ana galarraga aiestaran
ARGI ALDIAN

Lo onaren bila

2019ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Lorik ezari aurre egiteko industria gero eta zabalagoa eta indartsuagoa da: pilulak, sendabelarrak, teknika naturalak eta teknologikoak, eskuliburuak, entrenatzaile pertsonalak, ohe- eta logela-diseinatzaileak, klinikak…

Obsesioa eta negozioa eskutik doazen gizartean, ordea, komeni da garbi izatea zer dagoen frogatuta eta zer den saltzeko aitzakia. Oinarrian, hau da egia: loa funtsezkoa da gure osasunerako. Aspalditik da ezaguna oroimenean duen garrantzia, baina, horrez gain, ikerketek frogatu dute zerikusi zuzena duela zenbait gaixotasunekin, tartean, alzheimerra, obesitatea eta arazo kardiobaskularrak.

Zehazki, loaldian neuronen arteko loturak berrantolatzen direla frogatu dute saguetan. Pertsonekin egindako esperimentuetan, berriz, ikusi dute ondo lo egiten ez dutenek oroitzapen negatibo gehiago gordetzen dituztela.

Alzheimerrean, xehetasun asko oraindik ezagutzen ez dituzten arren, badirudi lo falta dagoen kasuetan gehiago pilatzen direla beta-amiloideak eta tau proteina, biak ere gaitzarekin erlazionatutakoak. Dena den, zaila da bereiztea zer den lehenago, arrautza ala oiloa; hau da, lorik ezak eragiten duen alzheimerrean, edo alzheimerrak ekartzen duen lo-gabezia. Nolanahi ere, sintomak hobetu egiten dira ondo lo eginez gero.

Immunitate-sistema ere indartu egiten da loari esker, eta hormona-sistema, orekatu. Esaterako, lo gutxi egitean, intsulinaren maila jaitsi egiten da. Horrekin batera, igo egiten da gosea eragiten duen hormonarena (grelina), eta jaitsi, berriz, garunari aseta gaudela adierazten dionarena (leptina). Horrek ekartzen du gehiegi jatea, lo-gabezia dagoenean. Eta horrekin lotzen dira obesitatea eta beste asaldura batzuk, besteak beste, arazo kardiobaskularrak, hipertentsioa eta diabetesa.

Horrek guztiak ez du esan nahi lo ondo egitearekin itsutu behar dugunik. Ezta nahitaez zortzi ordu egitearekin ere, han-hemen agintzen duten bezala. Adituen arabera, sei eta zazpi ordu artean da neurri egokia. Garrantzitsua da, hori bai, lo sakona egitea, alegia, loaren zikloa osatzea eta REM deritzon fasera iristea. Ziklo bakoitzak ordu eta erdi inguru irauten du, eta gauero bospasei ziklo izaten ditugu.

Hori, gaur egun. Izan ere, zenbait ikerketak erakutsi dute industria-aroaren aurretik, kultura askotan, egunean loaldi bakarra eta jarraitua izan beharrean, bi loaldi izaten zituztela. Horrela agertzen da OnKixote Mantxakoa eleberrian eta beste liburu batzuetan. Azterketa etnografikoek ere erakutsi dute XX. mendearen erdira arte, argi artifizialik ez zuten kultura ez-mendebaldarretan, ohikoena bi loaldi izatea zela.

Beharbada ez daukagu tematu beharrik gau osoz lo jarraian egitearekin; bai, ordea, lo ondo egitearekin. Eta ez badugu lortzen, merkatuak eskaintzen dituen erremedio farmazeutiko, natural zein teknologikoetara jo aurretik, komeni da betiko aholkuak probatzea: gailu elektronikoak, telebista eta enparauak albo batera utzi; ez egin kirolik iluntzean, ezta beste jarduera pizgarririk ere; goiz afaldu eta garaiz oheratu; leku eta giro aproposak bilatu, eta gogotsu hartu oheratzeko unea; eta ohea lotarako eta sexurako erabili, ez beste ezertarako. Hain justu, sexu-jarduera lo-eragilea dela baieztatu dute zientzialariek. Ondo lo egin!
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.