Erresistentziaren arrasto biziak

1936ko abuztutik irailera bitartean, gudariek tropa frankisten aurkako erresistentzia egin zuten Belkoainen, Adunan. Erabili zituzten obusak eta balak aurkitu ditu Aranzadik. Bideoa albistearen amaieran.

Indusketetan topatutako arrastoak erakutsi dituzte. GORKA RUBIO / FOKU.
Aduna
2019ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Erresistentziaren arrasto biziak aurkitu dituzte: obusak, balak, kanoien aztarnak eta abar. 36ko gerran, gudarien eta frankisten arteko guda leku izan zen Belkoain mendia (Gipuzkoa). Adunatik pare bat kilometrora dago. Gazte talde bat indusketa lanak egiten ari da Aranzadi zientzia elkarteko kideekin batera, eta haiek aurkitu dituzte arrastoak. Aztertzen ari dira tropa frankisten aurkako erresistentziak zer mugimendu egin zituen. Artilleria eta lubaki lerroak jarraitzen ari dira hartarako.

Adunan gazteak egiten ari diren indusketa oroimen historikoaren inguruko programa baten parte da. Seigarren urtea dute Belkoain ingurua aztertzen. Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera, inguruko herrietako udalak dira bultzatzaileak: Aduna, Asteasu, Larraul eta Zizurkil.

Juantxo Agirre Mauleon Aranzadiko idazkari nagusiak adierazi duenez, jakina zen errepublikanoek Belkoainen bi kanoi jarri zituztela gerra garaian, 1936ko uztailetik irailera. Inguru hori, ordea, tropa frankistek hartu zuten. Kanoiak Zizurkil aldera bideratu zituzten frankistek, han baitzegoen Azpeititik Kandido Sasetak antolaturiko gudarien erresistentzia. Orain arteko indusketetan, ordea, ez zuten aurkitu obus zatirik. «Baserriz baserri ibili gara galdezka, lur azpian ez genituelako aurkitzen», kontatu du Agirre Mauleonek. Herritar batek eraman ditu leku zehatzera: Angel Usabiagak. Aitak esanda zuen kanoien berri. Hainbat pieza aurkitu dituzte —atzo erakutsi zituzten batzuk—. Horietako batzuk lehergaiez beteta daude, baina, Aranzadiren arabera, ez dute arriskurik. Hala ere, metalak antzemateko gailu batekin ari dira indusketan.

Belkoaingoa «lehen erresistentzia guneetako bat» izan zen, Aranzadiko arduradunaren arabera; Azpeitiko Eusko Gudarosteko erresistentzia gunetik bidaltzen zituzten gudariak hara, tropa frankistei aurre egiteko. Ez dakite kopuru zehatzik, baina uste dute 1.000-1.500 pertsona ibili zirela inguruan. Urteotako indusketa lanetan lortutakoa goraipatu dute udalek.

[youtube]https://youtu.be/gcbqawUhgLs[/youtube]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.