Koronabirusa

Irailaren 7tik izan den kutsatu kopuru apalena atzeman dute Nafarroan: 134

Ion Orzaiz.
2020ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Beherantz. Hego Euskal Herriko positiboen kurbak apaltzera jo du azken egunetan, eta joera hori indartu zen ostiralean eginiko proba diagnostikoekin. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak emaniko datuen arabera, 15.460 PCR eta antigeno proba egin ziren ostiralean, eta horietatik 1.001ek eman zuten positibo. Positibo tasa %6,4koa da Hego Euskal Herrian.

Lurraldeka, Nafarroak du beheranzko joera nabarmenena, gaitzaren transmisioari dagokionez: ostiraleko probek irailaren 7tik atzemandako positibo kopururik txikiena eman zuten herrialdean: 134 —bezperan baino 28 gutxiago—. Nafarroako Gobernuak nabarmendu duenez, 2.296 PCR proba egin zituzten, eta, horren arabera, positibo tasa %5,8koa da, azken egunetan erregistratutakoaren pare. Gipuzkoan, 365 positibo atzeman zituzten —aurreko egunean baino 47 gutxiago, azaroko datu apalenetan bigarrena—; Bizkaian, 385 izan ziren —bezperan baino 27 gutxiago—; eta Arabak eutsi egin zion aurreko eguneko datuei, 107 kasu gehiago detektatu baitzituzten, ostegunean baino bat gutxiago.

Bost hildako gehiago

Positibo berrien jaitsierak, baina, ez du islarik izan hildakoen kopuruetan. Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, COVID-19an positibo emaniko bost pertsona hil ziren ostiralean: lau gizonezko eta emakumezko bat, 78 eta 95 urte artekoak.

Ospitaleetako presioari dagokionez, alde nabarmena dago lurraldeen artean. Nafarroan, lehenago iritsi ziren transmisio kurbaren gailurrera, eta egun gehiago daramatzate beheranzko joeran; ondorioz, ospitaleen okupazio maila ere jaisten ari da pixkanaka. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, joera bestelakoa da oraindik: 48 paziente ospitaleratu zituzten atzo, bezperan baino 14 gehiago.

ZIUetako egoerak ere kezka eragiten du: 188 pertsona daude Hego Euskal Herriko ospitaleetako zaintza intentsiboetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.