Espainiako Gorteetarako hauteskundeak

ZENBAKIEK EMAN ARTE

Azken lau urteetan laugarrenez, Espainiako Gorteetarako hauteskundeak egingo dira gaur. Estatu mailako alderdiak ugaritu direnetik, Espainiako sistema politikoak ezintasunak ditu gobernu egonkor bat osatzeko, baina badira beste aldagai batzuk ere; nazio aniztasunaren kudeaketa, kasurako.

ZENBAKIEK EMAN ARTE.
jon olano
2019ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Lau urte, lau hauteskunde. 2015az geroztik, Espainiako sistema politikoak garai desegonkorrak bizi ditu, gobernu batek legealdi oso bat ezin amaituta. Ez osorik, ez erdirik; PPren azken gobernua ez zen gauza izan bi urteko agintaldira heltzeko, eta PSOErena, gaur egun jardunean dagoena, ez zen urtebetera ailegatu kargua hartu zuenetik hauteskundeak egin zituen arte. Esan liteke behin-behinean dagoela Espainiako gobernabidea: azken lau urteetan, urte eta erdi jardunean igaro dute kolore bateko eta besteko gobernuek. Pedro Sanchezen gobernuak Zazpi hilabete daramatza egoera horretan, apirilaren 28ko hauteskundeen ostean haren inbestidura aurrera ateratzeko moduko gehiengo bat osatu ezinda. Hauteskundeetara joanda, mus eskatu du Sanchezek, Pablo Iglesias partidakidearen kartak alde batera utzita eta eskuineko arerioei etor dakizkien karten arriskua ahaztuta.

Zer gertatu da, ordea, gobernabidea horrenbeste zailtzeko estatuan? Aldagai ugari egon daitezke mahai gainean, eta elkarri lotuta egon litezke: krisi ekonomikoa, sistema politikoaren zilegitasunaren krisia, botoen polarizazioa eta zatiketa, hiru hamarkada luze iraun duen alderdi biko sistema batetik alderdi anitzeko sistema baterako jauzia, Katalunia...

Aldagaietako bat, behintzat, nabarmena da: PPk eta PSOEk indarra galdu dute nabarmen azken urteetan, eta urrun dute gehiengo absolutua. «2011n, lehen bi alderdiek bozen %70 baino gehiago zuten, eta egun ez dira %50era iristen. Baina hori ez da ezegonkortasunaren arazoa. Estatu mailako alderdien blokeek ez dute ematen gobernu egonkorrak osatzeko garaian; ez ezkerrean, ez eta eskuinean ere», dio Ainhoa Novo Euskal Herriko Unibertsitateko Politika Zientzietako irakasleak: «Ziurrenik alderdien ametsetatik kanpo dago egonkortasuna, igandeko bozketaren emaitzek Espainiako Kongresuko eserlekuen banaketan aldaketa handia eragin ezean. Alderdien helburua da inbestidurako bozketa gainditzea, luze gabeko helburua». Novok legealdiari begirako indar posizio batetik ulertzen du jokabide hori: «Negoziazioetan hartzen dituzten betebeharrak neurtu behar dituzte, etorkizunean lagun ezberdinekin elkartu beharko direlako politikak aurrera eramateko, eta horretarako aske behar dute izan. Ezin da ezegonkor eta lotuta gobernatu».

Espainiako alderdien sisteman berritasun handia izan zen Podemosen eta Ciudadanosen agerpena; batez ere, ezohiko indarrez sartu zirelako Espainiako Kongresuan, 2015eko hauteskundeetan. Frankismo osteko lehen urteetako jokaleku politikoaren antzeko bat zabaldu zen orduan, estatu mailako lau indar politikorekin: bere burua zentro-ezkerrean kokatzen duen bat (PSOE), bere burua zentrokotzat duen bat (UCD 1977an, CDS eta UPD gero, Ciudadanos orain), eskuineko bat (Alianza Popularretik PPra) eta PSOEren ezkerrerako indarra (PCE lehen, Unidas Podemos orain). Lau familia politiko horiek bilakaera handia izan dute lau hamarkadatan zehar, baina, tartean, eskema bat nagusitu da: zentro ia ezdeusa, eskuinaren batasuna eta PSOEren hegemonia harengandik ezkerrera dagoen sektorearekiko.

Hori, ordea, aldatu egin zen 2015ean, Tania Martinez Portugal politologo eta EHUko Enpresaren Kudeaketa eta Berrikuntzaren Baliospen Saileko irakaslearen arabera: «2015eko hauteskundeek aldaketa kuantitatiboa eta kualitatiboa eragin zuten Espainiako Estatuko sistema demokratiko eta elektoralean». Kuantitatiboa, «lehian aritzeko aukera zuten alderdien zenbatekoak gora egin zuelako, eta, ondorioz, botoa zatitu zelako». Kualitatiboa, berriz, «sentsibilitate politiko ezberdinen barruan dauden xehetasunak eta konplexutasuna azaleratu zituztelako». Ordura arteko «homogeneotasuna apurtu» zela uste du Martinez Portugalek: «Espainiako Estatuan trantsiziotik edo, hobe esanda, transakziotik gure egunetara izandako berezko ibilbide historiko-politikoari perspektibaz begiratzen baldin badiogu, esan daiteke sistema politiko parlamentario honi nerabetasuna ailegatu zitzaiola». Haren esanetan, 2015eko bozak «une garrantzitsu eta erabakigarria» izan ziren «geroko ibilbidearen nondik norakoak zehazteko orduan. Egoeraren berregituraketa horrek kudeatu beharreko tentsio, interes eta lehia berriak ekarri izan ditu; beraz, zailagoa izan da orain arte egonkortasuna deitu diogun egoera horri heltzea».

Alderdiak ugaritzearen fenomenoa ez da soilik Espainian gertatu, eta faktore ugari daude atzean, Novok gogora dakarrenez: «Hautesleak aldatu egin dira, eta baita haiek botoa emateko era ere. Alderdiekiko identifikazio maila gutxitu egin da, eta «gaien» arabera botoa ematen herritarrak ugaritu egin dira. Horrekin batera, Novok uste du alderdi tradizionalak ez direla gai izan hautesleen «kezka berriak barneratzeko», eta horrek lekua utzi die alderdi berriei. Azkenik, krisi ekonomikoak areagotu egin du PSOEren erorketa 2011n, eta PPrena 2015ean.

Kultura politikoaz mintzo da Felix Arrieta politologo, Deustuko Unibertsitateko Gizarte Laneko irakasle eta Deustu Forumeko zuzendaria: «Espainiako mapa politiko-parlamentarioa aldatu egin da, baina kultura politikoak bere horretan jarraitzen du. Sakonean dagoen arrazoia hori da. Espainiako Kongresuak argazki bera erakusten du behin eta berriro; hau da, ezein alderdik gehiengo argirik gabe gobernatu behar duela, baina ezein alderdik ez du pausorik ematen kultura politiko hori aldatzeko». PP eta PSOE jotzen ditu horren erantzuletzat: «Konturatu behar dira jada ez diela balio urteetan funtzionatu dien logikak, bakarrik gobernatzearenak. Berdin dio Ciudadanosek edo Podemosek behera egiten duen, logika multipartidista geratzeko etorri baita; behintzat, bolada baterako». Hortaz, uste du bi indar politiko nagusiek «ikasi» behar dutela «beste modu batera» funtzionatzen, «hauteskunde parlamentarioak ez direla logika presidentzialista batean egiten». Arrietaren arabera, urteetan egin dira hauteskundeak logika presidentzialista horretan, «azken batean bi alderdiren arteko talka zelako. Baina orain logika horrek ez du inolako zentzurik gero koalizioak eratu behar baldin badira».

Panorama politikoan ezarri den ezegonkortasun horri beste esplikazio bat ere eman dio Arrietak: «Eredu sozioekonomikoaren eta, batez ere, estatu ereduaren inguruko proposamenak egiteko ezkerrak daukan ausardiarik eza. Batez ere, PSOEk». Funtsean, uste du eskuinak zedarritutako joko zelaian ari direla sozialistak: «Asteleheneko eztabaidan argi ikusi zen eskuinak markoa irabazita daukala; ez bakarrik Kataluniara begira, baita estatu osora begira ere, PSOEk aukera zeukalako bere idatzietan horrenbeste aldiz agertzen den federalismo hori martxan jartzeko eta beste modu batean egituratzeko, beste alderdi batzuekin akordioak eginez: ERCrekin, EAJrekin EH Bildurekin...». Horrekin, PSOEk aurre egingo lioke eskuinaren diskurtsoari, Arrietaren iritziz: «PSOEk ez du egin, ez du nahi izan edo ez du horretan sinesten. Azkenean, eskuinaren markoa ez dakit sinesten duen, baina behintzat erosi egin du».

Erkidegoetan, posible

Paradoxa bat: Espainiako erkidego ugaritan, posible izan dira koalizio gobernuak (Madril, Andaluzia, Errioxa, Aragoi, Gaztela eta Leon, Kantabria...). Euskal Herrian eta Katalunian, salbuespena izan dira koaliziorik gabeko gobernuak. Hortaz, zergatik ez da posible izan Espainiako Gobernuan? Martinez Portugal: «Benetako kultura politiko instituzional baten eskasia, falta esango nuke dela arazoa». Dimentsio kontu bat ere bada, haren esanetan: «Politikariak zenbat eta urrunago egon kudeatu behar duten gizartetik eta haren errealitatetik, orduan eta errazagoa izango da, erabakiak hartzeko unean, joko politikoan bestelako interes eta botere harremanak gurutzatzea». Horretaz aparte, uste du alderdi politikoak «ugaritzearekin bat» nork bere identitatea «azpimarratzeko beharra» azaleratu dela: «Nolabait joko politikoan betetzen zuten lekua aurkitu, berreskuratu, edo asmatu, bakoitzaren arabera. Egoera honek orain arte onartezinak iruditzen zitzaizkigun diskurtsoak ekarri izan ditu lehen lerrora».

Novok, berriz, ez du uste kultura falta denik, «aukera» baizik: «Espainian, 2015 arte koalizio gobernu bideragarriak, hau da, gehiengoa bermatzen duten gobernu koalizioak estatu mailaz kanpoko alderdiekin soilik ziren posible, baina, horiek erkidegoko lehian izan zitzaketen ondorioengatik, hitzarmen egonkorren bidea hartu zuten». Harrezkero, egoera aldatu egin da: blokeka, ez eskuineko ez ezkerreko alderdiek ez dute lortu gehiengo osorik: «Gutxiengo gobernua alderdi bakarrekoa bada, askatasun osoz negozia dezake gainontzeko alderdiekin, baina negoziatzera koalizioan badoaz, adostasunerako bideak askoz konplexuagoak izango dira. Blokeen barneko koalizioak gehiengoa emango balu, ez dut uste arazorik izango luketenik adostasunera iristeko. Nahiz eta oso ezohikoak diren Europako sistema politikoetan ezkertiar berrien eta ezkertiar tradizionalen arteko koalizioa gobernuak».

Subiranisten rola

Beste aldagai bat ere aldatu da azken urteetan, aurreko 30 urteetako jokaleku politikoarekin alderatuta: alderdi abertzale edo subiranistek izan duten rolaren edo jokabidearen aldaketa. 1980ko hamarkadan, PSOEren gehiengo absolutuek ahalbidetu zuten Felipe Gonzalezek aise gainditzea inbestidura saioak, beste inoren beharrik gabe. 1990eko hamarkadan, ordea, protagonismoa irabazi zuten CiUk eta EAJk: 1993an, Gonzalezen inbestidura babestu zuten, eta 1996an, Jose Maria Aznar PPko presidentegaiarena (Aznarrena, baita Coalicion Canariak ere). 2000ko hamarraldian, Jose Luis Rodriguez Zapateroren inbestidurek ere ezinbesteko izan zituzten, IUrenez gain, alderdi abertzaleen botoak (2004an, ERC, BNG, CC eta CHAren babesa; 2008an, abertzale guztien abstentzioa, ERCren ezezkoa salbu). 2011n, Mariano Rajoyk (PP) gehiengo absolutua eskuratu zuenez, ez zuen beste inoren laguntzarik behar izan.

Hori horrela, Espainiako gobernabideak lagun izan ditu alderdi abertzaleak, hala behar izan duen aldiro: horiek eman diote inbestiduraren giltza kasuan kasuko presidenteari, eta egonkortasuna gobernuari. Egoera hori aldatu egin da azken urteetan; Rajoy PSOEren abstentzioari esker heldu zen presidentetzara 2016an, eta haren aurkako zentsura mozioa onartuz Pedro Sanchez presidente jarri zutenak, Unidas Podemosez gain, alderdi abertzale eta subiranistak izan baziren ere, horietako batzuek Espainiako aurrekontu proiektuari emandako ezezkoak behartu zituen apirilaren 28ko hauteskundeak. Aldiz, Junts Per Catalunya ez beste talde guztiak Sanchezen inbestidura babesteko prest azaldu ziren, Unidas Podemosekin ados jartzen bazen.

Horrela laburtu zuen egoera Javier Perez Royo Konstituzio Zuzenbideko katedradunak iazko abuztuan, BERRIAk eginiko elkarrizketa batean: «[Kataluniako nazionalismoak] Ez du indarrik bere posizioak inposatzeko, baina bai, ordea, Espainia gobernaezin egiteko. Tentsio, geldialdi edo paralisi horretan gaude. Hauteskunde ziklo basati batean sartuko gara, eta ikusiko dugu zer atertzen den hortik; ea Espainiako gizartea gai den bere buruaren sintesi politiko bat egiteko bere burua gobernatzeko. 2015 geroztik ez dugu lortu; harrezkero, Espainia ez da ari lortzen autogobernatzea ahalbidetuko duen sintesi bat egitea».

«Batetik, jada zenbakiek ez dute ematen alderdi periferikoekin egonkortasuna lortzeko. Bestetik, markoaren eraikuntzak Espainiako alderdiak jarri ditu lehian, nor den espainiarrago. Guda horretan, oso gaizki saltzen da, adibidez, ERCrekin akordio bat egitea», uste du Arrietak. Kataluniako faktoreari erreparatu dio Novok: «Haustura handia estatu mailatik kanpoko Kataluniako alderdiekin dago. 1993an eta 1996an gobernugintzan aritu zen CiU desagertzeak eragina izan du dudarik gabe. Nahiz eta 2004ko Zapateroren gobernua osatzeko orduan ERCk ordezkatu zuen, Kataluniako estatutuaren erreformaren kudeaketaren ondoren, Kataluniako botoez hornitzen den alderdi batentzat konplexua da estatu mailako alderdi politiko batekin akordioetara iristea». Novoren arabera, «bi bozka eremuen interesen talkak ezinezko bilakatu zuen gobernu koalizioa osatzea 1990eko hamarkadan, baina gaur egun ezin da gutxiengo gobernu mozorrotua ere lortu, hau da, legealdi baterako hitzartutako babesaren bidez egonkorra izango den gutxiengo gobernua».

Autodeterminazio erreferenduma marra gorri bihurtu da Kataluniako zenbait sektore politikorentzat, eta PSOE ez dago prest lerro hori gainditzeko —zer esanik ez PP, Ciudadanos eta Vox—. «Katalunian alderdien arteko lehian ezinbestekoa den erreferendumaren gaiak talka egiten du estatu mailako gobernatzeko aukera duten alderdiekin; beraz, ez da aurreikusten legealdi baterako akordio egonkorrik. Eta, babesa inbestidura prozesura mugatzen bada, bizi izan dugun gobernu hiperminoritario baten aurrean ginateke berriro; zein prezioetan?», galdetu du Novok.

Alderdi abertzaleen artean ere bereizketak antzematen ditu Martinezek: «Batetik, akordioen bidez gobernuen egonkortasuna posible egin dituztenak, eta, bestetik, gobernuan egon diren alderdiek euren diskurtsoa eraikitzeko instrumentalizatuak izan direnen artean». Haren ustez, ETA desagertu ondoren, «etsaiaren rola jokatuko duen indar politiko berriak topatu behar izan dituzte batzuek, euren diskurtso publikoaren parte esanguratsu bat osatu ahal izateko eta dituzten bestelako gabeziak estaltzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.