Koronabirusa

Zaintzaren pilota, udalen teilatu gainera

Gauez jendea ez pilatzeko dekretua indarrean sartu da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Herrietan ezinegona sortu du arauak: udalek salatu dute erabakia nahasgarria dela eta ez dutela baliabiderik.

Ertzaintza, iaz, kale bat hesiz ixten, Gasteizko Andre Maria Zuriaren festak bertan behera gelditu ostean. RAUL BOGAJO / FOKU.
Ion Orzaiz.
2021eko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Ez daude lasai. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako zenbait udal agintariren artean ezinegona sortu du Eusko Jaurlaritzak izurria kontrolatze aldera argitaratu duen azken dekretuak. Atzo sartu zen indarrean araua, eta, horren arabera, gauerditik 06:00etara bizikideen topaketak bakarrik baimenduko dira espazio publikoetan. Espazio horiek identifikatzeko eta zaintzeko ardura, baina, udalen gain utzi du Jaurlaritzak, eta zalantzak agertu dituzte askok: uste dute arauak ez dituela behar bezala zehazten administrazio batzuen eta besteen betebeharrak, eta udalerri txikienek ez dutela baliabiderik espazio publikoak mugatu eta kontrolak ezartzeko.

Gorka Urtaran izan zen kezka agertu zuten lehenetako bat. Gasteizko alkate eta Eudel Euskal Udalen Elkarteko lehendakariak ostegunean esan zuen Gasteizko Udalak «eskura dituen baliabide guztiak» jarriko dituela dekretua bete dadin, baina ezinezkoa dela «hamar milioi metro koadro berdegune hesitzea», baita «pertsona bakoitzaren atzean polizia bat jartzea» ere.

Parkeak eta bestelako espazio publikoak ixtea «zaila dela» onartu zuen Bilboko alkate Juan Mari Aburtok ere, Radio Euskadi irratian egin zioten elkarrizketan. Haren esanetan, baina, Bilboko Udalak «zaintza egokia» eginen du, «eta behar denean, irmo zigortuko da». Hala ere, herritarren ardura pertsonalean jarri zuen arreta: «Herritarrei esan behar zaie arduratsuak izaten jarraitzeko unea dela. Gizartea sentsibilizatu behar da, maskararen erabilera indartzeko eta jai giroak saihesteko».

Alkateen artean sortutako zalantzak ikusita, Iñigo Urkullu lehendakariak atzo azaldu zuen udalei ez zaiela eskatzen «gauean izaten diren jende pilaketak kontrolatzea», baizik eta «bizilagunei jakinaraztea zer leku ezin diren erabili denbora horretan». Jendea pilatzen den lekuak kontrolatzea Ertzaintzaren eta udaltzainen ardura dela azaldu zuen Urkulluk, eta gaineratu zuen ez dela beharrezkoa toki horiek gauean ixtea: «Inork ez du planteatu hesitu behar direnik, ezta segurtasun sistema jakin bat ezarri behar denik ere».

Hala ere, udal ordezkari batzuek uste dute Jaurlaritzaren aholkuak «nahasgarriak» direla, eta ez dute oso argi zer egin behar duten dekretua betetzeko. Ezinegona handiagoa da festak bertan behera utzi dituzten udalerrietan. Ordizian (Gipuzkoa), adibidez, datorren asteburuan ospatzekoak ziren santanak, eta kezka azaldu du Adur Ezenarro alkateak, udalerri handi ez direnek ez baitute behar besteko baliabiderik: «Guk, adibidez, ez dugu gaueko udaltzain zerbitzurik, eta Ertzaintza ere ez da denera iristen. Hortaz, ez dugu gaitasunik parkeetan, lorategietan eta plazetan sor daitezkeen jende pilaketak zaintzeko. Zuk hustu dezakezu parke bat, edo botila festa bat eragotzi, baina nola ziurtatuko duzu jendea ez dela itzuliko handik bost minutura?».

Oraingoz, Ertzaintzarekin adostuta, aldatu egin dituzte udaltzainen lan txandak, zaintza lan horretan laguntzeko, eta kontrolak jarriko dituzte zenbait kaletan, pilaketak eragozteko. Arazoak, baina, luze joko duela uste du Ezenarrok: «Festen asteburua gauza bakana da, unean unekoa, baina ezin diogu zaintza horri eutsi uda osoan, lantaldea hankaz gora jarri gabe. Gure baliabideekin, oso zaila izango da dekretua aplikatzea».

Zaintza lehenetsita

Errenterian (Gipuzkoa), madalenak ospatzekoak ziren heldu den astean, baina izurriak galarazi egin die jaiak antolatzea. Hala ere, botila festak eta bestelako pilaketak debeku izanen direnez, segurtasun jarraibideak adostuak dituzte Ertzaintzarekin, «prebentzioa eta zaintza oinarri hartuta». Jaurlaritzaren dekretuak «aztoramendua» eragin ziela aitortu du Aizpea Otaegi alkateak: «Udalen bizkar jarri ohi dituzte halako ardurak, ez da oraingo kontua, eta dekretu berria iritsi zenean, pentsatu genuen: 'Orain, zer? Zer nahi nahi dute guk egitea?'. Ez genekien nola interpretatu araua». Azkenerako, orain artekoari eustea erabaki zuten: «Iaz bezala ariko gara, zaintza lehenetsita, baina parkerik edo kalerik hesitu gabe».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.