Aitor Renteria.
Iparraldeko 2014ko herri bozak. Lehen itzuliaren ondorena. Analisia

Garai berriak, bai

2014ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Aldaketa garaia nabari da. Iragana da jaun (gutxi batzuetan) handien aroa. Joanak dira Borotra Miarritzen, Alliot Marie Donibane Lohizunen, Grenet Baionan. Aulkiak beteko dituzten izenak, aldiz, izana, programa, proposamena beharko dute. Ez da osorik horrela gertatzen Baiona-Angelu-Miarritze hirigunean. Baina gako berriak plazaratu dira; horien artean nabarmenena, abertzaleen indarra.

Ezpainetan eza izatetik, proposamen jarioari ekin diote. Alternatibak plazaratu dituzte, eta, instituzioaren eta euskararekin gertatu bezala, baia izan da bizkarrezur. Lehenik, aro berrien abaroan, abertzaleen indarrak bilduz eta zerrenda irekiak osatuz, ezkerreko militanteak barneratuz zerrendetan, ekologistak, gizarte eragileak.

Proposamenaren aroa zabaldu da Baionan. Zerrendaburu ezaguna eta gainerateko indarrekin eztabaidatzeko prest, izaerari eta programari uko egin gabe.Urrats historikoa, lehen aldiz %10aren langa gainditu duelako. Lagun izan du abstentzioa. Ehunekoen liluratik urruti, boz kopuruan egin dute gora abertzaleek herri gehienetan. Baionan, 508 boz. Eta ausardia erakuts dezake, gaur berean Ezkerreko Frontearekin indartzea deliberatuz. Ezkerreko erreferentzia bihurtzea, etorkizun hurbilerako urratsa.

Miarritze da abertzaleen ispiluaren bertze aldea. Boterean ziren Borotrarekin eta herritarrei proposamena aurkeztu eta konfiantza berrestea eskatzearen ordez, Veunac zentristaren zerrendan urtzea deliberatu dute, lehen itzulitik. Mezu propiorik gabe, urtu dira eskuinaren goratzean. Angelun, txiki baina duin, %5. Lan jarraikiaren ordaina jaso dute Urruñan, Donibane Lohizunen, Ziburun, Hendaian, Uztaritzen, Hazparnen. Kasu batzuetan, lehen indar; bertze batzuetan, bigarren indar, baina oposizioko erreferentzia bihurtuz. Abertzaleen mintegia ez da barnealdera mugatzen. Hori da hauteskundeetako mezua.

Sozialistek badute zer gogoetatu. Frantziako zaflakoa bildu dute, Frantziako diskurtsoa duten tokietan. Baionan ez dute aski indar erakutsi, Miarritze ezinezko dute, eta Angelun Espilondok ez du eskutokirik. Ezkerreko indarrek ere, ez dute sostengatzeko gogo handirik. Horiek dira Lurralde Elkargoaren xedea baztertu eta Landetako hegoaldeari begira jarri direnak. Alderdi sozialistaren adar jakobinoaren porrota izan daiteke. Alderantziz, Ezenarroren kasua Hendaian. Sozialistek gobernatzeko aukera badute, ohiko jarrerak aldatu beharko dituzte.

Zentrista izan da luzaz Ipar Euskal Herria. Lasserren itzala ahulduz joan ahala, Brissonena nagusitzen ari da. Departamenduko UMPko buruak Miarritze har dezake, lagun duelarik Olive Angelun. Baiona Etxegarai zentristaren esku gelditurik, erabat indartuko lukete eragina Hiri Elkargoan eta ondorioz, Ipar Euskal Herrian. Balizko metropoli xedea gustuko ariketa ukanen dute, gainera. Azken orduko itzulipurdia egitea delibera dezake Veunacek. Burua Brissoni utziz, haren zerrendarekin bat eginez. Postura txarrean leudeke horretan abertzaleak.

EAJk «pertsonalitateak» ekoitzi nahi ditu, ikusgarritasuna galtzearen truk, zentrista eta bereziki eskuinarekin tratua eginez, hautetsiak irabazteko.

Baina erronkarik handienak galdera ikurra du. Herri Elkargoen osaketa eta, Parisek agindurik, nola antolatuko litzatekeen Ipar Euskal Herri osoa bilduko lukeen egitura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.