«Gure herrian badago arrazoi etiko bat autodeterminazioa eskatzeko»

enekoitz esnaola
2019ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
ETA osteko garaian euskal politikan gerta daitekeenaz jakin-mina duela aitortu du Javier Sadabak.

Zein da zure jakin-mina?

Indar abertzaleek zer egingo duten da orain interesatzen zaidana. EAJk egingo duena aurreikus daiteke, halako alderdi bat baita. Baina nola eboluzionatuko du ezker abertzaleak? Ez naiz inor EH Bilduri ezer aholkatzeko, baina, agian, ez luke hainbeste izan beharko EAJren bidelagun edo ez lioke hari hainbeste egin beharko akonpainamendua. Programa independentista argi bat izan beharko luke, eta politika sozial propio bat, kultura popular indartsu batekin. Biek erabakitasun handiagoa izan behar dute, badago-eta arrazoi etiko bat autodeterminazioa eskatzeko, gu bezalako herrien eskubide bat delako.

Lor al daiteke aitortza hori?

Lortu zuen Quebecek, lortu zuen Eskoziak, eta ez gara ari koloniez hizketan. Espainiako Estatuan zaila dago. 1978ko Konstituzioak ez zuen jaso autodeterminazioa, baina demokrazia edozein konstituzioren gainetik dagoenez, negoziatu daiteke eskubide horren aitortza eta gauzatzea. Segitu, eta bestea konbentzitzen saiatu beharko da, inteligentzia eta abilezia izanik. Historia sekulako abiadan aldatzen ari dela ikusten dugu, eta lortu ezinak direnak lortzekomodukoak bihurtzen direla.

Ezin bada paktatu, zer?

Azkenean, paktatu egin behar da. Estatu bat izan daiteke erabat independentea, izan daiteke estatu ko-burujabea, konfederala, federala… Aukera bat edo bestea paktatu daiteke. Baina euskal estatua nahi dutenak ez dabiltza aukera horiez hizketan. Alternatibak jarri behar dira mahai gainean, eta gero adostutako erreferendum bat egin. Hiru aukera plantea daitezke, nire ustez: guztiak berdin segitzea, erdibideko egitasmo bat —nik uste hori zela Ibarretxe Plana [EAEko 2004ko Estatutua]; eta nahikoa ongi zegoen egina— eta erabateko independentzia.

Euskal Herrian erabakitzekoeskubideaz hitz egiten da.

Ez zait bereziki gustatzen termino hori. Nazioarteko testuetan autodeterminazio eskubidea dator, ez erabakitzeko eskubidea. Hau anbiguoagoa da. Harira joan behar da, eta termino kontu honetan ez nuke batere amore emango.

Zer zeregin du gizarte zibilak?

Ni nahikoa antipolitikoa naiz. Alderdiak erraz konpontzen dira elkarrekin; denei axola zaien zerbait badago, albo batera uzten dituzte diferentziak eta moldatzen dira. Ez nuke esango alderdi politikoengan dudan konfiantza hutsaren hurrengoa denik, baina bai oso txikia dela. Gizartean erein behar da. Oso indartsua izan behar du gizarteak, hitz egin behar du. Beraz, lehendabiziko lana: jendea hezi. Izan dadila bere ekintzen erantzule, eta erantzukizuna eska diezaiela besteei. Politikariak ez dira gure jabeak.

Nola dago euskal gizartea?

Madrilen bizi naiz, baina badaukat harremanik Euskal Herriko jendearekin, eta esango nuke ETAren osteko garaian pentsatzen zena baino egoera hobean dagoela euskal gizartea. Zain dago, baina giro aldetik lasaiago ikusten dut. Orain arte hitz egiten ez zen jende bat elkarrekin ikusten duzu. Giro hori nabaritu nuen lehengo astean Bilboko manifestazioan. Heldu egin behar du egoera honek; intelektualki, lehenik. Baina intelektualki esaten dudanean, ez naiz ari abstrakzioaz; gauzak pentsatu egin benar dira, gero programa bat edukitzeko, jakiteko zer nahi den. Jakin eta gero jarriko dira baliabideak. Pentsatze eta jakite kontu horietan ikusten dut euskal gizartea okerrago giroan baino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.