Albistea entzun

'Egunkaria'-ren itxiera: hogei urte

«Buruan zera nuen: sekula ez gaituzte bakean utziko»

Guardia Zibilak Martin Ugalde kultur parkearen eta 'Egunkaria'-ren enpresa taldearen aurka jo zuen 2003ko urrian. Langileak beldur ziren atxilotuak torturako ote zituzten; barruan zeudenak, berriz, «dena» itxiko zutelakoan zeuden.

Irati Urdalleta Lete -

2023ko otsailak 19 - Andoain

Zortzi hilabete baino ez ziren pasatuak Euskaldunon Egunkaria itxi zutenetik euskarazko prentsari berriro eraso egin ziotenean. Berriz ere Juan del Olmo epailea eta berriz ere Guardia Zibila. 2003ko urriaren 16an Martin Ugalde kultur parkearen eta Egunkaria-ren enpresa taldearen aurkako operazioa egin zuten, eta zortzi pertsona atxilo hartu: Angel Diez, Mikel Arrizabalaga, Mikel Azkune, Amando Hernandez, Joanmari Larrarte, Xabier Legarra, Mikel Sorozabal eta Joxemari Sors. Urriaren 20an, Eneko Etxeberria Egunkaria-ren enpresako abokatua ere atxilotu zuten.

Larrarteren esanetan, operazio hartan okerrago pasatu zuten kanpoan zeudenek barruan zeudenek baino. Aitortu du Guardia Zibilaren eskuetan bost egunez inkomunikatuta egotea gogorra dela, kolpeak noiz hasiko egon zela: «Aurrekoa jakinda joaten zara: 'Emango digute, eta hau infernu bat izango da'». Baina ez zituzten torturatu; kanpokoek, ordea, horixe pentsatzen zuten: «Denek pentsatzen zuten gu torturatzen ari zirela».

Kanpokoan zeudenak kezkatuta eta barruan zeudenak kezkatuta. Arrazoi desberdinengatik, ordea: «Gure kezka barruan zen: 'Dena itxiko zuten'. Pentsatzen nuen: 'Ezinezkoa izango da beste bat muntatzea'. Esaten nuen: 'Hau bukaera da'».

Ondo gogoan du egun haietan bizitakoa Irene Arrarats Egunkaria-ko euskara taldearen arduradun ohiak. «Kolpe gogorra» izan zela dio, bi arrazoirengatik. Batetik, atxilotuak torturatzen ari zirela pentsatzen zutelako; eta bestetik: «Buruan zera nuen: 'Ez gaituzte bakean utziko sekula, ez da bukatuko sekula'».

Zuzen-zuzenean ez bada ere, operazio hark eragin zien Alberto Barandiaran eta Eneko Bidegain Iruñeko eta Baionako egoitzetako buruei ere. Etxetik joateko eskatu zioten Barandiarani: «Imanol Muruak deitu zidan, eta esan: 'Alberto, joan hadi etxetik'. Eta: 'Nola joango nauk etxetik?'. Gogoratzen naiz gaizki erantzun niola. Esan zidan: 'Alberto, denak atxilotzen ari dira'». Kanpoan pasatu zuen gaua, eta 08:00 aldera itzuli zen etxera. Irudipena, Arraratsek izan zuenaren parekoa: «Esan nuen: 'Hau pikutara doa'».

Bidegaini, berriz, etxetik alde egiteko ez, baina Hego Euskal Herrira ez igarotzeko eskatu zioten: «Abokatuak esan zidan: 'Ez dakigu zer pasatu daitekeen, eta hobe duzu ez pasatzea Hegoaldera'». Izan ere, Egunero-ren enpresa bere izenean egon zen, eta zuzendaria ere izan zen. Hilabete batzuen buruan, gauzak «lasaitzen» ari zirela sumatuta, utzi zioten berriro Hegoaldera pasatzen.

Absoluzioa berriz ere

Auzi nagusian ez bezala, kasu honetan ez zuten inor espetxera bidali: urriaren 21ean Arrizabalaga, Diez, Etxeberria eta Hernandez libre utzi zituzten; Sorozabalek, Sorsek, Azkunek eta Larrartek, berriz, hamabina mila euro pagatu behar izan zituzten.

Prozesu hau ere, azkenean, ezerezean geratu zen. Zortzi lagun zeuden auzipetuta —Sors eta Sorozabalez gain, Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Ainhoa Albisu, Fernando Furundarena eta Begoña Zubelzu—. 2014an, atxiloketetatik 11 urtera, Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak artxibatu egin zuen kasua. «Zehaztugabeak» iruditu zitzaizkion akusazioak, eta ustezko delituak preskribatuta zeuden.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Haur batzuk, artxiboko irudi batean ©jon urbe / foku

Seme-alabak eta bizikideak zaintzeko baimen gehiago emango dituen legea onartu du Madrilek

Irati Urdalleta Lete

Espainiako Gobernuaren Ministroen Kontseiluak gaur onartu du Familien Legea. 8 urte baino gutxiago dituzten haurren gurasoek zortzi asteko ordaindu gabeko baimena izango dute.

Manuel Lezertua EAEko Arartekoa, gaur, Eusko Legebiltzarrean ©Endika Portillo/ Foku

Osakidetzari lotutako kexak %220 ugaritu dira 2020. urtearekin alderatuta

Edurne Begiristain

EAEko Ararteko Manuel Lezertuak 2022ko txostena aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean. Salatu du zenbait erakundek ez dietela erantzuten arartekoaren informazio eskaerei.

Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidentea eta Espainiako Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Ministerioko ordezkariak, gaur, Iruñean. ©JESUS DIGES / EFE

AHTaren Iruñerriko zatia eraikitzeak 500 milioi euro inguruko kostua izango du

Mikel Elkoroberezibar Beloki

Txibitek esan du Etxebakoitzen eraikiko dutela Iruñeko tren geltoki berria. Castejon eta Zaragoza arteko zatiak 1.500 milioi euroko kostua izango du.

Aranzadiren aurreskua Sevillako hezurtegian

Aurreskua eta kopla flamenko bat Sevillan, errepresaliatuen Espainiako hezurtegirik handienean

Jon Ordoñez Garmendia

1936ko gerran faxistek hil zituzten 1.786 pertsonaren gorpuzkiak atera ditu Aranzadik hobi komun batetik. Atzo hezurtegi batean sartzen hasi ziren, eta, ekitaldian, Manuel Gerena flamenko kantariak abestu ondoren, Anartz Ormaza Aranzadiko arkitektoak agurra dantzatu zuen.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.