Catriona, Sherlock eta Gaby

Robert Louis Stevensonen eta Arthur Conan Doyleren klasikoak eman ditu Igelak euskaraz, baita Gael Fayeren lan arrakastatsua ere. Bilduma berri bat abiarazi du editorialak, Denonartean-ekin batera: Sherlock Holmes Irudiduna
Robert Louis Stevenson (1850-1894).
Robert Louis Stevenson (1850-1894). BERRIA

Amagoia Gurrutxaga Uranga -

2019ko abenduak 3
Mende bete pasako tartea dago Igelak argitaratu berri dituen lau liburuen artean. Alde batetik, bi eskoziarren lan klasikoak daude: Robert Louis Stevensonen (1850-1894) Catriona eta Arthur Conan Doyleren (1859-1930) Estudio Eskarlata eta Baskervilletarren ehiza-txakurra. Bestetik, burundiar baten lehen eleberria: Gael Fayeren (1982) Ene herri txikia.

Irati Bereauk itzuli du azken lan hori. 2016an eman zuen argitara Fayek, eta izugarrizko arrakasta lortu —hainbat sari jaso ditu, eta 30etik gora hizkuntzatara itzuli dute dagoeneko—, Burundiko hiriburuan jaiotako mutiko baten bizipenekin. Gaby du izena mutikoak. Frantsesa eta zuria du aita; ama, ruandar errefuxiatua, beltza. Gaby gustura bizi da Bujumburan, baina, hutuen eta tutsien arteko gerraren ondorioz, Frantziara emigratuko du, arrebarekin batera. Gaby Gael Fayeren alter ego-a da, nolabait, Bereau itzultzailearen ustez: «Kontakizuna ez da erabat autobiografikoa, baina asko dauka idazlearen biografiatik». Faye ere Bujumburan sortu eta hazi zen, izan ere, Gaby bezalaxe. Eta Gabyren antzeko arrazoiengatik alde egin behar izan zuen Frantziara. Behin Frantzian, Faye hip-hop kantari gisa egin zen ezagun. 2013an atera zuen lehendabiziko diskoa: Pili Pili sur un croissant au beurre». Disko horretako Petit Pays kantan du oinarri, hain zuzen ere, Ene herri txikia eleberriak.

«Oso lokala izan arren, Gabyk kontatzen duenak haur baten ikuskera ematen du, munduko edozein lekutan ulertzeko modukoa. Gai unibertsal asko aipatzen ditu», itzultzailearen esanetan. Lagunarteko harremanez, familiakoez, identitateaz, emigratu beharraz, herriminaz, hizkuntza jakin bat jakiteak hiztunari dakarkionaz, irakurtzeaz, indarkeriaz... «Haurren ikuspegia aldarrikatzen du, humanoa, aurreiritzirik gabea». Irakurtzeko erraza egiten den estiloan emanda.

Xabier Olarrak itzuli berri duen Catriona ere, Ene herri txikia bezalaxe, irakurtzeko erraza eta ederra da, Igelako Joseba Urteagaren esanetan. «Lehenik argitaratuak genituen Robert Louis Stevensonen Ballantraeko Premua eta Bahitua, Olarrak berak itzulita. Azken horren jarraipena da Catriona». David Balfourren Bahitua nobelako abenturen segida gisa idatzi zuen idazle eskoziarrak Catriona, bere bizitzaren hondarretan, eta 1893. urtean eman zuen argitara. Abentura nobela bat da, eta emakume bat du protagonista: Catriona.

Bilduma, Denonartean

Igelak bilduma berria sortu du Conan Doyleren lanentzat, Denonartean argitaletxearekin batera. Sherlock Holmes Irudiduna izena jarri diote. Xabier Olarrak eta Usoa Wyssenbachek itzuli dituzte lehen bi aleak: Estudio eskarlata eta Baskervilletarren ehiza-txakurrak. Fernando Vicentek ilustratu du lehena; Javier Olivaresek bigarrena.

Lehendik ere argitaratuak zituen Igelak Conan Doyleren lanak. Zirriborro eskarlata 1989an eman zuen. Sherlock Holmesen abenturak 1 eta Sherlock Holmesen abenturak 2 aleek, berriz, 1997. urtean eman zituzten argitara. Orain, duela 30 urte Zirriborro eskarlata zena Estudio eskarlata bihurtu da. «Sherlock Holmesen bilduma bat abiaraziz gero, Sherlock Holmes lehenbizi agertu zen nobelarekin hasi behar da; Estudio eskarlata-rekin, alegia. Eta nobela hori orain dela 30 urte argitaratu genuenez, eraberrituta argitaratu behar zen. 30 urte ez direlako alferrik pasatu, ez itzulpenaren arloan, ezta euskara batuaren arloan ere», Olarraren esanetan.

Bilduma estreinatzeko aurkeztu duten beste liburua ere, Baskervilletarren ehiza-txakurra, mugarria da Holmes ikerlariaren ibilbidean: «Conan Doylek lan horretan berpiztu zuen bere pertsonaia». The Final Problem (Azken arazoa, 1893) izeneko lanean, izan ere, idazleak amildegi batean behera bota zuen Holmes. «Teorian, Holmes han hil zen, baina bere amak, editoreak eta irakurle sutsu piloak hala presionatuta, berpiztu egin behar izan zuen. Kostatu zitzaion erabakia hartzea, baina hala egin zuen, 1902an». Baskervilletarren ehiza-txakurra liburuan.

Robert Louis Stevenson adiskidearenak bezala, nobela serioak idaztea amets zuen idazlea, hala, Holmesen arrastora itzuli zen. Arrasto horren xerkan, Sherlock Holmesen kanonean dauden lau nobelak eta bost bildumatan argitaratu zituen 56 ipuinak argitaratuko ditu Igelak. Detektiberik ikonikoenarekin irakurle euskaldunak ere goza daitezen. «Nolabaiteko jainkoa zen detektibea sortu zuen Conan Doylek, besteek ikusten ez dutena eta muturraren aurrean edukiagatik asmatu ezin dutena, ikusten eta asmatzen dakiena. Logika erabiliz, betiere. Horrela sortu zuen bere eredua». Horrela lortu zuen arrakasta, Stevensonek bezala. Gaur arte.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna