Adiskidetasun Hitzarmena. Horixe sinatzekoak dira gaur Emmanuel Macron Frantziako presidentea eta Pedro Sanchez Espainiakoa, Bartzelonan. Bi estatuen arteko harreman estua borobiltzeko helburua du ekitaldiak, eta eman dioten garrantziaren adierazle da bi gobernuetako hogei ministro inguru direla elkartzekoak Kataluniako hiriburuan. Horien artean egonen ez dena Olivier Dussopt Frantziako Lan ministroa da, Macronek guardia egiten utzi baitu sindikatuek gaur erretretaren erreformaren aurka deitu duten mobilizazio eguna dela eta.
Ez da goi bilerako protagonistei eraginen dien protesta bakarra izanen, Bartzelonan bertan ere mobilizaziora deitu baitu ANC Biltzar Nazional Katalanak, Kataluniaren naziotasuna ukatzen duten bi estatuen aurka. Deigarria da bi gobernuetako agintariek hain garrantzitsutzat jo duten hitzarmen bat ez sinatzea errepublikaren edo erresumaren hiriburuetan. Sanchezen aldetik, ez du preseski ausaz hartutako erabakia ematen.
Izan ere, bi estatuek beren nazio izaera egonkorra eta naturala dela erraten badute ere, nolabaiteko beharra adierazi dute bien harremanak sendotzeko hitzarmen bat ustezko batasun natural hori zalantzan paratzen duen toki batean egiteko. Pirinioetako Hitzarmenaren sindromea izanen da.

HIZPIDEAK
Pirinioetako Hitzarmenaren sindromea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu