inaki petxarroman
HIZPIDEAK

'Somotoko alkate anderea'

2023ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
Minduta azaldu zen 2011n Ana Urtxuegia Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) alkate ohi sozialista, Somoton (Nikaragua) ustez egiten ari zen irregulartasunez hitz egiteko Eusko Legebiltzarrean egin zuen agerraldian: «Hemen moral bikoitza izan da emakume izateagatik. Gogotik larrutu naute: hitz benetan aberranteak esan dira nitaz».

Erabat ukatu zituen bere aurka zeuden susmoak; hots, Somotorekiko lankidetza hartan diruak bidegabe ari zela erabiltzen eta ezkutukeriaz ari zela jokatzen. Izan ere, Urtxuegiak bere kasa eramaten zituen kontu haiek, eta hamaika aldiz ukatu zien informazioa oposizioko udal taldeei.

Orain, gertatutakoa aitortu du, epaiketa eta kartzela saihestearen truke. Prebarikazioa eta diru publikoaren erabilera okerra egin zituela aitortu du Somoton «alkate andere» deitzen zioten PSEko kideak. 18 urteko inhabilitazioa eta 2.160 euroko isuna ezarriko dizkiote, epaitegiak akordioa onartzen badu. Beraz, ustezko kudeatzaile eredugarriek, delituak egiteaz gain, lotsarik gabe esaten dute gezurra salaketak daudenean.

Merke irten zaio auzi hau Urtxuegiari. Eta agerian geratu da berriro ustelkeria politikoari aurre egiteko indarrean diren neurriak eskasak direla eta berandu iristen direla, aspaldian politika aktibotik kanpo, praktikan deus gutxi eragingo baitio zigor horrek Urtxuegiari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.