Kolonbia. Armadaren hilketak

Estrategiarik hilgarriena berpiztu da Kolonbian

'The New York Times'-ek duela bi aste argitaratu zuen erreportajeak 'positibo faltsuen' mamua itzularazi du Kolonbiara. Auziak alarma sortu du, armada berriro ere tropak estutzen ari ote den hil edo atxilotu kopurua handitzeko

Hainbat pertsona protestan Bake Jurisdikzio Bereziaren egoitzaren aurrean, Bogotan, 2018an. Mario Montoya jeneral ohia deklaratzen ari zen. M. D. CASTAÑEDA / EFE.
Jon Artano Izeta.
Bogota
2019ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
«Emaitzarik onenak ematen dituen pelotoiari jai emango diote abenduan; horregatik, taldeon arteko lehia bizi dugu. Komandanteei presio psikologiko handia egiten diete estatu nagusitik». Armadako ofizialorde batek berretsi du, RCN irratian, egun batzuk lehenago The New York Times-ek argitara ateratakoa. Hildako kopuru handiena lortzeagatik sariak agindu dizkiete soldaduei. 2000ko hamarkadan milaka errugabe hilarazi zituen eskema berriz indarrean jarri dute. «Lehengora itzuli gara», dio ofizial batek AEBetako kazetaren erreportajean. Beste bik ziurtatu dute emaitzak hobetzeko «edozer» egiteko agindu dietela. Armadako barne agiriak argitara atera dira. Horietako batean, komandanteei «emaitzak bikoiztea» exijitzen diete.

«Erreportajea leitzean, ezinezkoa da positibo faltsuez ez pentsatzea», ebatzi du Gustavo Gallon, Kolonbiako Legelarien Elkarteko presidenteak. «Kezkagarriena publikatutako dokumentu batean ageri dena da: agintariek ez dutela %100eko ziurtasunik eskatzen operazioak abiarazteko informazioan; %60-70 nahikoa dela. Alegia, %30ean erratzea ametigarria dela, inplizituki esanaz zibilak hiltzeak ez duela axola».

Parerik gabeko armada

«Gaur-gaurkoz, mundu osoko indar armatuen artean zaila da aurkitzea giza eskubideei dagokienez Kolonbiakoek adinako trebakuntza eta kontzientzia duenik». Juan Manuel Santosek martxoan kaleratu duen La Batalla por la paz (Bakeagatik bataila) memoria liburuko pasartea da. Santos Defentsa ministro zela lehertu zen positibo faltsuen eskandalua. 2016ko Bakearen Nobel saridunak liburuko 598 orrialdeetatik pare bat pasatxo eskaini dizkio auziari, ministerioan egin zuen jarduna zurituz. Analista asko bat datoz: Santosek armadako buruzagitzan aldaketa bultzatu zuen, eta joera indartu zuen FARCekiko negoziazioan jeneral batzuk inplikatuz. Zortzi urteren ostean, baina, Alvaro Uribe bueltan da boterean: haren alderdi Zentro Demokratikoak irabazi ditu legebiltzarrerako hauteskundeak; eta haren hautagaiak, Ivan Duquek, presidentetza. Eta aldaketa jarri dute abian indar armatuetan.

Iazko abenduan Duqueren gobernuak armadako goreneko aginte postuetan jarri zituen zibilen erailketetan nahastutako bederatzi jeneral. Human Rights Watch erakundeak gogor kritikatu zuen erabakia: «Jeneral hauen kontrako ikerketa serioak bultzatu behar lituzkete agintariek, eta ez kargu garrantzitsuenak eman». Nicacio Martinez izendatu zuen gobernuak militarren komandante buru, eta Martinez ez da besoak antxumatuta geratu. The New York Times-en arabera, urtarrilean armadako 50 jeneral eta koronel nagusiak bildu zituen Martinezek, eta operazioetako emaitza bikoizteko agindua eman zien, ahoz eta idatziz. Urteko lehen lauhilekoan %33 handitu da armadak borrokan hildakoen kopurua, eta %52 atxilotuena, Colombia Reports erakundeak zehaztu duenez.

The New York Times-ekin hitz egin duten ofizialek diote aginduak indarrean jarri ahala hasi zirela ekintza susmagarriak sumatzen. Dimar Torres FARCeko kidearen hilketak izan du eraginik handiena iritzi publikoan. Duela hilabete pasatxo hil zuten soldadu batzuek, eta gorpua lurperatzen ari zirela harrapatu zituzten Torresen bila ari ziren herritarrek. Defentsa ministroak zabaldu zuen Torresen eta soldaduen arteko borroka bat izan zela, eta armak istripuz tiro egin zuela. Herritarrek grabatutako bideoek gezurtatu zuten bertsio ofiziala. «Buruan tiroa zuen, eta genitalak moztu eta paparrean jarri zizkioten soldaduek. Auzotarrengatik ez balitz, lurperatuta legoke, eta hamaikagarren desagertua zatekeen Dimar!», nabarmendu du Sandra Ramirez FARCeko senatariak.

Eremuko ardura militarra duen Villegas jeneralak herritarrei barkamena eskatu zien ekitaldi publiko batean, «barren-barreneko samina» azalduz. Gobernuari ez zitzaion gustatu Villegasen agerraldia, eta Defentsa ministroak azalpenak eskatu zizkion. Gero, Villegas jeneralaren aurkako audio mezu iraingarri bat heldu zen komunikabideetara, ustez hierarkia nagusiagoko beste militar batena: «Joan zaitez gerrillarekin hainbeste min eman badizu haietako bat hil izanak! [...] Koldarra, hipokrita, prakarik gabeko santoszale alaena!»

Bonba periodistikoa

Bistan da militarren artean denak ez daudela eroso, osterantzean ez baitziren argitara aterako agintaritza berriaren aginduak. Kostatakoa izan da, dena den, argitaratze hori. Kolonbiako astekari garrantzitsuenak, Semana-k, duela zenbait astetatik zituen armadaren estrategiaren gogortzea frogatzen zuten agiriak eta hainbat ofizialen lekukotasunak, baina aldizkariaren jabeek, presidentetza jauregiko aholkulariekin bilera bat izan eta gero, publikazioa atzeratzea erabaki zuten. Bien bitartean, kazetariarekin mintzatutako militarrak urduri jarri ziren, eta TheNew York Times-eko berriemailearengana jo zuten. Nick Caseyk, astebete eskasean, informazioa bildu, kontrastatu, eta publikatu egin du.

Armadaren ildo (zahar)berriez erreportaje bat Kolonbian kaleratu ez zezaten egindako ahalegina ekaitz perfektu bilakatu zaio Duqueri. The New York Times-ek igandearekin eta ingelesezko edizioaren azalean atera zuen erreportajea, eta erreakzio eztanda eragin. Eskuin muturreneko uribistek The New York Times-en eta Caseyren beraren aurka jo dute, oso gogor. Bai Casey, bai Federico Rios argazkilaria Kolonbiatik joan dira, «segurtasun arrazoiengatik». Duque presidenteak esan du «sinesten lanak» ematen dizkiola erreportajeak. Defentsa eta Atzerri ministroek, berriz, gutun bat bidali dute egunkarira argitaratutako informazioa «alderdikoia, partziala, eta desitxuratua» dela salatzeko. Ukazioak ukazio, armadak argitara atera den inprimaki polemiko bat erretiratu du, eta Duque presidenteak «zenbait sektoretan sortutako zalantzak uxatzeko, aditu independenteek osatutako batzorde bat» sortu du armadako prozedurak «konstituzioari eta giza eskubideei» atxikitzen direla ziurtatzeko.

Neurriek ez dute kezka baretu ez Kolonbian, ez AEBetan: The New Tork Times-ek editorial gogorra kaleratu du Duqueren gobernuari «bake akordioa sabotatzea» leporatuz, eta kongresuko ia 80 kide demokratak gutuna bidali diote Mike Pompeo AEBetako Estatu idazkariari, hark Duque estutzeko «Habanan hitzartutakoa bete dezan». Horri denari, koka soroen hazkunde esponentzialagatik Trumpek Duqueri berriki egindako errieta publikoak erantsi behar zaizkio.

Martinezen aurkako frogak

«Leialtasun ontza batek inteligentzia libra batek baino gehiago balio du», txiokatu zuen Nicacio Martinez armadako buruak. Bera da armadara aldaketa ekarri duena. Ukatu egin du The New York Times-ek frogatutakoa, eta positibo faltsuak izan zirenik ere ezbaian jarri du: «Positibo faltsuen kontu hori gertatu zen edo ez agintariek argituko dute». 2000ko hamarkadan Martinezen agindupean zen brigadak ustez egindako 23 exekuzio ikertzen ari da fiskaltza. Jeneralak komunikatu batean zehaztu du bere aurkako auzibiderik ez dagoela, eta urte haietan ez zuela borroka operazioen ardurarik izan, bere jarduna erabat administratiboa izan zela.

Haatik, Associated Press agentziak Martinezi buruzko dokumentazioa eskuratu du; agirien arabera, 2005ean zortzi ordainketa behintzat egin zituen «emaitza bikainak» izan zituzten operazioetarako informazioa emateagatik. Hainbat zibil erail zituzten operazio horietan, tartean 13 urteko neskato bat.

Sinar Alvarado: «Kazetaritzak irabazi du»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.