Independentistek agintzeko arriskuaz ohartarazi du asteon Feijook. Espainian handik alde egin nahi dutenek agintzekoaz. Horregatik eskaini, eskatu edo erregutu zion Sanchezi babes dezala, bi urterako bada ere.
Independentistek jakin badakite ez dutela Espainian aginduko, eta ezta nahi ere. Baina badakite beren lurraldearen jabe izango badira Espainiarekin (ere) konpondu beharko dutela. Eta horretarako aukera ona dutela, Espainiako gobernabidea zalantzan den honetan. Horregatik dago mahai gainean nazioen gaia. Ez da kasualitatea Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak «estatuaren plurinazionaltasunean aurrera egiteko» proposamena egin izana. Agintean egon den urteetan ez da lehentasuna izan beretzat. Baina orain, katalanak ere tiraka dabiltzanean, eta Eusko Legebiltzarrerako bozak gertu direnean, gaiari eustea erabaki du. PPk eta PSOEk abertzaleen botoak behar dituzte, gobernua eskuratuko badute. Beraz, gai garrantzitsuak mahai gainean jartzeko une egokia da. Hala ere, gai horiek mahaian eduki behar dira beti. Serio eutsi. Eta ez koiunturaren arabera bakarrik. PSOEk katalanen, galegoen eta euskaldunen babesa lortzen badu, aukera interesgarria irekiko da. Indar metaketarako aukera ona izango da. Lan eta elkarlan asko eskatuko duena, eta jarraitutasuna.
HIZPIDEAK
Aukera nazioentzat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu