Irungo Udalari galdegin diote denentzako alardea antolatzea

Irungo Alarde Parekidearen Juntak eskatu du, berdintasuna «betebehar moral eta politikoa» dela iritzita. «Erantzun positiboa» espero dute

Irungo alarde parekideko kideak, artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2022ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
«Uste dugu tenore honetan gure hiriak berriro merezi duela udalak antolatutako alardea». Eskaera argia egin dio Irungo (Gipuzkoa) Alarde Parekidearen Juntak udalari: herritar guztientzako alarde baten antolakuntza bere gain har dezala. Dagoeneko eskaera ofiziala aurkeztu dute udalean bertan.

Gaur egun oraindik ere Irunen bi alarde antolatzen dituzte: emakumeak kantinera gisa soilik onartzen dituen bat eta emakumeak baztertzen ez dituen beste bat, Emakunderen eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babes ekonomikoaz norbanako talde batek antolatua. Alarde Parekidearen Juntak gogorarazi duenez, ordea, ez da beti horrela izan: «Alardea mendeetan eta mendeetan antolatu du herriko etxeak; areago, udal ez baina kontzeju huts zelarik ere antolatzen zuen, eta XIX. mendearen bigarren erdialdeaz geroztik eutsi dio gaur egun ezagutzen dugun erari».

Orain, uste dute aldaketarako garaia dela, gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna alardean ere bermatuta egon dadin. Izan ere, nabarmendu dutenez, legez jasota dago berdintasunerako eskubidea: «Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun printzipioa eta sexuagatik ezein bazterkeriaren debeku berariazkoa jasota daude gure toki erakundea barne den ordenamendu juridiko guztietan». Horrenbestez, erakundeak ere horren erantzule direla ohartarazi dute: «Autonomia estatutuak ere ezartzen du botere publikoen eginbeharra, baldintzak sustatzekoa eta oztopoak gainditzekoa, pertsonek eta beraien taldeek erdiets dezaten benetakoa eta eraginkorra den berdintasuna».

Alegia, berdintasuna eginbehar bat dela nabarmendu dute, eta festetan ere hori bermatu beharra dagoela erantsi dute: «Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna betebehar moral eta politikoa da, emakumeen eskubideak bermatzea dakarrena, baita pertsona guztientzako aukera berak eraikitzea ere. Beraz, zuzenean dei egiten die arduradun politikoei, ea nolako jokabidea duten esparru guztietan, baita jai girokoetan ere, benetako berdintasuna ezinezko bihurtzen duten oztopoak desager daitezen».

Udalera bidalitako eskaera ofizialean balioa eman diete azken urteetan udal erakundeak berdintasunerako konpromisoan emandako pausoei, baina urrats gehiagoren beharra azpimarratu dute: «Uste dugu iritsi dela konpromiso hori [berdintasunaren aldekoa] gure hiriko jaietan ere gauzatzeko tenorea, hain zuzen, udalak alarde parekidea sustatu eta antolatuta». Eskaera aurkeztuta, espero dute udalak onetsiko diela eta «erantzun positiboa» jasoko dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.