Sindikalgintza AEBetan

Bultzada berri bat AEBetako langile borrokari

Starbucks kafetegi kateko langileek mugimendu bat abiatu dute AEBetan sindikalismoa indarberritzeko; behargin gazteak daude horren atzean

Batuta. Starbucks kateko behargin talde bat. Bereziki, gazteak eta emakumeak antolatu dira. U. U.
urtzirrutikoetxea
Washington
2022ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Starbucks kafetegi ezagunetako langileak antolatzen hasi dira Amerikako Estatu Batuetan. Apiril hasieran, hamar saltokitan baino gutxiagotan zegoen sindikatua eratuta; hilabetea amaitzerako, berrogeitan baino gehiagotan. Mugimendua estaturik estatu zabaltzen ari da; Amazon eta bestelako multinazional batzuetan gertatu bezala, beharginek salatu dute konpainiak azpijokoekin erantzun diela langileen ahalduntze ariketa garrantzitsu horri. Baina ez dirudi piztu berri den olatua gelditzerik izango dutenik.

Ikusi gehiago:Kylie Throckmorton, langilea: «Berdin du zein arlotan: sindikatua behar dugu»

Sindikatuetan, kidetzeak beherantz joan dira hainbat urtez AEBetan, eta beharginen elkarteek ahalegin berezia egin dute multinazional handien eta janari lasterren enpresetako langileen artean. Pandemiak zaintzaren gaia ere ekarri du hizpidera, hilabete luzez elikaduraz arduratu direnen artean esaterako, eta haien lan eta bizi baldintzen gaineko eztabaida piztu. Hala, Starbuckseko langileen kanpainak aspaldi ez bezalako arreta piztu du herrialdean. Apiril hasieran Amazonen aurrean New Yorkeko Long Islandeko lantegiko beharginek lorturiko garaipenak itxaropen handia piztu du, eta, orain, Starbuckseko tabernariak sindikatu izanak are gehiago hauspotu du langileak elkartzeko beharra.

Giro politikoa ere alde dute: inkesten horren zale den herrialde honetan, urteetako onarpenik handiena lortu dute sindikatuek azken hilabeteotan. Eta, aurreko ostiralean, Joe Biden presidenteak Etxe Zurian hartu zituen hainbat sindikalista, tartean Amazon eta Starbucksekoak. Kafetegi kateen konpainiak ohar bat kaleratu zuen haserrea erakusteko.

Duela hilabete Amazonen langileen artean zabaldu zen ospakizun irudia ia egunero errepikatzen ari da egunotan Starbucksek AEBetako luze-zabal osoan dituen 9.000 kafetegietako batean edo bestean: saltokiaren atarian besarkadak, poza eta ilusioa, sindikatua eratzeko bozketan langile gehienek baietz esan dutelako. Mugimendua astiro hasi zen, iazko urtearen amaieran: Buffalo hiriko kafetegietako bateko beharginek aurrera egitea ebatzi zuten, Workers United (Langile Batuak) sindikatuaren abaroan.

Mugimendua, hedatzen

Neguan, banan-banan saiatu ziren han-hemenka sindikatzen, eta, udaberrian, mugimendua hedatzen ari da erabat, bestelako lantoki askoren eredu eta ispilu bihurtzeraino. Washington hiriburutik hurbil, Virginia estatuko Falls Churchen izan da egunotan horrelako irudi bat: aldeko 30 boto eta aurkako birekin, sindikatzea erabaki zuten herriko Starbucks kafetegiko langileek.

Virginian mugimendu handia piztu da asteotan, eta, duela bi asteburu, «sindikatuen jaia» egin zuten Richmond hiriburuan. Egun osoko musika emanaldiak izan ziren, eta Bernie Sanders senatari ezkertiarrak ere hartu zuen hitza. «Heroi amerikarrak zarete», esan zien langileei oholtzatik: «Justiziaren eta duintasunaren alde altxatu zarete, herrialde honetako mugimendu sindikala berrindartzeko eta erabaki mahaian egotea bermatzeko». Aurretik, Vermonteko senatariak beharginen lan baldintzen eta eskaeren berri jaso zuen, bilera batean. Besteak beste, enpresak eskaintzen duen osasun babeserako oztopoak aipatu zizkioten —AEBetan ez dago osasun sistema unibertsalik—: oso garestia da, eta langile askok ez dakite zenbat orduz lan egingo duten biharamunean. TJ izeneko gazteari minbizia diagnostikatu zioten iaz: «Bi txanda eta asteko 30 ordu hartu behar izan ditut, kimioterapia ordaindu ahal izateko», esan zion senatariari.

