KRITIKA. Musika

Azkenik, lehen aldiz

2022ko martxoaren 23a
00:00
Entzun

ORF

Zuzendaria: Marin Alsop. Biolontxeloa: Kian Soltani. Egitaraua: H. Eisendleren Heliosis, R. Schumannen Biolontxelo eta orkestrarako kontzertua op. 129 eta A. Dvoraken 7. sinfonia op. 70.Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: Martxoak 20.

Marin Alsop zuzendari estatubatuarrak bere gainean daramatza hainbat titulu: lehen emakumea eta emakume bakarra, beste batzuen artean; eta bere ibilbidean ezezko asko jaso izan dituen arren, aitzindari izatearen zama arduraz eta sen onaz darama. Alsopek batutaren eta orkestraren arteko harreman tiraniko eta despotak atzean uzten ari garelako uste osoa duen arren, keinuaren eta autoritatearen pertzepzioan emakume ala gizon izateak oraindik ere markatzen duen aldeaz kontziente ere bada, eta errealitate horrek dakartzan zailtasunak gainditzeko lan egiten du.

Hannah Eisendle vienarraren Heliosis obrak ireki zuen kontzertua, ORF orkestraren enkarguz duela hamar egun estreinatu zena. Bere hitzetan, orkestratik iragazi nahi du «kedar zikinaren antzeko udako egun bat, itogarria eta likatsua», hariak eta haizeak modu liluragarrian zotinka uzten dituena, perkusioaren lanketa sakona gehituz.

Robert Schumannen Biolontxelo eta orkestrarko kontzertua-n Kian Soltani batu zen; edo, hobeto esanda, orkestra batu zitzaion biolontxelo jotzaileari, une oro egon baitzen haren dinamiken eta ñabarduren esanetara, orkestrak biolontxeloaren soinu ederra irentsiko ote zuen beldurra —Schumannek berak adierazia— baztertu nahian. Fraseatzea zein jauzi teknikoak guztiz menperatzen ditu Soltanik, tesitura osoan tinbre goxo eta borobila mantenduz, nahiz eta tarteka bolumen eta intentsitatean motz geratu. Amaitzean, Lovely minka abesti ukrainar herrikoia eskaini zuten, omenaldi eta bis gisa.

Antonin Dvoraken 7. sinfonia zirraragarria izan zen Alsopen batuta zintzoari zein ORF-eko musikarien lan bikainari esker. Haizeen soinu sendoa, histrionismorik gabea, handikiro entzun zen Poco adagio-an; harien malgutasuna eta doitasuna oihal distiratsuz jantzi zituen Alsopek Scherzo-Vivace-an. J. Strauss eta G. Winklerren bisek orkestraren bikaintasuna berretsi baino ez zuten egin.

Beste mugarri bat Alsopentzat: 2021-2022 denboraldi klasikoaren konpositore zerrendara emakume baten izena ekartzen lehena izan da. Horretan ere aitzindari izan beharrak agerian uzten du zeinen bide luzea dugun oraindik aurretik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.