Kongoko Errepublika Demokratikoa

Gerraren ahots erresilienteak

Askotariko indarkeriak jasan eta kontatu dituzte: talde armatuek eragindakoak, katastrofe naturalenak, prostituzioarenak, esplotazioarenak. Eta elkarrekin irten dira bizirik guztietatik. Afem Hego Kivuko Emakume Kazetarien Elkarteari esker jaso eta swahilitik itzulitakoak dira lekukotzak.

maddi ane txoperena iribarren
Kalehe - Luhwinja
2022ko martxoaren 20a
00:00
Entzun

Irudiaren deskribapena

«Ez nekien haurdun ez gelditzeko metodorik zegoenik»
SAFI Katastrofe naturalen biktima bat

Itzultzailea irri urdurian hasi da elkarrizketatuari egindako galderaren erantzuna entzun duenean. Eta segidan eman du azalpena: «Ez zekien antisorgailuak existitzen zirenik ere!». 40 urte ditu Safik —izena asmatua da—, eta prostituzioan egiten du lan, horixe baita 2014an dena galdu zuenetik gelditzen zaion aterabide bakarra: «Luizi batek bizi nintzen herria lurperatu zuen». Soroan zebilen lanean, eta itzuli zenean lur multzo erraldoi bat baino ez zuen aurkitu lehenago etxeak zeuden lekuan: «Bortz seme-alabak, senarra, ama eta anaia, denak hil ziren». 120 emakume atera ziren bizirik, eta muino batean hartu zuten babes. «Hilabete egon ginen han; ez urik, ez janaririk, euriaren azpian, gaixo». NBE Nazio Batuen Erakundeak Kongoko Errepublika Demokratikoan duen Monusco misioko kasko urdinak agertu ziren arte: «Ura eman ziguten, eta lekuz aldatu gintuzten». Kaleheko herri batean bizi da orain, kanpoan, etxerik gabe, estalpe moduko batean. «Fabore sexualak onartzen ditut bizi ahal izateko».

Hilean hamabortz bat gizonekin oheratzen da, eta bakoitzak 2.000 libera ematen dizkio zerbitzu horien truke —dolar bat eskas—. «Baina batzuetan euren beharrak ase eta ordaindu gabe joaten dira». Bertzeren soroetan ere aritzen da lanean, baina are gutiago ematen diote horren truke: 1.500 bat libera.

Bertze bortz ume ditu orain, prostituzioan babesik gabe aritzearen ondorioz, eta ez daki hiesik duen ala ez: «Ez daukat dirurik medikuarengana joan eta testa egiteko, baina beti nago gaixo. Mina dut bularrean, aluan...».

Jatorrizko herrixkatik bizirik atera ziren 120 emakumeetatik 47 ari dira prostituzioan orain: «Konplikatua da; ez dakigu zer egin, ez dago non lan egin». Bertze batzuk oihanera joan ziren: «Eta bertze hainbat talde armatuek bahitu zituzten; ez dakigu deus haietaz». Aziendak emanez gero abeltzaintzan arituko litzatekeen galdegin dio itzultzaileak. Argitasunez bete zaio aurpegia.

«Medikuari ez nion deus erran bortxaketari buruz»
ZIGI Bortxaketa bat jasandako emakume bat

Gelara sartu denean isiltasuna egin da. Dinamizatzaileak duela ordubete kontatu du bortxaketa bat artatzen aritu direlako hasi dela talde dinamika berandu. Eta emakume hori da: atzo bortxatu zuten, baina etorri nahi izan du. «Kontatu egin nahi dut». Zapi bat dauka buruan, eta kendu duenean begi guziak joan zaizkio gainera. Burua alderik alde zeharkatzen dion benda zuri bat dauka, egin berri dioten zauria sendatzeko jarria. «Matxeteaz ebaki zidaten burua. Hortik aurrera, ez naiz deus kontatzeko gai».

31 urte ditu Zigirek —izena asmatua da—, eta bortz seme-alabaren ama da. «Baina ez daukat senarrik, eta egunero goizean goiz ernatzen naiz oihanera egur bila joateko». Bortxaketaren egunean goizeko bederatzietan atera zen etxetik, basora: «Urrun zegoen bide bat zen, kilometro anitz eginak nituen, eta iritsi nintzenean hiru gizon armatu ikusi nituen». Oihuka hasi zitzaizkion, eta harengana hurbildu ziren: «Hiru ziren, pistolaz eta matxetez armatuta». Bortxatu, jo eta ebaki zuten.

«Konortea galdu nuen zauriaren ondorioz, eta ez dut gertatuaren zehaztasunik. Ez dakit zenbat denbora pasatu zen, baina ernatu nintzenean bi emakume nituen ondoan». Besotan hartu, eta etxerantz lagundu zuten. «Min ikaragarria nuen gorputzean. Jada ilun zegoen, eta oinez itzuli behar genuen etxera». Bi emakumeei gertatua azaldu zien, eta erietxera eraman zuten: «Medikuari ez nion deus erran bortxaketari buruz, ez baineukan konfiantzazko pertsonarik aitzinean. Entzute klub nukleoetako emakumeak ez zeuden han». Buruko ebakia da sendatu dioten bakarra.

Irudiaren deskribapena
«Bortxaketetatik sortutako umeak erloju bonbak dira»
SEVERINE N'KATUANI Emakumeen laguntzaile psikosoziala

Severine M'Katuani hunkituta dago kazetarien presentziagatik: «Mirari bat da zuek hemen egotea, sinestezina baina egia». Emakumeen kontra «existitzen diren indarkeria mota guztiak» pairatzen dituen herri batera joan izana da miraria. «Sufrimenduan gaude», erran du goxotasunez. Katuanik ongi ezagutzen ditu indarkeria horiek, Kaleheko emakumeen laguntzaile psikosoziala baita, eta horiek entzuten eta babesa ematen egiten baitu lan. «Lehenik pasatakoa oroitarazi diezaioketen objektuak kentzen ditut gelatik; gero nire parean eserarazten dut, ez dezan beldurrik izan —garrantzitsua da posizioa—; neure burua aurkezten dut ondotik, eta zin egiten diot kontatzen didan hori niretzat gordeko dudala. Gertatua kontatzen didanean adi egon behar dut; blokeatzen denerako teknikak ditut». Behin eta berriz egin behar izan du, kontatzen duen egonarri berarekin.

«Emakume anitz erotu egiten dira bortxaketen ondorioz; ez dute beren burua aurkitzen», azaldu du. Baina arazoa ez da hor gelditzen. «Gizon afrikar batentzat, bere emakumea bortxatzen dutenean bere bihotza ukitzen dute». Eta gizonek andreak abandonatzen dituzte maiz. Emakumeak bortxaketen ondorioz haurdun gelditzen direnean arazoa okertu baino ez da egiten: «Bortxaketetatik sortutako umeak erloju bonbak dira, ez baitakigu horiekin zer egin. Gizarteak ez ditu onartzen. Eskuetan duzun fruitua zama bihurtzen da». Gogorra izan arren, konbentzimenduz hitz egiten du bere lanaz, 2004an hasi zenetik: «Eskolatik herrira itzuli nintzen, sentitzen bainuen zerbait ez zihoala ongi. Hiltzen banintzen, nire komunitatearekin hil nahi nuen».

Irudiaren deskribapena
«Etxera itzuli nahiko nuke, baina ez dakit nola»
JOELLE Mehatzeetako langilea

Joellek 28 urte ditu —ez du abizenik eman nahi—, lau seme-alaba, eta alarguna da: «Nire senarra militarra zen, eta gudu zelaian galdu zuen bizia. Baliabiderik gabe gelditu nintzen». Kongoko Errepublika Demokratikoko mendebaldetik lekualdatu zen Luhwinjara, eta Kadumwa meatzean egiten du lan orain. Harri xehatzailea da: «Diru pixka bat dudanean, bi dolar edo, gizonei erosten dizkiet harriak. Xehatu, garbitu, eta, zortea baldin badut, hiru edo lau dolarren truke sal dezaket urrea». Hala ordaintzen ditu alokairua eta umeen hezkuntza —eskola ordainpekoa da—. Baina «zori» kontua da guztia: «Batzuetan ez dago deus harrien barnean, eta esku hutsik itzultzen naiz etxera, dirua galduta».

Lehenago zuena baino hobea da orain egiten duen lana: «Lehen garraioan aritzen nintzen, eraikuntzarako, eta oso astuna zen» —bizkarrean eramaten dituzte kargak—. Oraingo baldintzak ere ez dira onak, ordea: «Harriak ukituta eskuak hondatzen zaizkit, eta gaixotasunak ere harrapatzen ditugu. Bizkarrean ere mina dut, makurtuta ibiltzeagatik. Ahul sentitzen naiz askotan, buruko minez». Aipatu du meatzeko gizonekin ere badituztela zailtasunak: «Bertze gizon batzuei saltzen diegu harri xehatua, eta guk ez dugu jakiten hor benetan urrerik dagoen ala ez. Ez dakigu egia erraten diguten».

Bortz urte igaro dira bere sorterritik alde egin zuenetik, eta familiarekin ez dauka kontakturik ordutik. Hori luke desira: «Etxera itzuli nahiko nuke, gurasoenera, han lantzeko moduko lurrak baititugu. Baina ez dakit nola, ez daukat baliabiderik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.