Konpainiak irudi moderno eta aurrerakoia dauka AEBetan, eta kezka agertzen du gai sozialen inguruan: bai bezeroekin, eta bai kafearen jatorriari dagokionez, besteak beste. Iruditeria horretan, langileei ere «kide» (partner) deitzen die. Izenaren eta izanaren arteko aldea nabarmen gelditu da azken asteotan, ordea, enpresak langileen eskaerei emandako erantzunean. «Hasieratik argi utzi dugu hobeto gaudela kide moduan, sindikatu bat tartean egon gabe, eta uste hori ez da aldatu», erantzun zioten sindikatzeko eskaera bati. Egunotan, Howard Schultz Starbuckseko nagusiak konpainiako arduradunekin egindako bideo dei bat filtratu da. Hartan dioenez, «enpresaren etorkizuna eteten saiatzen ari den kanpoko indar bat» dira sindikatuak, «zer izan eta zer egin aginduko duen kanpoko indar bat, edo garen eta egiten dugun hori etengo duena».

Enpresaren presioak

Irudi aurrerakoi hori da, hain zuzen, langile eta ikasle asko erakartzen dituzten faktoreetako bat, eta sindikatu bat eratzeko gakoetako bat, Rani Molla kazetariak dioenez: «20 urte inguruko gazteak dira, Black Lives Matter eta Me Too bezalako justizia sozialeko mugimenduekin iritsi dira helduarora, eta egokienak dira sindikalismoa berpizteko». Amazoneko langileek biltegi handietan dihardute; Starbuckseko langileek, berriz, kafetegietan; beraz, harreman estuagoa dute, elkarrekin hitz egiten dute, eta aukera hobea dute lan baldintzez eta beren egoeraz mintzatzeko. Hori dela eta, behetik gorako mugimendua eratu dute: kafetegiz kafetegi eratu dute sindikatua, eta ordezkariak izendatu ere bai, enpresarekin zuzenean negoziatzeko.

Buffaloko langileen urratsei jarraitu nahi izan zietenei, ordea, zorrotz erantzun zien konpainiak, «Memphiseko zazpiei», esaterako: Buffaloko sindikatuarekin harremanetan jarri, eta antolatzeko asmoa agertu zutenean, kaleratu egin zituzten, otsailean. Apirilean, Lan Harremanen Kontseilu Nazionalak —AEBetako erakunde bat da— ebatzi zuen kaleratzeak legez kanpokoak izan zirela, eta auzitegi federaletara jo du, berriz kontrata ditzaten. Orain, kaleratuak buru-belarri ari dira sindikatua indartzen eta herrialde osoan asmo bera dutenei laguntzen. «Gazteok teknologiarekin ere moldatzen gara; hala, bizkor ibili gara mugimendua zabaltzen», dio Nabretta Hardinek, zazpi kaleratuetako batek.

Enpresak, berriz, ezinean dihardu mugimendua geldiarazi eta langileen bozketetan eragin nahian. Hala dio Richmondeko kafetegiko Meridian Stillerek: «30 ordu lan egin ohi nituen astero; sindikatua eratu dugunetik, asteko 15 ordura jaitsi digute lana askori herrialde osoan». «Batzuei lanaldia murriztu, eta kanpotik jende gehiago kontratatzen dute», dio Cory Johnsonek: «Ez du zentzurik; badirudi jendeak lana uztea nahi dutela». Edozelan ere, Katheryn Wiggersek argi du: «Langile gisa enpresa honi dirutza irabazarazten diodanez gero, aintzat hartu behar naute». Datozen asteetan, Starbucksen berrehun lantokitan baino gehiagotan iragarri dituzte sindikatua eratzeko bozketak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.