Albistea entzun

Organo komun iraunkorra. 25. urteurrena

Eta Pandoraren kutxa ireki zen

1996an, Nafarroako Parlamentuak eta Eusko Legebiltzarrak baiezkoa eman zioten organo komun iraunkorrari, ekainaren 11n batak eta 15ean besteak. Inoiz ez zen abian jarri lankidetzarako esparru hura, Nafarroako Gobernua erori egin baitzen laster. 25 urte geroago, gertaera haren lorratza ez da guztiz ezabatu.
1995eko uztailaren 4an, Iñaki Cabases (EA), Javier Otano (PSN) eta Juan Cruz Alli (CDN), akordioa izenpetzean.
1995eko uztailaren 4an, Iñaki Cabases (EA), Javier Otano (PSN) eta Juan Cruz Alli (CDN), akordioa izenpetzean. OSKAR MONTERO Tamaina handiagoan ikusi

Joxerra Senar -

2021eko ekainak 9

Nafarroako eskuinaren izuak hezurmamitzen dituzten bi obsesio nagusi daude. Bata, nola ez, Espainiako Konstituzioko laugarren xedapen iragankorra da, inoiz Hego Euskal Herriko lau lurraldeen batasunaren aukerari atea irekitzen baitio. Bestea, berriz, organo komun iraunkorra da. Hain zuzen ere, etzi 25 urte beteko dira Nafarroako Parlamentuak baiezkoa eman zionetik Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren artean lankidetza bultzatzeko erakunde komun hura sortzeari. Ez dago jakiterik lankidetza esparru hura noraino heldu ahal izango zen, inoiz ez baitzen abian jarri. Izan ere, asmo hura iragarri zenetik bertatik, Pandoraren kutxa ireki zen. Eskuinak jo eta ke egin zuen haren aurka. Mende laurden igaro eta gero, pasarte hark utzitako lorratza ez da guztiz desagertu.

LEHEN KOALIZIO GOBERNUA

90eko hamarkadaren hasieran, UPN lehen aldiz gobernura iritsi zen, Juan Cruz Alliren gidaritzapean. Trantsizioan, alderdia sortu zuten buruzagien ondorengo belaunaldiko politikarien artean, karisma handieneko buruzagia zen Alli, eta legealdi hartan nolabaiteko bide berri bat esploratu nahi izan zuen. Euskal kutsuko edozein proposamenen aurrean jarrera oldarkorra adierazten zuen UPNren alderdiaren aurrean, euskarara nolabait gerturatzen eta politikan jarrera malguagoa izaten saiatu zen, baina UPN barruan gaizki ikusi zen mugimendu hura, eta kanporatu egin zuten. Haren albokoak, Miguel Sanzek, alderdiaren lema hartu zuen, eta Allik, berriz, CDN alderdia sortu zuen.

UPNk irabazi zituen 1995eko maiatzeko bozak, baina ez zen aski izan. Aukera zuen CDNrekin negoziatzeko, baina, kanpainan Alli transfugotzat eta traidoretzat jo ostean, hark nahiago izan zuen PSNrekin eta EArekin hitzartu. Bakoitza tradizio batetik zetorren. Oraindik ere Gabriel Urralbururen garaiko ustelkeria gainetik astindu ezinik zebilen PSN, baina bigarren geratu zen bozetan; CDNk zentroko proiektua eraiki nahi zuen; eta, lehen aldiz, alderdi abertzale batek, EAk, ordezkaritza lortu zuen Nafarroako Gobernuan. Nafarroan, lehen koalizio gobernua izan zen hura. Javier Otanok, kargua hartzeko ekitaldian, elkarrizketarako deia egin zuen. Era berean, ustelkeriaren orbana ezabatu nahirik, zin egin zuen «etikarik gabe politikarik ezin zela egin». Hitz profetikoak izan ziren.

Isilean eta diskrezioz, gobernu hark elkarrizketa abiatu zuen Jose Antonio Ardanzaren gobernuarekin. 1996ko maiatzaren hasieran, argitara atera zituzten akordioaren nondik norakoak. Bi gobernuen arteko topagune izango zen organo komun iraunkorra eratuko zuten. Erakunde hark ez zuen ahalmen exekutiborik izango, baina bide emango zion bi administrazioen eskumen ziren gaietan lankidetza garatzeko aukerari. Urte hartako udan abian jartzea espero zen. Adibide gisa jartzen zen Belgikaren eta Herbehereen artean antzeko itun bat egina zutela eta onuragarria zela.

UPN-REN PRESIOA

Guztiz bestela ikusi zuen UPNk. «Nafarroarentzat oso arriskutsua da», ohartarazi zuen. Jo eta ke, edukiaren berri izan zuenetik bertatik jo zuen haren aurka, indar guztiekin. Haren jomuga nagusia bere bazkide PP izan zen. Espainiako hauteskundeetan, 1996ko martxoan, PSOEri aurrea hartzea lortu zuen PPk lehen aldiz, baina garaipena ez zen izan uste bezain zabala, eta beste alderdiekin negoziatzeko tenorean aurkitu zuen bere burua. EAJrekin eta CiUrekin hitzartu ostean, Jose Maria Aznar izendatu zuten Espainiako gobernuburu, noiz eta organo komun iraunkorra ezagutarazi baino bi aste lehenago.

