Koronabirusa

Lurrean, lurra jo baino lehen

Koronabirusaren krisiak ataka larrian jarri du aire garraioaren sektorea, eta konpainia gehienak porrot egiteko gertu egon litezke. Estatuak esku hartu beharrean izan dira, eta diru publikoa erabili behar izan dute erreskatatzeko.

Lufthansako hegazkinak Frankfurteko aireportuan geldi. Europako airelinea handiena da. ARMANDO BABANI / EFE.
aitor biain
2020ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
«Abiazioaren ordurik ilunenak bizitzen ari gara, eta zaila da egunsenti bat ikustea etorkizunean». Alexandre de Juniac IATA Nazioarteko Aire Garraioko Elkarteko zuzendari nagusiarenak dira hitzak. Argazki apokaliptiko bat deskribatzen badu ere, errealitatea ez da oso bestelakoa. Koronabirusaren krisia kalte handia eragiten ari baita sektorean, eta ataka estuan jarri ditu aire konpainiak: lurrean utzi ditu hegazkin gehienak, eta enpresak amildu eta lurra jotzeko gertu. Gaitzari aurre egiteko pertsonen mugikortasuna mugatu izanak kolpeko eragina izan du aire garraioan ere, eta, turismoari zuzenean lotutako beste arlo ugaritan bezala, zerumuga iluntzen hasi zaie.

Pertsonen joan-etorria murriztu eta mugak itxi izanak aire garraioa geldiarazi du: Europako Batasunean %88 murriztu da trafikoa iazko datuekin alderatuta, Eurocontrolek esan duenez. Frantzian %93 jaitsi da, zehazki, eta Espainian %95; kopuruak ere antzekoak dira AEBetan. Airelinea nagusien hegazkin gehienak aparkaleku erraldoi bilakatu diren aireportuetan daude, eta kostu txikiko konpainien geldialdia erabatekoa da ia. «Inoiz ez dugu tamaina honetako geldialdirik izan», esan du De Juniacek.

Jardueraren bat-bateko jaitsierak sektore osoan izan du eragina, eta abiazioa inoiz izan duen krisirik handienaren aurrean da. Aurrez ere izan ditu garai latzak: 2001eko irailaren 11ko atentatuak, 2008ko finantza krisia eta Islandiako sumendiaren kasuak dira nabarmenenak. Baina koronabirusak egoera berri baten aurrean jarri du mundua, eta agertoki horretan aire garraioaren kolpea ere inoiz jasan gabekoa izatea espero da.

25 milioi lanpostu

IATAk galera handiak aurreikusi ditu, eta iragarpenak are gehiago okertu ditu asteak igaro ahala. Azken datuen arabera, mundu osoan 25 milioi lanpostu galduko dira mugikortasun mugak hiru hilabetez luzatzen badira.Txinaren ostean, Europan eta AEBetan nabarmenduko da kolpea, batez ere: 70.000 milioi euroren eta 46.000 milioi euroren galerak izango dituzte, hurrenez hurren. Gainera, 5,6 milioi eta bi milioi lanpostu desagertuko dira. Denera, 286.500 milioi euroko zuloa utziko du krisiak munduan.

Bidaiarien urteko eskaria ia erdira jaistea espero da iazkoaren aldean, eta aire konpainia batzuk porrot egiteko gertu izan daitezkemaiatzaren bukaerarako. Horri aurre egiteko neurriak hartzen hasiak dira. Lan erregulazio txostenak aurkeztu dituzte enpresek, baina likidezia beharrean dira, eta kutxak hutsik dituzte gehienek. Bada, krisiak luze irauten badu, lurra jotzeko gertu izan daitezke munduko aire konpainien %75 inguru, IATAren arabera. COVID-19-ak utzi du bere lehen biktima, halere: Flybe airelinea ingelesa izan da porrot egiten aurrenetarikoa. Finantza arazoei aurre egin ezinda zebilen, eta azken kolpea eman dio gaitzak.

Irauteak bakarrik balio du, eta horrek gastuak txikitzea esan nahi du; gerrikoa estutzea. Finantzaketa programak egokitzen ari dira konpainiak: hilabete eskasean goitik behera aldatu beharrean izan dituzte planak. Askotariko neurriak hartu dituzte, gastuak berehala txikitzen hasi eta ordainketak atzeratzeraino: erretiroak aurreratu dizkiete langile batzuei; hegazkin kopurua murriztu dute amortizatuak dituztenak salduz; bidaiariei bonuak eman dizkiete, hegazkin txartelen dirua itzuli ordez; kredituak hitzartu dituzte finantza erakundeekin: eta hegazkin berrien erosketak atzeratu eta bertan behera utzi dituzte Airbus eta Boeing konpainiekin. Hartutako neurri guztiak ere ez zaizkie aski, ordea, eta laguntza eskaerak gero eta ozenagoak dira.

'Guraso estatua' erreskatean

«Aire konpainiek salbatzaile bat behar dute, inoiz baino gehiago». De Juniac, ostera ere, katastrofeaz ohartaraziz. Eta berriz ere, begirada guztiak guraso estatuarengainean jarri ditu IATAko buruak. «Konpainien finantzaketa laguntzek lehentasunezkoak izan behar dute gobernuentzat». Administrazioei eskatu diete, besteak beste, laguntza zuzenak emateko aire garraio komertzial eta zama garraio konpainiei, maileguentzako erraztasunak emateko, orain arte ordaindutako soldaten gaineko zergak jaisteko, eta2020ko gainerako zerga ordainketak atzeratzeko.

