enekoitz esnaola
ANALISIA

Hauteskundeen aurrerapena

2016ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Harrigarria izan zen Rajoyk iaz ez deitzea Espainiako bozetara Kataluniako hauteskunde plebiszitarioekin batera, bai baitzuen aukerarik prozesu independentista zeharo trabatzeko. Izan ere, Katalunian historikoki alderdi unionistek askoz emaitza hobeak lortu dituzte hauteskundeak Espainiako Gorteetarakoak izanda. Kataluniakoak eta biak batera inoiz ez dira egin, eta ikusi egin behar zer gertatuko zen, baina egun berean egiteak erkidegoko bozetan unionistei egingo lieke mesede. EAEn ere sekula ez dira bi hauteskunde batera izan, baina Urkulluk esan du Espainiakoak ekainaren 26an badira berak ez duela baztertzen Eusko Legebiltzarrerakoak ordurako deitzea, eta ez, berez, udazkenerako. Gertuegi ei leudeke biak bestela, gastuak aurreztu behar, Espainiako bozak berriro baleude maiatzeko eta ekaineko giroak ez omen luke mesederik egingo hemen... Harrigarria Urkulluk aurreratzeko burutazio hori izatea, Jaurlaritzaren hiru ardatz programatikoetatik bi bakegintza eta erkidegorako estatus politiko berria izanik. Orain arteko bozak kontuan hartu, eta ikusten da EAEkoetan talde abertzaleek Espainiakoetan baino emaitza hobeak lortzen dituztela. Lagin txiki modura, bost adibide:

1. 1986an bost hilabeteren tartearekin izan ziren bi bozak —lehenik, Espainiakoak—, eta talde abertzale nagusiek EAEkoetan 10 puntu gehiago erdietsi zituzten; unionistek, 10 puntu gutxiago.

2. 1989-Espainia / 1990-EAE: abertzaleek erkidegoko hauteskundeetan estatalekiko +6 puntu, unionistek, -3 puntu.

3. 1993-Espainia / 1994 -EAE: abertzaleek +8 puntu, unionistek -9 puntu.

4. 1996-Espainia / 1998-EAE: abertzaleek +9 puntu, unionistek -5 puntu.

5. 2011-Espainia / 2012-EAE: abertzaleek +8 puntu, unionistek -9 puntu.

PSE-EE eta PP beheraka doaz EAEn, eta, Ahal Dugu-ren sarrerari esker, bakegintzaren eta estatus politiko berriaren ardatzak gauzatuz joateko aukera sendoak sor daitezke. Are sendoagoak erkidegoko bozak ez eginez gero Espainiakoekin batera. Zenbakiek diote hori. Urkullu lehendakariaren esku dago deialdia, data. EAJk legealdi honetan lehentasunezko harremana du PSE unionistarekin, baina horrek ez dio onurarik ekarri bakegintzan eta estatuspolitiko berrian. Eta PSEk aulki gehiago lituzke bi hauteskundeak egun berean balira, bestela baino.

Urkulluk bozak aurreratuz gero, erabakia kontrako eztarrira joango litzaioke EH Bilduri; eta han, bereziki, ezker abertzaleari, Abianeko estrategia berria garatzen hasteke dela. Baina hori ezker abertzalearen arazoa da, berak kudeatzen baititu bere estrategiako denborak, eta, kanpoko halako faktoreengatik, arriskua du berriro berandutxo edo atzetik ibiltzeko. Arraizek, aurrerapenak euren estrategiari mesederik egingo ez liokeela aipatzeke baina hain segur hori gogoan duela, Urkulluri eskatu dio ez ditzala bozak Espainiakoekin batera jarri, eta noiz izango diren oraintxe argitzea ere galdegin dio. Logikoa da azken eskaera ere, Urkulluk ezegonkortasun edo ez-ziurtasun egoera bat sortu baitu aurrerapenarena botata. Gainera, besteek ez bezala, EAJk jakin dezake noiz izango diren EAEko hauteskundeak, eta hori abantailarekin jokatzea da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.