Epeak garrantzitsuak dira. Izan ere, jeltzaleekin egindako akordioan organoarena aipatzen ez bazen ere, PPri jeltzaleekin ez haserretzea komeni zitzaion. Egoera hartan, UPNk ohartarazi zion Aznarri euren arteko harremana kolokan jar zitekeela proiektu hura ahalbidetzen bazen. «Nafarroak nortasuna galduko du», zioten. Espainiako Auzitegi Konstituzionalera joatearekin ere egin zuen mehatxu.

Presioaren aurrean, PPko Jaime Ignacio del Burgok ziurtatu zuen 1990etik UPNrekin zuen ituna beteko zuela eta, Nafarroako kontuei zegokienez, UPNren «esanetara» zegoela Alderdi Popularra —berdin zion Del Burgok berak, 1987an, Hegoaldeko bi gobernuen arteko lankidetza esparru bat sortzea proposatu izana eta Nafarroako Parlamentuak bide hura aztertzeari baiezkoa eman izana—. Del Burgoren hitzarekin konforme geratu ez zenez, Miguel Sanz UPNko orduko presidenteak zuzenean Jose Maria Aznarrengana jo zuen Madrilera. Haren ahotik entzun zuen ez zuela organo hura onartuko.

EAk eta EAJk gogor salatu zituzten UPNren mugimenduak. Carlos Garaikoetxea EAko orduko presidentearen arabera, erabat deigarria zen bere burua foralistatzat zeukan alderdi batek Madrilera jotzea Nafarroan bultzatutako ekinaldi politiko bat gerarazteko. Jeltzaleek, berriz, ziurtatu zuten PPk proiektu hura oztopatuz gero euren konfiantza galduko zutela. Maiatzaren 31n, Moncloan elkartu ziren Xabier Arzalluz EAJren EBBko burua eta Aznar. Bi alderdien arteko akordioan, organo komunaz hitzik ez bazetorren ere, buruzagi jeltzaleak aurreratu zuen «latza» izango zela egitasmo hura eragoztea.

ONARPENA

Azkenik, ekainaren 11n, onartu egin zuen organo komun iraunkorra Nafarroako Parlamentuak. Espero zenez, UPNk kontra bozkatu zuen. Herri Batasunak, berriz, ez zuen bozkatu, protesta moduan. Oso kritikoa zen egitasmo harekin, argudiatuta ez zuela ahalmen exekutiborik eta ez zuela lurraldeen batasuna ahalbidetuko. Bi alderdien kritiken aurrean, tartean jarri zen Nafarroako Gobernua: «Akordioak ez du zerikusirik ez batzuen ametsekin, ezta besteen mamuekin ere».

Egun batzuk geroago, Eusko Legebiltzarraren txanda heldu zen, eta aurrera atera zen. Bozketa hartan, PPren botoak ez ziren erabakigarriak, baina UPNkoak ez haserretzea hobetsi zuen. Deserosotasunaren adierazle, Leopoldo Barredak argudiatu zuen «arrazoi propioak» zituztela ezezkoa emateko, eta bi gobernuek elkar ulertzeko baino gehiago zatitzeko balioko zuela egitasmo hark: «Biltzen den bakoitzean istiluak sortuko dira», esan zuen.

OTANOREN DIMISIOA

Handik astebetera lehertu zen dena. Ekainaren 18an, Diario de Navarra egunkariak kaleratu zuen Javier Otano presidentearen izenean kontu bat zegoela Suitzan, eta herrialde hartako Paul Perraudin epaileak horren gaineko argibideak bidali zituela Iruñeko epaitegira. Aurretik ezaguna zen Gabriel Urralburu eta Antonio Aragon PSNko buruzagiek Suitzan kontuak zituztela, eta Marisol Alejandre Iruñeko epailea ikertzen ari zen ea alderdi sozialistaren finantzaketa irregularrik zegoen. Hilabete batzuk lehenago eskaera egin zuen Suitzara ea kontu gehiago baziren, eta, informazio hura jasota, sumarioaren atal hori sekretupean zegoen. Haatik, egunkariak haren berri izan zuen, eta une politiko berezi hartan eztandarazi.

Eskandalua berehalakoa izan zen, eta egun hartan bertan dimisioa eman zuen Otanok. «Sufrimenduzko urte askoren ondotik, gaur gauean azkenean lo lasai egin ahal izango dut». Federico Garcia Lorcaren antzezlan bateko hitz horiekin, arindua adierazi nahi izan zuen Otanok. Hala, betiko agur esan zion politikari. Kolpe hark zuzen-zuzenean eragin zion gobernuari. Juan Cruz Allik adierazi zuen «atsekabetuta, umiliatuta eta manipulatua» sentitzen zela. PSNrekiko konfiantza pitzatuta zegoen, baina gobernuarekin zer gertatuko zen, hori zegoen jokoan, eta aukera guztiak irekirik zeuden.

