Ion Izagirre.
Txirrindularitza. Euskal Herriko Itzulia. Erreleboka

Bete-betean egon ezean...

2014ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Urtero bezala, oso gogorra dator Euskal Herriko Itzulia. Hasiera-hasieratik, gainera. Kontuz lehenengo etaparekin; erabakigarria, agian, ez da izango, baina alde batzuk izango dira faboritoen artean. Bat baino gehiago geratuko da lehiatik kanpo Ordizian. Oso gogorra eta luzea da Gaintzako igoera, 1,7 kilometro baitaude behetik herriraino. Eta arnasa hartzeko tarterik ez dago ia-ia etapa guztian zehar. Bete-betean egon ezean... Taldekideek esan didatenez, gainera, gogorrak eta zailak dira Urdazubira iritsi aurreko kilometroak ere, eta adi ibili beharko dugu bigarren etapan ere.

Gasteizen esprinta eta Arraten faboritoen arteko lehia. Jakina da hori. Markina-Xemeinen amaituko den etapan, berriz, bezperako ibilbidea egingo dugu, baina aurkako norabidean. Etxebarriatik barrena igoko dugu Ixua, Elgoibartik San Migel... Lehengo astean egin genituen etapa horretako azken 50 kilometroak, eta nahiko bihurria da azken jaitsiera. Eguraldi txarra bada, kontuz. Baina benetan erabakigarria azken erlojupekoa izango da. Bi igoera dauzka, luzea da, eta dezenteko aldeak egon daitezke.

Faboritoak? Denen ahotan dabiltzanak. Igotzaile ona edo ibilbide zailetan abila izan beharko du irabazleak; baina baita erlojupekoetan on samarra ere. Ez da nahikoa Ordiziako etapa irabazi eta Arraten onenen pare egon ondoren, erlojupekoan 40-50 segundo galtzea. Erregulartasun horretan, Contador, Valverde, Peraud, Kwiatkowski, Van Garderen, Rui Costa... horiek dira faboritoak.

Valverde taldean edukita, eta Intxausti erlojupekoetan ona dela jakinda, lan egitea egokituko zaigu guri. Ni ondo nago, anaia ere bai, baina guztien laguntza behar izaten da bakarrak irabazteko. Guretzat berezia izango da itzulia; inork nahi eta espero ez zuen bezala amaitu zen Euskalteleko etapa, baina beste talde handi batek eman digu aukera gozatzen jarraitzeko. Oso harrera ona egin digute, eta dena emango dugu taldearen alde.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.