Estatubatuarren artean, 30 urtetik gorakoen %93k oso ondo gogoratzen dute non zeuden eta zertan ari ziren Irailaren 11ko erasoak gertatzean. 25 urtekoen artean %42 dira, eta hortik behera ez dute oroitzapenik, noski. Gazteegiak dira ezertaz gogoratzeko; haren ostean jaio zirenak ere adinez nagusi dira jada, eta beste modu batean bizi dute urteurrena.
Nagusientzat bizitzako gertakaririk garrantzitsuena izan zen, eta gazteek, berriz, etxean, eskolan eta hedabideetan jaso dute. Hogeitaka dituztenek lehen urteetako omenaldiak eta lekukotzak bizi izan zituzten, baina beherakoei historiako zati bihurtu zaie. «Esan dizutelako egiten duzu omenaldia, ez ezer berezirik senti dezakezulako. Txikiegiak ginen, eta ez dugu aparteko loturarik. Badakigu izugarria izan zela, noski, baina beste gertakari garrantzitsu ugari ere izan ziren historian», dio Tylerrek Tenleytown auzoko metro irteeran.
Ikasle asko dabil inguruan, Wisconsin etorbidearen goiko aldean American Unibertsitatea baitago. Ikasturte hasierarekin lotu duten unea da, baina ohartzen dira ordutik bizi izandakoak gertaera haren ondorio direla neurri handi batean: «Txikitatik polizia asko ikusi ditugu, oso kontrol zorrotzak, metroan, aireportuan, segurtasuna eta beldurra barneratu ditugu», dio Emilyk. Harekin doan Nickyk ñabardura egin du: «Orain, esango nuke beldurra handiagoa dela beste eraso mota batekin, ikastetxeetan edo saltokietan ikusitakoak, adibidez».
Amy Zegart Stanford Unibertsitateko irakasleak gogora dakarrenez, haren ikasleek «sentimendu indartsuak izan ohi zituzten», esperientzia pertsonalak, Iraken edo Afganistanen egonak ziren armadan: «Zehaztasunak nahi zituzten, eta nik konplexutasunak erakusten nizkien. Eztabaidak pizten ziren. Orain, ikasleentzat Irailaren 11 urruneko historia da, aspaldi gertatutako zuri-beltzeko gertakarien arteko bat. Denboran urruntasunak badu onurarik, baina eragozpenik ere bai: giza elementua gelditzen da».
Tenleytown eta Chevy Chase auzunean dauden ikastetxeetan ere, Woodrow Wilson institutuan eta Alice Deal eskola ertainean—11-13 urte artekoentzat—, omenaldia antolatu dute. Larunbata izanik eta pandemiarengatik hartutako neurriak kontuan izanda, ohi baino jende gutxiago espero dute, baina borondatez joandakoak izango dira behinik behin. «Gure eskola sisteman, National Geographicen jardunaldietara zihoazen hiruna ikasle eta irakasle galdu genituen», dio Nil Derdie Alice Dealeko zuzendariak.
XX. mende amaierako mundua beste planeta bat iruditzen zaie nerabeei eta gazteei: orduko estetika, sakelako telefono gutxiko gizartea —haietan kamerarik ez, bistan da-. Baita segurtasunari dagokionez ere, dio American Unibertsitateko ikasle batek: «Irailaren 11ren aurretik jendea nola bizi zen irudikatzea zaila egiten zaigu. Ziur aski seguruago sentituko ziren, konfiantza handiagoz, ez etengabeko beldurrez. Ezingo zuten pentsatu horrelakorik gerta zitekeenik, noski».
I-11k hogei urte
Gazteenentzat, historiako pasarte bat
XX. mende amaierako mundua beste planeta bat iruditzen zaie nerabeei eta gazteei, eta beste modu batera bizi dute Irailaren 11ren urteurrena. Ikasturte hasierarekin lotzen dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu