Kongoko Errepublika Demokratikoa

Eskuetan hartu dute bizitza

Kongoko Errepublika Demokratikoko Hego Kivuko emakumeek proiektu ugari jarri dituzte martxan jasaten dituzten indarkeriei aurre egin eta bizitzari modu autonomoan ekiteko. Genero ikuspegiko komunikabideak, aurrezki taldeak eta lan eta prestakuntza proiektuak dituzte abian.

maddi ane txoperena iribarren
2022ko martxoaren 20a
00:00
Entzun

Irudiaren deskribapena

Hedabideak. Kazetari elkarte bat baino zerbait gehiago da Afem, edo bertze modu batera ulertzen dute kazetaritza. Femme au Fone sistemak egunerokoan erantzuten dio indarkeriari.

Femme au Fone ala komunitate bideak

Teknikoki, ordenagailu bati lotzen zaion modem-pool bat da: sim txarteletara iristen den informazioa pantailan agerrarazten duen sistema bat. Humanoki, emakumeek indarkeria kasuez abisatu eta horiei aurre egiteko sare erraldoi bat, sinplea bezain konplexua, eta azkarra bezain eraginkorra. «Sakelako telefono batek bezala funtzionatzen du Femme au Fonek», azaldu du Raissa Kasongo proiektuaren arduradunak: «Baina alertak jasotzen ditu». Emakumeek Hego Kivuko komunitateetatik bidalitakoak.

«Begira, adibide bat: duela bi egun gizonezko batek alaba bortxatu zuen herrixka batean. Abisua bidali berri digu umearen amak». Ordenagailu baten pantailan agertu zaio Kasongori mezua, eta harekin lotutako datuak ere bai: herria, data, telefono zenbakia eta sailkapena —bortxaketa izan den, sorginkeria akusazioa, etxe barneko indarkeria—. «Hiru telefono zenbaki dauzkagu, konpainien arabera batera edo bertzera idatzi ahal izateko, bidaltzaileari komeni zaionaren arabera. Edonork bidal ditzake SMSak». Eta ez dira horretara mugatzen, gainera: «Abisua jaso ondoren, bidali duenari deitzen diogu, zer gertatu den hobeki jakiteko; eta, jendeak behar jakinen bat baldin badu, laguntzera goaz». Horretarako martxan dituzte emakume taldeak herrietan: entzute-klub nukleoak. Jasotako salaketa irrati bidez ere zabaltzen dute, andrearen izenik eman gabe.

Egunean 20-30 mezu jasotzen ditu Femme au Fonek, eta azken sei hilabeteetako salaketa nagusiak hauek izan dira hurrenez hurren, Kasongoren arabera: sorginkeria akusazioak, etxeko indarkeria eta bortxaketak.

Femme au Fone proiektua Afem Hego Kivuko Emakume Kazetarien Elkarteak sorturiko proiektuetako bat da. Bertzea, 2016an sorturiko Mama Radio genero ikuspegiko irratia. Komunitatea du irratiak ere abiapuntu: entzute-klub nukleoetako emakumeek elikatzen dute.

Irudiaren deskribapena

Hezkuntza. Irakurtzen, idazten eta zenbatzen ikasteak eguneroko bizitzaren kontrol handiagoa eman die Nyangeziko 180 emakumeri. Adinekoek ere ikasten dihardute.

Liberak zenbatzen jakitearen garrantzia

Julienne Mulengok 70 urte ditu. Francine Karholek, 75. Eta azken sei hilabeteotan bizitzan lehen aldiz ikasi dute biek idazten, irakurtzen eta zenbatzen. 180 emakume dauden gela baten erdian, irakasleak arbel beltzera deitu ditu.

Hurbildu da Mulengo, eta klarion zuriz idatzi du, bere letra onenez: ba, be, bi, bo, bu. Bukatu duenean, aho batez irakurri dute ikasgelan dauden emakume guztiek: «Ba, be, bi, bo, bu!». Txalo zaparrada eta irrintziak gela osoan zehar hedatu dira. Adin horretan ere posible da idazten ikastea.

«Lehen aldiz arbela ikusi genuenean, negarrez hasi ginen», kontatu du Mulengok. «Baina, pazientzia handiz, ikasi dugu, azkenean. Idazten eta irakurtzen ikasteko egarria genuen». Karholek kontatu du bere aitak ez zuela eskolara eraman txikia zenean: «Deialdia ikusi nuenean, segituan eman nuen izena». Eta azaldu du zergatik: «Zenbatzen ikasi nahi nuen, semeek dirua lapurtzen zidatelako. Orain ezin dute horrelakorik egin». Irakasleak diploma bana eman die adineko bi emakumeei, eta pozarren atera dute argazkia.

Baina ez dira bakarrak. FPM Pelagie Muhigirwa fundazioak antolatuta, Nyangeziko Maristen eskolan dauden 180 emakumeak alfabetatu ahal izan dira sei hilabetez. Eta gehiagok kontatu dute euren esperientzia: senarrak jasotzen dituen gutunak irakurri eta ulertu ditzakeela orain, batek; gizonak orain gehiago errespetatzen duela, bertze batek; seme-alabek ez zutela hark ikasterik nahi baina azkenean onartu dutela, hirugarren batek.

Caddy Adzuba FPMko presidenteak ohartarazi du ikaste prozesuaren garrantziaz: «180 emakume bazarete, eta batez bertze bortz ume badituzue, zenbat da hori?». «900!», erantzun du batek. «Bada, begira, zuek ikasi izanak 900 laguni eragiten die, ongi hezitako ume bat erreferentzia baita. Komunitate osoari eragiten diozue».

Irudiaren deskribapena

Lana. Hondarra atera, harria xehatu, adreiluak egin, laberatu eta garraiatu. Produkzio sistemaren kate osoa emakumeek egiten dute Nyangezin. Aurrezki talde kolektiboak dituzte.

Gizonezkoek kendu ezin dietena

Bere izenaren erranahia azaldu nahi izan du Sikitu Bukenik: «Pobrezia ez da ezer». Emakume adreilugileen presidentea da, eta ideiak barra-barra ditu etorkizunerako: «Prestakuntzak asko lagunduko liguke, hemen proiektu ugari egin baititzakegu: merkatuan gauzak saldu —irina, lekak—, gozotegi bat sortu, joskintza...».

Eta ez da orain arte deus egin ez dutelako: bi taldetan banatuta, adreiluak ekoizteko kate guzia emakumeek egiten dute Nyangezin. Nshobole M'Kaduzi langileak azaldu du prozesuaren hasiera: «Chanba errekatik hondarra eta harriak ateratzen ditugu, eta harriak xehatzen ditugu erreka bazterrean». Mailu txiki batez erakutsi du nola. «Horiek nahastuta, adreiluak egiten ditugu gero».

120 emakume daude harea uretatik ateratzen; eta, pixka bat urrunago, adreiluak sortu, laberatu eta garraiatzen, gehiago. Bizkarrean eramaten dute ekoitzitako adreilua, multzo handitan —joan-etorri bakoitzeko 200 libera irabazten dituzte; hau da, eurotan, hamar zentimo—.

Tabu Shangalumek koordinatzen ditu harea ateratzen duten emakumeak: «Hilean behin bilera egiten dugu, zehazteko zenbatean salduko dugun harea, haurrak nola zainduko ditugun... Eta, arazoren bat izanez gero, elkarrekin konpontzen dugu». Gaur egun daukaten arazo nagusia sortzen duten eraikuntzarako materiala ezin saldua da. Eta horregatik ari da Bukeni bertze proiektu batzuetan pentsatzen: «Saltzen ez dugun bitartean bertze zerbait egin nahiko genuke».

Arazoa ez da bezero falta: «Errepideak ez dira onak, eta logistika ere ez», azaldu du adreilugileen koordinatzaileak. Bukavu hiritik hurbil egonagatik, Nyangezira joateko bide bakarra lurrezkoa baita, eta handik dabiltzan kamioi eta autoak, guti —hiritik herrirako joan-etorrian emakume ugari ikusten dira askotariko kargak bizkarrean eta buru gainean, bero saparen azpian, oinez—.

Gizonik ez da ikusten inguruan: ez adreiluak ekoizten, ezta garraiatzen ere. Lwambo Chiza Mahi FPM Pelagie Muhigirwa Fundazioko langileak azaldu du zergatia —gizonezkoa da bera ere—: «Emakumezko hauen senarrak dama jokoan aritzen dira, eta edanean galduta daude». Gehiago xehatu du esplikazioa: «Batzuek lan egiten dute, baina bertzeak zain egoten dira, emakumeek dirua etxera noiz ekarriko». Gizonek kudeatzen baitute etxeko sosa: «Dirua edarian xahutzen dute gero. Indarkeria ekonomikoa da».

Aurrezki taldeei esker

Bada diruaren zati bat senarren eskuetatik kanpo gelditzen dena, ordea. FPMk sustatuta, emakumeen aurrezki kolektiboko taldeak sortu baitituzte Nyangezin. Eta horiei esker jarri dituzte martxan hainbat proiektu: tartean, adreiluen ekoizpenarena. «Emakume gehienek ezin dute krediturik eskatu, maizterrak direlako», azaldu du Mahik. Eta aurrezki taldeek laguntzen diete proiektuetan inbertitzen.

Emakume bakoitzak diru kopuru bat jartzen du aurrezki kutxa kolektiboan, eta emakumeetako bati uzten diote diru guzia, inbertsioa egin dezan. Ondotik, emakume horrek dirua itzuli behar du, bertze batek erabili ahal izateko. Eta itzultzen ez duenari zigorra jartzen diote, edota jabetzak konfiskatu. «Arau zehatzak dituzte; ardura kolektiboa da», dio Mahik.

Gehienez ere 25 eta 30 emakume artekoak dira taldeak. Mahi: «Kide bakoitza arazo bat da; beraz, taldeak mugatzen ditugu, arazoak mugatzeko». Elkartasuna da gizonezkoek kendu ezin dietena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.