Ahalduntzearen eta feministen «tranpez»

Feminismoa «despolitizatzailea» dela erran dute Itaiako emakumeek Hernaniko jardunaldietan. Milatik goiti gizon-emakume bildu dira. «Opresio forma guztiak» eteteko, «sozialismoa» aldarrikatu dute.

Jendetza, atzo, Itaiaren jardunaldietan, Hernanin. IDOIA ZABALETA / FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
Hernani
2022ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
«Emakumeen politizazio formak erabat despolitizatzaileak dira», Maria Fuentes Itaiako kidearen ustez. Eta, horien artean, bereziki, feminismoa eta «identitate» politikak. «Muga handiak dauzkate gizartea osotasunean ulertzeko. Feminismotik planteatzen diren politikak normalean izaten dira estatuaren esferan aldaketak egiteko, eta horregatik deitzen diogu erreformista, ez daukatelako inolako pretentsiorik kapitalismoa bukatzeko. Kapitalismoaren legeen bitartez saiatzen dira aldaketa puntual batzuk egiten». Fuentesen hitzetan, «ezertarako balio» ez duten «proposamenak» dira horiek, «oinarri liberala» dutenak: «Erradikaltasunaren aparantzian —'nik harreman alterbatiboak dauzkat edo kontsumo mota ezberdinak'— zapalkuntza guztiak gainditzeko egin behar diren zeregin politikoak ukatzen dituzte».

Hernanin (Gipuzkoa) egin zituen adierazpenok, atzo, Itaia emakume taldeak antolaturiko jardunaldietako eguerdiko mahai inguruan. Emakume langileen egoera egun: joera ekonomiko, politiko eta kulturala jarri zioten izenburua solasaldiari, eta, izenak berak erran bezala, emakumeen zapalkuntzaren alderdi ekonomikoa, kulturala eta politikoa jorratu zituzten, guziak lotuta daudela nabarmenduta: «Oinarri ekonomikoak baldintzatzen ditu beste esferak». Feminismoa eta ahalduntzearen «tranpa» kritikatu zituzten, eta Fuentesek aldarrikatu zuen «opresio forma guztiak» bukatzeko bidea «sozialismoa» dela. Txalo zaparrada ozena jaso zuen.

Antolatzaileen arabera, Euskal Herri osotik etorritako milatik goiti lagun elkartu ziren atzo Hernanin egin zituzten jardunaldietan. Latsunbe Berri kiroletako pistetan ezarri zuten karpa baten azpian bildu ziren gehienak, eta bertze batzuek streaming bidez ikusi zituzten hitzaldiak, hara joandako gizon-emakume gazte guzientzat lekurik ez zegoelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.