Metroa gelditu!

Maialen Briz Erdozia - Satorralaiako kidea

2020ko azaroak 21

Aldarrikapen soil eta argi hori birritan oihukatuz amaitu genuen joan den larunbatean Donostian egindako manifestazio jendetsua: «Metroa gelditu!». Era honetan, azpiegitura-lan handi horrek eragindako ezbehar larriak eta %80tik gorako gainkostuak direla eta, Metroaren aurka berriro protesta egiteko eta jendartearen gehiengoak astakeria handi hau onartzen ez dugula aldarrikatzeko atera gara kalera.

Gure ustez, Metroaren obran sortu diren arazo eta gainkostu izugarriek proiektu honen zentzugabekeria egiaztatu baino ez dute egiten. Egoera larri honek erakusten duenez, Metroaren proiektua Donostiako ibai-marea lur hareatsuetan eraikita dauden Erdialdeko eta Amara auzoko lurpea desegonkortzeko arriskuak aintzat hartu gabe eta ezjakintasun izugarriarekin diseinatu da. Honi dagokionez, kezkagarria da problematika horren inguruan erakundeek agertzen duten ilunkeria, instituzioetan aurkeztutako hainbat salaketa dokumentaturen gaia izan baita hori, inoiz erantzunik jaso ez dutenak.

Joan den martxoan, obra hau bultzatzen duen Jaurlaritzaren menpeko ETS erakundeak ondorengoa erantzun zion herritar baten informazio eskaerari, Informazio Publikorako Batzordeak erantzuna ematera derrigortua izan eta gero: «Metroaren egitasmoan proiektatu diren lurpeko obrak oso-osorik mazizo arrokatsuan eta harri sanoan egiten dira». Arroka sanoa? Bai zera! Gauetik goizera, orain ezegonkortasun arazo larriak daudela diote Kontxatik Easo plazaraino luzatzen den tarte osoan; eta ondorioz, lurpean askoz ere porlan gehiago sartu, obra egiteko epea bi urte gehiago luzatu, eta Mirakontxa-Easo zatiaren obra berriro lizitatu behar dela, une honetan 40 milioitik gorakoa aurreikusten den gainkostuarekin, nahiz eta 50 milioikoa ere izan daitekeen; alegia, %100eko gainkostua.

Bada, lardaskeria itzel honen aurrean erantzukizunak argitu daitezela —ETSren arduragabekeria nabaria izan baita— eta jendartean deskreditu osoa bereganatzen ari den makro-proiektu behargabeko hori behin betiko geldiaraz dezatela eskatzen dugu. Horrez gain, Iñaki Arriola sailburuak milioi askoko gainkostuak barne hartuko dituen esleipen berri bat egiteko agertu duen asmoa onartezina dela adierazten dugu. Are gehiago egungo krisi egoeran, proiektu honek gizarte arloko hainbat premia atzeraezin eta lehentasunezkoei erantzuteko behar-beharrezkoak diren baliabide publikoen xahuketa justifikaezina dakarrenean. Hobe genuke dirutza horiek osasungintzan, hezkuntzan, etxebizitzan, zaintzan, pentsioetan, gizarte zerbitzuetan… erabiltzea.

Berriro diogu: Donostiako hiri-erdialdean barrena Metro bat eraikitzea herritar gehienen iritziaren aurka inposatu da eta egitasmoak ez du inongo justifikaziorik hiriko garraio publikoa nahiz Gipuzkoan EuskoTrenen sarea hobetzeko egin diren bestelako proposamenen aldean. Izan ere, Topoaren eta Kostaldeko trenaren zerbitzuak hobetzeko EuskoTrenen sarean bikoiztutako trenbide zati nahikoa egitea da gakoa, eta horrekin batera, Topoaren eta Dbus-en linea nagusiak koordinatzea, trenaren eskualdeko bidaiariei hiriko zonalde eta auzo guztietara frekuentzia handiko autobusez iristeko aukera emateko. Metroaren igarobidea martxan jarriz gero, Dbus-en zerbitzuetan ondorio kaltegarriak ekarriko lituzke, proiektuaren bideragarritasun azterketak Dbus-en hainbat autobus linea kentzea eta beste zenbaiten maiztasuna murriztea planteatzen baitu.

Donostian metroa eraikitzea garraio publikoarentzat apustu okerra da beraz, eta, horrez gain, hirian nozitzen ari garen jarduera urbanistiko erasokorren artean nabarmentzen da. Udalaren eta Eneko Goia alkatearen konplizitatea erabakigarria izaten ari da egitasmo honen inposaketan. Aldi berean, hirigintzaren arloan jite bereko beste hainbat operazio polemiko pilatzen ari da Donostian, hala nola hotel berriak mugagabe hedatzea, putre-funtsek etxebizitza eraikin osoak erostea, merkataritza marka handiek hirigunea kolonizatzea, San Bartolome muinoa goitik behera zulatuz aparkalekuak eta merkataritza gunea eraikitzeko egitasmoa, balio berezia duten eraikinak babesik gabe utzi eta eraistea, edota Santa Klara uharteko obrak.

Horrek guztiak metro-pasantearekin sustatzen den hiri eredua auzitan jartzera garamatza. Honi gagozkiola, egitasmoak Easo plazako EuskoTrenen geltoki nagusia ezabatzen du ekimen pribatuko etxegintza sustatzeko, eta Erdialde-Kontxako zonalde komertzial eta turistikoaren inguruan trenbide diseinu zentralizatzaile berri bat bultzatzen du. Interes ekonomiko handiei sistematikoki mesede egiten dieten politiken adierazle biribil bat da Donostiako Metroa: bizitzeko hiri baten ordez negoziorako hiri eredu bat eraikitzen ari da.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna