Amaia Agirre Arrastoa.
EGUZKI EPELEAN

Bertso-saio solidarioa

2022ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
Iñurri ikuspegi feminista eta eraldatzaile batetik minbiziari buruzko dibulgazioa, formazioa eta akonpainamendua eskaintzen dituen elkarte bat da. Gaixotasunaren ikuspuntu zabalago bat eskaintzen du, gaia sozialki normalizatzeko eta minbiziaren inguruko mito eta tabuak desagerrarazteko.

Iñurriko kide zoragarri baten hausnarketa ekarri nahi nuke lerrootara, besteak beste, bihar Donostiako Trinitate plazan bertso-saio musikatu solidarioa antolatu dugulako.

Hizkuntza epikoa erabilita, minbizia garaitu duten horiek soilik ez dute kontatzen prozesuaren nondik norakoa. Haatik, tabuen kutxan sartuta eta ahanzturan geratzeko arriskuan daude minbizi metastasikoa duten pertsonak. Lazo arrosen artean ikusezin bihurtuak. Askotan ez dituzte minbiziak eragiten dituen ageriko zantzu horiek bistaratzen, baina horregatik ez dute itzalean geratu behar.

Pertsona hauen bizitza are gogorragoa da. Tratamendu linea batzuk izaten dituzte, aldi batean eragiten dietenak, baina badakite tratamenduak amaituko diren unea iritsiko dela. Linea guztiak amaitzen direnean erabilera errukior deritzon tratamenduetara igarotzen dira. Edo tratamendu berrien entseguetara. Farmazeutikek doan eskaintzen dizkiete noski, baina ume txikiak etxean utzita Madrilera joan-etorrian dabilen ama gaixoaren ordainsaria ez da doakoa. Esan gabe doa burokrazia eta administrazio prozeduren konplexutasuna zenbaterainokoa den.

Minbizi metastasikoa duten pertsonen itxaropen iturri bakarra ikerketa da. Baina duela hilabete Espainiako Parlamentuan alderdi sozialistak dagoeneko Europan onartuta dauden prozedura burokratikoak azkartzearen aldeko proposamenaren aurka bozkatu zuen. Baita senatuan ere.

Ikerketak milaka eta milaka milioi euro xahutzea dakar. Hamar mila tratamendutatik bakarra iristen omen da merkatura. Bide erdian geratzen diren ikerketa horiek, halaber, ez lirateke diru galera bezala irakurri behar, inbertsioen eta aurrerapausoen oinarri bezala baizik. Ikerlarien arteko sarea eta ikerketa burutzen aritu direnean eurenganatutako jakintza ezinbestekoak dira.

Minbizi metastasikoa duen lagunak ikerketa gehiago burutu eta ordaindu daitezen baino ez du aldarrikatzen. Sistema publikoa ere ikerketan inplikatzea eskatzen du; dena ez dadin farmazeutika handien esku utzi. Horren esku baitago bere bizitza. Gizartea bera eraldatuko litzateke ezagutza, zientzia eta ikerketa sustatuko bagenitu. Baina zoritxarrez diru galera modura saltzen digute.

Azken bi hamarkadetan kartzinogeno zelulak nola deuseztatu ikertzeaz gain, tumore-ekosistema baten presentziaz mintzo dira. Tumoreak odola behar du, eta horretarako antiogenesia induzitzen du. Gisa horretara gorputzeko fibroblastoak bere alde lan egiteko konbentzitzen ditu. Gizarte-metafora bat ez ote da? Zelula gaizto berekoi batek inguruko zelulak limurtu eta bere alde jartzen ditu lanean.

Gehiago jakin nahi baduzu, zatoz bihar gure inurritegira. Tabuen kutxatik oholtzara, sentimenduz eta bizipenez gainezka daramagu otzara! Han izango gara hurbiltzen bazara!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.