Erantzuna berehalakoa izan da, eta diru publikoaren jarioa etengabekoa mundu guztian zehar. Norwegian konpainia izan zen administrazioari ateak irekitzen lehena: lehendik zuen zorrari aurre egin ezinik zebilen, eta pandemiak are gehiago okertu du haren egoera. Enpresa porrotaren atarian zela, Norvegiako Gobernuak ia 270 milioi euroko mailegua emango diola iragarri du. Baldintza gogorrak jarri dizkio, ordea: dirua jaso nahi badu, berregituraketa zorrotz bat egin beharko du. Zorra akzioetan jaulkitzeko prest azaldu da, baina asmo horrek kolpe handia eman dio finantza merkatuetan.

Antipodetan, Zeelanda Berriko Gobernua ere oxigenoa emateko prest azaldu da Air New Zealandi. Ia 500 milioi euroko erreskatea adostu dute, eta kopuru horren barruan daude datozen 24 hilabeteetan zorra berregituratzeko maileguak ere. Australiako Gobernuak ere 97 milioi euroren laguntzak onartu ditu Qantasentzat eta Virginentzat. Martxoan dagoeneko beste 500 milioi euro pasako funtsa bideratu zuen abiazioaren sektorera.

Italiako Gobernuak Alitalia nazionalizatu du, hamaikagarren aldiz: 2002tik ez du irabazirik izan, eta 2017az geroztik konkurtsoan zegoen. Azken 50 urteotan, 7.000 milioi euro jarri dituzte Erromako agintariek konpainia salbatzeko, eta beste 500 milioi jarriko dituzte orain.

Air France KLMk, berriz, 6.000 milioi euroren maileguak eskatu dizkie Frantziako eta Herbehereetako gobernuei. Paris eta Hagaprest azaldu dira laguntzeko enpresaren %14 du bakoitzak, eta baita haren kontrol osoa hartzeko ere, beharrezkoa izanez gero.

Alemaniak ere modu berean erantzun du, eta adierazi du edozer egingo duela Europako aire konpainia handienari laguntzeko. Merkelen gobernua Lufthansaren kapitala erosteko prest azaldu omen da zenbait hedabideren arabera, baina enpresa ez da horren aldeko. Airelineak laguntza eskatu die, halaber, Suitzako eta Austriako gobernuei, eta kreditu bat negoziatzen ari da Belgikarekin ere, Brussels Airline talde alemaniarreko kide baita.

Erresuma Batuak ere plan bat iragarri du Virgin Atlantic etaEasyjet konpainiak diru publikoz laguntzeko. Aldiz, zalantza ugari eragin du Iberia, Vueling edo British Airways batzen dituen IAG taldeak, Espainiarekin partekatzen baitu jabetza, eta brexit-aren ondoren, agertoki berrira egokitzekotan baita. Halere, Europan, aire konpainiei laguntzeko iragarritako neurri guztiak herrialdeek beren kabuz hartutakoak dira. Batzordeak ez du planik iragarri; ezikusiarena egin du, nahiz eta aire garraioaren eskumena berea den. Egungo araudiak enpresei laguntza publikoak ematea ere debekatzen du, eta horretan ere ez du kontrako jarrerarik erakutsi. Aitzitik, onartu du gobernu askok enpresa nagusien akzioak erosi beharko dituztela, aldi baterako bada ere.

AEBetan, bestalde, gobernuak 50.000 milioi dolarreko funtsa bideratu du aire konpainiak porrotetik salbatzeko. Ez dute erabaki oraindik diru horrekin gobernuak konpainien kapitala erosiko duen ala ez. Halere, funtsaren erdia zuzeneko laguntza izatea aurreikusten da, eta gainerakoa, mailegu eta berme bidez emandakoa. Ohartarazi dute, hori bai, laguntza horiek baldintza gogorrak izango dituztela: isuri kutsagarriak murriztea, adibidez.

Ondorengoari begira

Krisi eta turbulentzia ugariko urteak pasatu ditu, baina birusak bat-batean geratu du abiazioaren garairik goxoena. Iluntzen ari du sektorean, eta hasiera batean suspertzea kolpekoa izango zela uste bazen ere, luze jo dezake. Hala iragarri du De Joniacek: «Krisiak hartu duen tamaina ikusita, ia ezinezkoa egiten du V formako suspertzea. Egiari zor, U forma izango du gehiago». Txina da horren erakusgarri. Pertsonen joan-etorria mugatuta egon daiteke epe luzera, eta horrek zaildu egingo du normaltasunera itzultzea.

Beste kontu bat da aire konpainien iraupena ere. 2008ko finantza krisiaren ondoren, enpresen arteko bat egiteak nabarmen ugaritu ziren; ordukoak dira gaur egungo hegazkin kÞonpainia nagusiak, eta elkartze horri esker iraun dute azken hamarkada honetan. Baina etorkizuna zalantza ugariz beteta dator, eta hegaldia laburra izan daiteke askorentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.