'Green Book' filma izan da garaile nagusia Urrezko Globoetan, hiru sarirekin

'Bohemian Rhapsody'-k eta 'Roma'-k bina sari eskuratu dituzte. Rami Malekentzat eta Glenn Closerentzat izan dira aktore onenaren aitortzak

Erredakzioa
2019ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Peter Farrellyk zuzendutako Green Book filma izan zen garaile nagusia atzo goizaldean Los Angelesen (AEB), Urrezko Globoak banatzeko ekitaldian: hiru sari irabazi zituen, tartean komedia onenarena. Harentzat izan ziren, halaber, taldeko aktore onenaren (Mahershala Ali) eta gidoi onenaren (Nick Vallelonga, Brian Currie eta Farrelly bera) sariak ere.

Bohemian Rhapsody-k bi sari jaso zituen, Freddie Mercury abeslariaren bizitza ardatz duen lanak: drama onenarena eta gizonezko aktore onenarena —Rami Malekek jaso zuen, Mercuryren rolaean egindako lanagatik—. Halaber, Alfonso Cuaronen Roma filmak ere bi Globo lortu zituen: atzerriko film onenarena —ez dagoenez ingelesez filmatuta, ez zuen film onenaren sailean lehiatzerik— eta zuzendari onenarena. Cuaronek eskerrak eman zizkien bai Netflix ekoizleari, bai filmeko aktoreei, bai bere bizitzan izan diren emakumeei: «Film hau Libok [umetan bera hazi zuen emakumea], nire amak, nire familiak... zuzendu dutela sentitzen dut».

Lehiarik handienetakoa emakumezko drama aktore onenaren saria eskuratzeko egon zen, eta, azkenean, Glenn Closentzat izan zen garaikurra, Bjorn Rungeren The Wife filmean egindako lanagatik. Aktoreak amari eskaini zion saria. Komediako emakumezko aktore onenaren saria, berriz, Olivia Colmanentzat izan zen, Yorgos Lanthimosen The Favourite filmean egindako interpretazioagatik. Taldeko emakumezko aktore onenaren saria, berriz, Regina Kingek lortu zuen, Barry Jenkinsek zuzendutako If Beale Street Could Talk filmean egindako lanari esker.

Aurreikuspenak bete gabe

Urrezko Globoen atarian beti izaten dira aurreikuspenak, baina ez dira beti betetzen. Ezta aurten ere. Adam McKay zuzendariaren Vice filmak zuen izendapen gehien, sei guztira, baina bakarra baino ez zuen lortzerik izan; komediako aktore onenarena eraman zuen Christian Bale protagonistak, Dick Cheney AEBetako presidenteorde izandakoaren rolean egindako lanagatik. «Eskerrak Satani, inspirazio iturri izateagatik», esan zuen aktoreak.

A Star is Born zen gaueko beste faborito nagusia, baina abesti onenaren saria bakarrik eskuratu zuen, Shallow piezari esker.

Ekitaldi berean, ohorezko saria eman zioten Jeff Bridges aktoreari, zineman egindako ibilbideagatik; baita Carol Burnetti ere, telebistan egindakoagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.