jakes goikoetxea
TOKIO 2020. SURIMIA

Kezka

2021eko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Tokioko Olinpiar Jokoetako abenturan ikusitako irudi surrealistenetako bat eta kezkagarrienetako bat Frankfurteko aireportuan izan zen, Alemanian. Hegazkina hartu beharreko atera hurbildu ginen, eta, atea zabaldu zutenean, ilaran jarri. Tabako usain sarkorra iritsi zitzaigun. Atzera begiratu, eta erretzaileentzako gela ikusi genuen. Irudia beldurgarria zen: kristalezko ateek guztiz ixten ez zuten gela bat, txikia, izurriteagatik gehienezko edukiera lau lagunera mugatua zuena, baina une hartan dozenatik gora hartu zituena. Dozenatik gora lagun, Orio eta Igeldo artean itsasotik sartzen den lainoaren pareko keak erdi ezkutatuta eta, nola ez, guztiak, erretzeko, maskara kenduta. Tartean, baita selekzioren baten txandala zutenak ere. Erretzaileek, jakina, geuk bezala, gero hegazkina hartu zuten. Eta bidaiari guztiok, otorduak ekarri zituztenean, maskara kendu genuen.

Eskoziako BBCk hiru laguneko lantaldea bidali zuen Tokiora. Hegazkinez, jakina. Aireportuko kontrol guztiak gainditu zituzten, eta iritsi ziren hotelera. Antolatzaileek ezarritako hiru eguneko itxialdia hasi zuten. Itxialdian zeudela, abisua jaso zuten: haien hegaldiko bidaiari batek positibo eman zuen, eta Eskoziako BBCko hiru ordezkariak positiboaren kontaktu estutzat hartu zituzten. Hegazkinetan jakina da bidaiari bakoitzak zein aulkitan bidaiatzen duen.

Zer esan nahi duen kontaktu estutzat hartzeak? Hasteko, PCR probak egitea, osasuna zaintzea. Guztiek emaitza negatiboak eman dituzte, eta ez dute sintomarik. Gero, hamalau eguneko itxialdia egin behar zutela, Japonian sartu ziren egunetik hasita. Olinpiar Jokoek hamazazpi egun irauten dute. Japoniara egun batzuk lehenago iritsita ere, hasterako ia bukatu dira Eskoziako BBCren Olinpiar Jokoak.

BERRIArenak izan zitezkeen. BERRIArenak izan daitezke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.