Hidroituango megaproiektua

«Ez dago protestarako eskubidea gauzatzerik»

Andres. Egurrezko etxaldean ate blindatu bat jarri nahi izan ziotela kontatu du, landa eremuarekiko ezjakintasunaz kexu. «Arazo asko» ekarri dizkio Hidroituango kritikatzeak.

Maite Asensio Lozano.
Ituango
2022ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Zaila du Andresek Ituangon hamar pauso ematea inor agurtu gabe: nekazaria da, eta erreferentziazko lider soziala herrian. Baina mehatxupean bizi da, eta horregatik eskatu du izen faltsu batekin agertzea elkarrizketan. Rios Vivoseko kidea da, eta hainbatetan mugitu behar izan du segurtasun arazoak tarteko. Egun, herrian bizi da, baina landa eremuko etxalde batean, «hiru zakurrekin, bi katurekin, hogei oilorekin eta bi behirekin». Salatu du Hidroituangoren aurka agertze hutsak «arazo asko» eragin dizkiela: «Konstituzioan legezkoa den zerbait egiten ari gara, baina hemen ez dago protesta eskubidea gauzatzeko bermerik».

Ikusi gehiago:MEGAPROIEKTUAK ERAMAN DUENA

Andresek berak atentatu bat jasan zuen 2013an, zentral hidroelektrikoa oraindik paperean baino ez zegoenean, nekazariek egitasmoaren aurka egindako lehen mobilizazioaren harira: «Ia zortzi hilabetez egon ginen Antioquiako Unibertsitatean. Itzuli nintzen egun batean, etxera nindoala, armada ikusi nuen kalearen izkina batean, eta gerrilla bestean. Etxera sartu eta bost minutura granada bat lehertu zen atean. Biharamunean alde egin nuen». Megaproiektuarekin lotu du erasoa: «Rios Vivoseko hiru kide ere hil dituzte, baina hilketak gatazka armatuarekin lotu dituzte, ez egitasmo hidroelektrikoarekin».

Erakundeetara jo izan du Andresek, baina proposatu dizkioten babes neurriak guztiz antzuak direla nabarmendu du: «Balentzako ator bat, sakelako bat eta ate blindatu bat eskaini zizkidaten; arazoa da nire etxaldea egurrezkoa dela eta bost ate dituela. Gabezia asko dago: neurri horiek ez daude landa eremura egokituta, ez dutelako hemengo errealitatea ezagutzen». Beste era bateko sostengua galdegin du: «Ator batek ez nau babestuko; gure borroka politikoaren aitortzak, bai: hemengo instituzioek jarri baikaituzte arriskuan, gu seinalatuz eta estigmatizatuz».

Nazioarteko babesa

Madrilen ere egona da Andres, mehatxatutako lider sozialentzako harrera programa batean. Nazioartean erakunde publikoen eta eragile politikoen aldetik lortu duten babesa eskertu du: «Intzidentzia horren ondorioz, errespetuz hartzen gaituzte. Itzuli nintzenetik sentitzen dut nire arriskua zertxobait murriztu dela; arazoa da beste batek jasaten duela jazarpen hori».

Izan ere, herrian gaiztotuta sumatzen du giroa: «Enpresa multinazionalak gerra eragile bihurtu dira gure lurraldeetan. Megaproiektuek ez digute soilik lurra eta ura kendu; balioak ere kendu dizkigute, besteekiko errespetua. Eta bizilagunen arteko konfiantza: hobe da kalean honi buruz ez hitz egitea, ez baitakigu nork entzungo gaituen». Ezinegonez erantsi du egoera sozialak ere ez duela hobera egin: «Estatuak abandonatuta gauzka: gazte askok eskatu izan didate laguntza ikasteko... eta hurrengoan fusil batekin ikusi ditut, beste aukerarik ezean. Hala justifikatu izan da hemen gazte asko hil izana».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.