Jaurlaritzak «apustu sendoa» egingo du lehen arreta indartzeko

Igor Susaeta.
2020ko abenduaren 24a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak 185 milioi euro bideratu asmo ditu 2021ean COVID-19aren aurkako neurriak finantzatzeko. Osasun Sailaren 2021erako aurrekontua aurkeztu zuen Gotzone Sagardui sailburuak atzo Eusko Legebiltzarrean, eta nabarmendu zuen beharra egonez gero funts horren kopurua handituko dutela. Langileen taldeak handitzeko, osasun materialak erosteko, inbertsioetarako eta COVID-19aren aurkako txertoak eragingo duen gastua ordaintzeko baliatuko dute diru kopuru hori. Sagarduiren esanetan, bereziki lehen mailako arreta indartzeko «apustu sendoa» egingo dute.

Osasun Sailaren aurrekontua 4.183 milioi eurokoa izango da; hau da, %6 handituko da 2020koarekin alderatuta. Horrek esan nahi du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako biztanle bakoitzeko 1.902 euroko gastua egingo duela Osasun Sailak —1.801 euro izan dira aurten—. «COVID 19-aren aurkako borrokak lehentasuna izaten segitzen du, baina ezin ditu hipotekatu gainontzeko jarduerak», nabarmendu du Sagarduik.

Osakidetza finantzatzeko 3.216 milioi euro bideratuko ditu sailak, eta hamar eurotik zazpi erabiliko ditu langileen gastuak ordaintzeko. Kasu horretan %7 igoko da kopurua 2020ko aurrekontuekin alderatuta. 70 milioi euro baliatu asmo dituzte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako azpiegiturak «modernizatzeko eta eguneratzeko».

Osasun publikoaren eta mendekotasunen esparrurako 24 milioi euroko funts bat gorde du sailak. Arreta soziosanitariorako diru saila 30,7 milioi eurokoa izango da, eta ikerketa eta berrikuntzarakoa 21,7 milioi eurokoa.

Gizarte politikak «indartuz»

Gizarte Politiken Sailburuordetzaren aurrekontua %13,5 handituko da 2021ean, aurtengoarekin alderatuta —20 milioi euro pasa gehiago—. Hori adierazi zuen, atzo, parlamentuan, Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak. Sail osora 129 milioi bideratuko dituzte. «Berdintasun politikak eta bazterketa sozialaren kontrako borroka indartuko ditugu», esan zuen Artolazabalek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.