Kolonbia. Armadaren hilketak. Sinar Alvarado. 'The New York Times'-en kolaboratzailea

«Kazetaritzak irabazi du»

Alvaradok uste du armadari buruzko istorioak berez izango zukeen baino eragin handiagoa izan duela, «botereak neurriz kanpo» erreakzionatu duelako horren aurrean.

Jon Artano Izeta.
Bogota
2019ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
«Bonba txiki bat zeukaat esku artean», esan zion Nick Caseyk Sinar Alvaradori Kolonbiako armadako barne aginduez erreportajea argitaratu bezperan. Atezuan zeuden, eta, erreportajeak eragindako erreakzioak kontuan izanda, Casey eta Federico Rios argazkilariak Kolonbiatik joan dira bolada baterako.

Pasatu dira egun batzuk eskandalua lehertu zenetik. Zer gogoeta darabilzu?

Kazetaritzak irabazi duela esango nuke. Istorioa atera egin da, eta, gainera, berez izango zukeen baino eragin handiagoa izan du, botereak neurriz kanpo erreakzionatu duelako.

Salaketa larria da.

Oso larria da. Kolonbia oso herri biolentoa da, giza eskubideen urraketak sarri dokumentatu ditugu... Eta positibo faltsuena historia hurbileko larrienetakoa da. Ikerketa zuhurrenetan 3.000 erailketa zenbatu dituzte, baina 10.000 ere izan ziren beste zenbaiten arabera.

Zer moduz daude zure lankideak?

Ondo daude, herrialdetik urrun, hori bai. Nik ez diet galdetu non dauden, eta haiek ez didate esan... Kazetariok Kolonbian paranoiko samarrak gara: mesfidati izaten ikasi dugu telefonoak eta sare sozialak erabiltzean. Badakit itzuli eta lanean segitzeko irrikaz daudela, baina, zuhurtziagatik, ekaitza baretu arte zain egongo dira.

Zer ikasgai atera duzu?

Sare sozialetan norbaiti irakurri diot kazetaritza ausart eta independenteak bizitzak salba ditzakeela. Eta kasu honi bagagozkio, hala izan daiteke. Kazetaritzak auzi hau iritzi publikoari azaleratu ez balio, pentsa dezakegu agindu horiek indarrean segitu eta biktima zibilak eragingo lituzketela. Noiz, eta herrialdea FARCekin sinatutako akordioa betetze horretan nahi eta ezinean ari denean.

Zer iruditu zaizu agintarien erreakzioa?

Hasieran, arduragabekeria handiz jokatu zuten gobernuaren alderdiko [Zentro Demokratikoko] kide batzuek. Maria Fernanda Cabal senatariak, adibidez, Nick Caseyren aurka jo zuen FARCentzat lan egiten duela esanaz. Ohikoa du tipo horretako jarduna, frogarik gabe salaketak egitea, alegia; Caseyren erreportajean, aldiz, badaude frogak. TheNew York Times-ek ez du piezarik argitaratzen behar bezala egiaztatu gabe. Oso zorrotzak dira horretan, inork auzitara eraman ez ditzan eta kazetaren izen ona zaintzeko.

Armadak esan du polemika eragin duen dokumentua erretiratuko duela.

Iritzi publikoan sortutako asaldurak behartu ditu atzera egitera. Dena dela, ez da dimisiorik egon, ez dute goi mailako ofizialik kendu. Aldiz, zabaldu denez, ofizialak galdekatzen ari dira, kazetariekin nortzuek hitz egin duten deskubritu nahian.

Nolakoa da ikerketa-kazetaritza lana Kolonbian?

Oso arriskutsua. Joan diren 42 urteetan ia 160 kazetari erail dituzte. Garai batean, ia hilero erailtzen zuten bat. Gaur egun, hilketak ez dira, zorionez, hain ohikoak, baina eguneroko kontua dira gu kikiltzeko presioak bai legez kanpoko taldeenak bai estatuko agintarienak, baita mehatxuak ere... Narkotrafikoaren boterea ere noranahi heltzen da.

Estrategiarik hilgarriena berpiztu da Kolonbian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.