Izan ere, UPNk aukera baliatu nahi izan zuen boterera heltzeko, eta, beste behin, Madrilen topatu zuen arnasgunea. Dimisioaren aurrean, PSOEk kudeaketa batzorde bat izendatu zuen, eta PSN oposiziora bidaltzeko indar egin zuen uda hartan. Iruñetik bestela ikusten zuten egoera. Alderdi sozialistaren barruan, hiruko gobernu hari eusteko borondate zabala zegoen, baina barne pultsu hartan Ferraz nagusitu zen. Miguel Sanzek eta UPNk bidea libre zuten gobernuaren lema hartzeko.

Irailaren 18an hartu zuen kargua, eta lehen neurrietako bat organo komun iraunkorra desegitea izan zen. Proiektu hark Espainiako Gorteen oniritzia behar zuenez, PPrekin hitzartu zuen haren edukia kamuts uztea. Proposamen berriak lankidetzarako esparrua eta koordinatzeko gaiak mugatzen zituen, eta EAJk berak salatu zuen egitasmoa «urardotu» zuela. PPrekin «krisi instituzionala» sortzeko arriskuaz ohartarazi arren, azkenean gatazka giroa baretuz joan zen. Organo komunarenak egin zuen. Nafarroan, UPN agintean izanik, ezinezkoa zen aurrera ateratzea.

ONDORIOAK

Organo komuna ahanzturaren kutxan sartu zuen UPNk, eta, ordutik, parlamentuan noizbehinka eztabaiden testuinguruan argudio gisa baino ez da aipatzen.

Adibidez, 10. urteurrena bete zenean, 2006an, EAk mozio bat aurkeztu zuen akordio hura bete zezala eskatzeko gobernuari, baina ordurako jokalekua erabat aldatuta zegoen, eta protagonistetako batzuen ahotan deserosotasuna baino ez zuen adierazi afera hark. Izan ere, ordurako CDNren gainbehera nabarmena zen: UPNri itzal egiteko helburuarekin sortu zen proiektua UPNren makulu zen ordu hartarako, eta harekin batera gobernatu zuen legealdi hartan, guztiz irentsia izan aurretik. Juan Cruz Alliren arabera, organo komuna abertzaleek subiranotasuneranzko bidean antolatutako tarteko egitura zen. Bide beretik, PSN horrelako organo bat sortzearen kontra agertu zen.

Azken legealdian, 2016an, Uxue Barkosek —Nafarroako gobernuburu zela— eta Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak hemezortzi esparruko itun bat izenpetu zuten bi gobernuen artean lankidetza garatzeko. Organo komun iraunkor izeneko erakunde ofizialik gabe, bien arteko lankidetzarako egiazko lehen urratsa izan zen. Bost urte iragan dira geroztik, eta gutxienez normalizatu egin da harremana. Dena den, aurreko hamarkadetako hutsune handia ez da berehalakoan estaliko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Javier Esparza UPNko presidente eta Ciudadanoseko Nafarroako buru Carlos Perez Nievas, martxoan. Biak Navarra Sumako parlamentari dira ©Jesus Diges / EFE

UPNk udan erabakiko du Navarra Sumatik atera edo ez

Joxerra Senar

Marta Alvarez Navarra Sumako parlamentaria eta UPNko kideak adierazi du PPk eta Ciudadanosek «normaltasun osoz» hartu dutela asteburuan Javier Esparzak iragarritako mugimendu hori.

EH Baiko Anita Lopepe Ainhize-Monjolosen (Nafarroa Beherea) bozkatzen, gaur. ©GuillaumeFauveau

EH Bai bigarren itzulian izanen da zazpi kantonamendutan

Ekhi Erremundegi Beloki - Paulo Ostolaza

Ezkerreko abertzaleak lehen indarra izan dira Hendaiako kantonamenduan: bozen %29,3 lortu ditu Annie Poveda eta Iker Elizalderen hautagaitzak. Zentro-eskuinak lortu ditu emaitzarik onenak Ipar Euskal Herrian.

Alain Rousset hauteskunde kanpainan, Baionan ©Patxi Belzaiz

Ipar Euskal Herrian Alain Rousset buru, eta Diaz, bosgarren

Ekhi Erremundegi Beloki

Alderdi sozialistako hautagaiak eskualdeko bozen %28,65 lortu ditu. Batasun Nazionala ere bigarren itzulian izango da, eskualdeko bozen %18,2 lortuta; Euskal Herrian, baina, emaitza aski apalagoa du zenbatutako botoen arabera. Abstentzioa nehoiz baino handiagoa izan da.

Hauteskunde panel bat, Baionan. ©GUILLAUME FAUVEAU

Departamenduko eta eskualdeko bozak izanen dira gaur Iparraldean

Ekhi Erremundegi Beloki

Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Kontseilu Nagusia eta Akitania Berria eskualdeko kontseilua hautatuko dituzte

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna