaie konpainiei errendimendu ekonomikoa eskatu laguntzen ordainetan».

Pikazak, berriz, «irtenbide estrukturalak» eskatu ditu krisiari aurre egiteko. «Aurretik zetorren prekarietatea areagotu du COVID-19aren krisiak. Eta orain behar dugu aurrera egiteko plan bat estrukturala izango dena, etorkizuneko kultur sistemaren oinarri izango dena. Adabakiek konpon ditzakete arazo batzuk, baina beti izango dira adabakiak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.