Gizateriaren urratsen atzetik

Yuval Noah Harariren 'Sapiens. Gizadiaren historia labur bat' liburua euskarara ekarri dute Xabier Kintanak eta Andoni Sagarnak. Gizateriaren «galdera handiei» heltzen die egileak

Xabier Kintana eta Andoni Sagarna euskaltzainek itzuli dute liburua euskarara. Donostian aurkezpena egin zuten atzo. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2019ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Nola lortu zuen giza espezieak bizirik irautea? Zergatik batu ziren gizakiak hiri eta erresumak sortzeko? Nola iritsi zen gizateria jainko, nazio eta eskubideetan sinestera? Eta nola heldu da kontsumismoaren mendeko izatera? Galdera horiei eta beste hainbati heltzen die Yuval Noah Harari historialari eta idazle israeldarrak Sapiens. Gizadiaren historia labur bat lanean. 2011. urtean plazaratu zuen liburua hebreeraz, eta 2014an ingelesez. Ordutik, gutxienez beste 45 hizkuntzatara itzuli dute, eta euskaraz ere irakurtzeko aukera dago orain, Xabier Kintanak eta Andoni Sagarnak egindako itzulpen lanaren eskutik. Elkar argitaletxeak plazaratu berri du liburua.

Itzulpena argitara ematea «lorpen handia da bai euskararentzat bai zientziaren eta pentsamenduaren dibulgazioarentzat», Antxiñe Mendizabal editorearen ustez. «Asmo handiko» lantzat jo du liburua, hainbat zientziatako —biologia, antropologia, paleontologia, ekonomia...— jakintzak abiapuntu hartuta, eta dibulgazio asmo argi batekin, «historiaren eta mundu modernoaren galdera handiei» heltzen diena. Eta hori guztia ikuspuntu kritiko batetik egiten du egileak, editoreak nabarmendu duenez: «Orain arte gizakiaz genekiela uste genuen guztia zalantzan jartzen du». Estilo «arin eta ulergarrian» idatzita egoteak, gizadiaren bilakaeraren argumentuak berak, eta kontzeptu jasoak adibide ugarirekin azaltzeak nobela bat balitz bezala irakurtzeko modua ematen dutela gaineratu du Mendizabalek.

Liburuaren «izpiritu kritikoa» nabarmendu du Sagarnak. «Definizio bat ematekotan, esango nuke gure gizartean dagoen hutsune handi bati erantzuteko tresna egokia dela». Eta hutsune hori «pentsamendu kritikoaren hezkuntza» da, haren iritziz. «Liburuak gauza asko jartzen ditu zalantzan, aurreiritzi asko astintzen dizkigu, eta pentsarazten digu». Modu didaktikoan idatzita egoteak, gainera, gaztetxoentzat ere aproposa egiten duela uste du.

Kintanak, berriz, egileak gizarteaz duen ikuspegi «unibertsala» azpimarratu du. «Beretzat mundu guztia da gizartea, ez bere herrikoak bakarrik». Zibilizazio eta leku askotako adibideak agertzen direla azaldu du. «Eta ez gaude ohituta halakoetara. Zibilizazioa guretzat izan da europar zibilizazioa. Liburu honek, berriz, esaten digu beste herrietan ere historiak egon direla». Bateko eta besteko aurkikuntzak eta historiak liburura ekarriz, Hararik «mundutar gizartea» marratzen duela gaineratu du. «Alde horretatik, eskerrak ematekoa da ematen duen ikuspegi zabal eta unibertsala».

Halaber, egilea israeldarra dela eta Israelen erlijioak «pisu berezia» duela gogora ekarri du Kintanak, baina, hala ere, «gizakia ez zela bat bakarra izan» azaltzen duela liburuan, eta era askotako gizakiak erakusten dituela nabarmendu du. Horregatik, eskertzekoa da egilearen «adorea», itzultzailearen iritziz, «errealitatea ikusteko forma ezberdinak» eskaintzen dituelako.

Lau eskutara itzulia

Lan handia baina atsegina izan da lana euskaratzea, bi itzultzaile eta euskaltzainek baieztatu dutenez. Kintanari aspaldiko lagun batek, Alberto Albaizarrek, gomendatu zion liburua, eta euskaraz egotea interesgarria litzatekeela pentsatuta, Sagarnari aipatu zion ideia. Erdi bana euskaratu dute testua, ingeleseko itzulpenetik.

«Itzulpena beti da funanbulismo ariketa bat», adierazi du Sagarnak: «Oreka bat zaindu behar da; errespetatu behar duzu jatorrizkoaren estiloa, baina baita ere helburuko hizkuntzaren esamoldeak, gramatika eta abar». Lan hori bi itzultzaileren artean egiteak zailtasunik ekar badezake ere, ez dutela aparteko oztoporik izan azaldu du. «Horrek ere erakusten digu gaur egun euskarak daukan egoeran bi lagunen artean itzulpena egitea ez dela beste munduko arazoa. Garai batean, seguru asko, askoz ere arazo handiagoa izango zen». Lan horretan Ramon Olasagastiren partetik izan zuten laguntza ere eskertu du, «bere irakurketa eginez, testua gozatzeko eta arintzeko hainbat iradokizun» egin zizkielako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.