Europako agertoki nagusia

96 musika talde ariko dira Bilboko BBK Live jaialdian bihartik larunbata bitarte. Florence and The Machine, The XX eta Gorillaz dira kartelburu, izen handien artean

Florence and The Machine. Florence Welch abeslaria, taldearen ahots bereizgarria, Bartzelonan emandako kontzertu batean. QUIQUE GARCÍA / EFE.
Andoni Imaz.
2018ko uztailaren 11
00:00
Entzun
Mundu osoko musika talde entzutetsuenak jaialdi batetik bestera ibiltzen dira udan, eta musikazale askok, beren talde gustukoenak zuzenean ikusteko aitzakian, bidaiatzeko ere baliatzen dute aukera. Musika jaialdi erraldoiek jendetza biltzen dute urtero Europa osoan: besteak beste, Primavera Sound, Bartzelonan (ekainean); Flow, Helsinkin (abuztuan); Sziget, Budapesten (abuztuan); eta BBK Live, Bilbon. Aurten, gainera, ez da Glastonbury jaialdirik egingo, eta Piltonekoa (Ingalaterra) Europako ezagunenetakoa da: urtero 135.000 bisitari hartzen ditu 1.000 biztanle eskaseko herriak.

Europako musikazale askok aukeratzen dute Bilbora joatea, nazioarteko pop eta rock eskaintza mainstream-aren atzetik. Urtez urte igotzen da BBK Livera atzerritik etorritakoen kopurua: ia %30 izan zen iaz, eta, horien artean, erdiak Erresuma Batutik. Glastonburyk utzitako hutsunea nabarituko da aurten, eta 120.000 ikuslera iristea espero dute antolatzaileek. Duela astebete amaitu ziren jaialdiko 30.000 bonuak, 160 euroan salduta ere —orain arteko preziorik garestiena—, eta eguneko sarrera gutxi batzuk geratzen dira oraindik.

Publikoaz gain, Erresuma Batukoak dira kartelburuak ere: Florence and The Machine, The XX eta Gorillaz; kartelean nabarmendutako hemeretzi taldeetatik, hamalau dira hangoak. Jada ondo definitutako ildoa dauka BBK Livek, eta izaera propioa hartu du, indie etiketak onartzen dituen askotariko eskaintzekin. Guztira, 96 talde ariko dira hiru egunetan Kobetamendin, bihar hasi eta larunbata bitartean.

2007. urtean sortu ziren bi taldeak; Londresen bata, eta Leedsen (Ingalaterra) bestea. Aurrenak 65 astez jarraian izan zuen debut diskoa Erresuma Batuko Top 40 zerrendan; bigarrenak Mercury saria irabazi zuen estreinako lanarekin —Erresuma Batuko diskorik onenarena, alegia—. Florence and The Machine eta Alt-J, biak ariko dira bihar, jaialdiaren lehen egunean. Lungs (2009) eta An Awesome Wave (2012) lanekin, berehala liluratu zuten nazioarteko prentsa, eta ikusmin handia sortu zuten entzuleengan. Florence Welch eta haren bandak lehen aldia dute Bilbon, eta Alt-J hirukoteak hirugarrena du dagoeneko. Indie rockaren zaleek munduko bi artista ezagunenetakoen ikuskizunez gozatzeko aukera izango dute.

Elektronikaren nazioarteko bi izar ditu buru ostiraleko egitarauak: The XX eta The Chemical Brothers. The XX hirukoteak sekulako arrakasta lortu zuen xx lehen lanarekin (2009), eta beren elektronika soinu minimalista hainbat iragarkitako eta kanpainatako soinu banda bilakatu zen bat-batean. Lau urte baino gehiago ezer argitaratu gabe egon ostean, iaz atera zuten I See You hirugarren diskoa, eta sekulako harrera izan zuen: lehenengo postuan egon zen Erresuma Batuan. Baina elektronikak gaur egun duen posizioa bada bide urratzaile batzuen meritua ere, eta horien artean dago The Chemical Brothers bikotea. Haien abestietako asko hit bilakatu dira azken hiru hamarkadetan, eta ezagunak dira bikoteak munduko jaialdi handienetan emandako zuzeneko ikusgarriak.

Musika elektronikoarekin egindako bitxikerietan, halere, Gorillaz taldeak txapela merezi du. Musika talde birtualen artean ezagunena da, zalantza izpirik gabe: animaziozko lau kidek osatzen dute, eta haien fikziozko unibertsoan sakontzeko aukera eskaintzen dute taldearen bideoklip eta elkarrizketek. Damon Albarn musikaria eta Jamie Hewlett artista daude proiektuaren atzean, kantak sortzen eta pertsonaiak diseinatzen, hurrenez hurren. Blur taldea eta britpopa atzean utzi zituen Albarnek, eta hip hoparen eta elektronikaren eraginekin osatutako rock alternatiboa lantzen du gaur egun Gorillazen. Bosgarren diskoa argitaratu berri dute.

Bakarkako bideak

Damon Albarn ez da taldeko proiektua amaitu eta beste bide bati ekin zion bakarra BBK Liven aurtengo jaialdiko karteleko artisten artean. Talking Heads new wave talde mitikoaren sortzailea, abeslaria eta gitarra jotzailea da David Byrne. 80ko hamarkadan asko goraipatu zuten taldea, eta Rock-and-Rollaren Ospearen Aretoan daude gaur egun, baina Byrnek bakarka ere ibilbide emankorra egina du: liburuak idatzi ditu, soinu bandak konposatu, aktore ibili... eta, aurten, bakarkako disko berria atera du, lehenengoa hamalau urtean: American Utopia.

Oasis taldearen ereserki gehienak sortu zituen Manchesterreko (Ingalaterra) Noel Gallagher musikariak. Sekula ez dio abestiak sortzeari utzi, eta taldearekin amaitu eta bi urtera itzuli zen estudiora, Oasisen aritutako hainbat musikarirekin batera. Noel Gallagher's High Flying Birds dira ordutik, eta hiru disko kaleratu dituzte dagoeneko. Denborarekin, psikodeliara hurbildu da taldearen rocka.

Azken orduko gonbidatuak

Aurtengo kartela zehaztua zutela, azken orduan jakinarazi zuten beste talde batzuek ere Kobetamendin joko zutela: besteak beste, My Bloody Valentine eta King Gizzard & the Lizard Wizardek. Indie rockaren erreferenteak dira aurrenekoak, 80ko hamarkadaren bukaeran eta 90ekoaren hasieran sona handia lortu zutenak. Haien Loveless diskoa (1991) klasikoa da dagoeneko, rock alternatiboaren shoegazing azpigeneroko lanik handiena askoren ustean. 1997an geldialdi bat hasi ondoren, 2007an itzuli zen taldea, eta, 2013an, Loveless azken argitalpenetik 22 urte igaro zirenean, MBV diskoa atera zuten. Geldialdiaren aurretik grabatutako materiala 2012an grabatutakoarekin elkartzen da kritikak txalotutako lanean.

King Gizzard & the Lizard Wizard, berriz, Melbourneko zazpi kideko taldea da; proposamen bakoitzarekin aurrekoa gainditzen duten rock psikodelikoko maisuak. Loop infinitu formatuan grabatutako Nonagon Infinity diskoak (2016) eman zien oihartzunik handiena nazioartean, baina iazkoa izan zen haien urtea: bost disko luze argitaratuko zituztela iragarri zuten, bakoitza oso kontzeptu landuarekin, mundu osoan biran zebiltzan bitartean. Instrumentu mikrotonalekin grabatutako Flying Microtonal Banana otsailean, hiru istoriotan banatutako Murder of the Universe narrazioa ekainean, jazzera gerturatzen den Sketches of Brunswick East abuztuan, lizentzia askean kaleratutako Polygondwanaland azaroan, eta, beren hitza beteko zutela inork gutxik pentsatzen zuenean, Gumboot Soup, abenduaren 31n.

Euskal Herriko musika

Nazioarteko izarren zurrunbiloaren erdian, Euskal Herriko proposamen batzuk ere biltzen ditu BBK Live jaialdiko kartelak. Bertan ageri da, esaterako, Borrokan, euskarazko post-hardcorearen estandarteetako bat. Hogei urtetik gora elkarrekin jotzen, eta hiru disko besterik ez dute. Ñabarduraz betetako hiru lan, ohiko eskemetatik kanpo funtzionatzen duen taldea baita.

Musika lehiaketetatik ere abiatu dira taldeak: Banden Lehia irabazi zuen Aneguriak, eta Gaztea Maketa Lehiaketa Hakima Flissik. Aurrenekoa hip hop, raggamuffin eta freestyle artean mugitzen da soltura handiz, eta bere musika esperimentaltzat jotzen du bigarrenak. Ez dira Euskal Herriko musikari bakarrak izango, ordea: Cecilia Payne, eMe, Ibon Errazkin, Iseo & Dodosound, Lukiek, Pet Fennec eta Rural Zombies ere ariko dira agertokietan.

Bereziak

Jaialdia Kobetamendira mugatu ez dadin, Bereziak atalari esker BBK Live hiriaren erdiraino iritsiko da. Bi agertoki prestatu dituzte, bata Isozaki Dorreetan eta bestea San Mames zelaiaren kanpoaldean. Uztailaren 12, 13 eta 14an, hau da, jaialdiak iraungo duen egunetan, hainbat talde ariko dira doan zuzenean musika jotzen: D'Valentina, Garbayo, Gengahr, Grises, Izaro, Joe Crepusculo, Meute, Neuman, North State, Play 'n Kids: Earth Sons Project, Polock, Rural Zombies, Triangulo de Amor Bizarro, Uniforms, Venturi, Yawners eta artista sorpresa.

The XX gehiago

Jaialdia luzatzeko aitzakia eman du The XX taldeak. Night + Day egitasmoa Bilbora eramango du Londresko hirukoteak; munduko beren txoko gustukoenetan jotzea dute asmo. Jamie XX eta lagunek kontzertuak eskaini dituzte Guggenheim museoaren kanpoaldean, eta gaurkoa izango da hura ikusteko azken aukera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.