Bozak «aitzakiarik gabe» aurreratzera deitu du Boluartek Kongresua

Dimisio eskariei erantzunez, Peruko presidenteak adierazi du ez duela agintea utziko. Herritarren %83 hauteskundeak 2026. urtearen aurretik egitearen aldekoak dira, inkesta baten arabera

Dina Boluarte Peruko presidentea, atzo, bere gobernuko ministroek inguratuta, prentsaurreko batean. L. IPARRAGUIRRE / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2022ko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Dina Boluarte Peruko presidenteak hedabideen aurreko agerraldia egin zuen atzo, herrialde hartako krisi politikoari buruz mintzatzeko. Azken egunetan agintea uzteko egin dizkioten eskariei erantzunez, estatuburuak erantzun zuen ez duela halakorik egingo. «Zer konpontzen da nik dimitituta? Konpontzen al da arazoa?». Boluarteren esanetan, «tinko» eutsiko dio «Kongresuak hauteskundeak aurreratzea erabaki arte». Hain zuzen, urrats hori egitera deitu zuen ganbera, giroa baretze aldera.

Peruko Kongresuak baztertu egin zuen, herenegun, bozak aurreratzeko gobernuak egin zion proposamena. Erabakia konstituzio erreforma baten bidez gauzatu beharko litzateke, eta, horretarako, ganberaren bi herenek babestu behar lukete neurria: 87 boto, gutxienez. Bozketan 49 legebiltzarkidek egin zuten alde, 33k kontra, eta 25 abstenitu ziren.

Erabakia berriz aztertzeko exijitu zion Boluartek Kongresuari, «aitzakiak» eta «2026ra arte gelditzeko asmoak» alde batera utzita. Pedro Castillo presidente kargugabetua 2021ean hautatu zuten estatuburu, eta indarrean den legealdia 2026an amaituko da, aurrerapenik ez bada. «Ez zaitezte itsuak izan. Begiratu herritarrei, eta ekin», mintzatu zitzaien presidentea diputatuei. Herritarren %83k nahi dute hauteskundeak aurreratzea, Peruko Ikerkuntzarako Institutuak argitaratu duen inkesta baten arabera.

Krisi politikoak abenduaren 7an jo zuen goia. Castillok Kongresua desegiteko agindua sinatu zuen, ganbera haren kontrako hirugarren zentsura mozioa eztabaidatzekotan zenean. Poliziak atxilotu egin zuen handik ordu gutxira, eta Kongresuak kargugabetu. Castilloren presidenteorde Boluartek hartu zuen agintea.

Ordutik, krisi politikoan murgilduta dago Peru, egoera politiko polarizatuan, eta tentsio handia ere badago, gutxienez 21 lagun hil baitira liskarretan. Izan ere, protesta jendetsuak izan dira herrialdean Castilloren alde eta Boluarteren dimisioa exijitzeko. Abenduaren 14an eta 15ean izan dira mobilizaziorik handienak. Manifestariek bost aireportu hartzea eta dozenaka errepide ixtea lortu zuten.

Peruko armadako buruzagiek atzo adierazi zutenez, militarrak eta poliziak blokeo horiek desegiten ari dira pixkanaka, baina estatuko indarren esku hartzeak kritika ugari eragin ditu nazioartean eta herrialde barruan. Kultura eta Hezkuntza ministroek dimisioa eman zuten herenegun, protesten kontrako «neurrigabeko erantzunarengatik». Ostiral gauetik, indarrean da etxeratze agindua mobilizazio gehien izan den eskualdeetan.

Boluartek gaitzetsi egin ditu liskarrak, eta «talde biolento» batzuei egotzi dizkie. «Talde gatazkatsu horiei galdetzen diet zer helburu duen aireportuak hartzeak, polizia etxeak erretzeak. Horiek ez dira mobilizazio baketsuak». Presidenteak nabarmendu du bozketak aurreratzeko eztabaida Kongresuan dagoela eta han konpondu behar dela auzia.

Gaineratu duenez, ez du ulertzen zergatik eskatzen ari zaizkion dimititzeko. «Agindu konstituzional bat betetzen ari naiz», esan du. «Ez al nauzue ikusi kanpaina egiten [Castillorekin batera]? Ni ere 2021eko bozetan hautatu ninduten. Ez dut hemen egotea eskatu. Pedro Castillo presidentea ahal izan dudan adina babestu dut». Boluartek matxismoarekin lotu zituen presidente kargua uzteko eskatzen diotenen jarrera.

«Aurrez antolatuta»

Perun azken egunetan izan diren liskarrak «aurrez antolatuta» zeuden, Boluarteren ustez. «Talde biolento horiek ez dira bat-batean sortu». Ideia bera nabarmendu dute presidentearekin batera hedabideen aurrean agerraldia egin duten estatuko indarretako buruzagiek ere. Salatu dute taldeek herrialdearen azpiegitura kritikoei egin dietela eraso: oliobideei, gasbideei eta zentral hidroelektrikoei, besteak beste.

Ayacuchoko aireportua hartzea ere ondo hausnartutako ekintza bat izan dela uste du armadak. Nabarmendu du azpiegitura hori estrategikoa dela, haren bidez ari baita gobernua poliziak eta militarrak bidaltzen protestak dauden tokietara. Errepideak itxita eta aireportua erabili ezinda, estatuak ez luke gaitasunik izango mobilizazioei erantzuteko, buruzagi militarren esanetan.

Talde horiek «gutxiengo bat» direla ziurtatu dute, eta «herrialdeko arrakala soziala» baliatzen ari direla baliabide ekonomiko urriko herritarrak beren nahitara erabiltzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.