Tokio 2020

OREKAK EMAN DIO URREA

Sunisa Lee da txapeldun olinpiko berria, Simone Biles herrikidearen lekua hartuta. Ariketa guztietan oreka erakutsi du, eta Rebeca Andrade faboritoak azken ariketan egindako pare bat akatsek erabaki dute finala. Ikuskizun ederra izan da.

Angelina Melinkova errusiarra, ariketa bat egiten. ALBERTO ESTEVEZ / EFE.
ainara arratibel gascon
Tokio
2021eko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Ariake Arena hutsik dago. Ordu eta erdi falta da emakumezkoen bakarkako gimnastikako finala hasteko. Langileak dena txukun jartzen ari dira, aparatu bakoitza bere lekuan. Milimetro txikiena ere neurtzen. Gimnastek beren mugimenduetan erakusten duten zehaztapenaren pare egon behar dute jarrita. Hori egin, eta desinfektatu. Halako batean, argiak itzali dira, eta prentsa gunearen parean, olinpiar eraztunak. Argi gorri eta urdinak, eta dantzari batzuen ikuskizuna. Kirola da, baina hori baino gehiago ere bai: adierazpide artistiko bat. Eta txapeldun berria Sunisa Lee da (57.433 puntu). Hala, Simone Biles gabe ere AEBek eutsi egin diote bakarkako lehen postuari, Errusia berdinduz. Sei aldiz segidan irabazi zuen herrialde horretako atleta batek urrezko domina olinpikoa. Bigarren izan da Rebeca Andrade brasildarra (57.298), eta hirugarren Angelina Melnikova errusiarra (57.199).

24 gimnasta aritu dira lehian, seiko lau multzotan banatuta. Eta denera lau aparatutan jardun behar: jauzi zaldia, barra asimetrikoa, oreka barra eta lurra. Hutsune handi bat: Simone Biles. Asteartean, taldekako finala jokatzen ari zela, lehia uztea erabaki zuen. «Neure burua zaintzeko garaia da». Agerian jarri du kirolarien buru osasunaren gaia, eta elkartasun uholdea jaso du. Harmailetan da, selekzioko kideak animatzen, eta musuak eta txaloak eskaini ditu bere irudia pabiloiko pantaila handian agertu denean.

Irten dira ilaran gimnastak. Harmailetan dauden ikusle apurren txaloak. Erabateko arreta beren begietan. Eta hasi dira beroketa ariketak egiten. Ikusgarriak horiek ere, zehaztasunez betetakoak. Ondoren, multzo bakoitza egokitu zaion lehen aparatuaren ondora joan da. Finala martxan da. Gimnasta bakoitzaren mugimenduak zehatzak eta plastikoak dira. Indarra, oreka, ahalmen fisikoa, edertasuna: hori dena erakusten dute ariketa bakoitzean.

Lehen ariketa eta gero, zaldi jauzia, urrezko domina kolkoratzeko faborito nagusia ageri da lehen postuan: Rebeca Andrade. Sailkatze proban bigarren puntuazio onena egin zuen, Bilesen atzetik, lurrean funk doinuekin girotutako ariketa ikusgarri bat eginez. Lee hirugarren izan zen sailkatze proban.

Aparatu batetik bestera, minutu batzuk, gimnastek zegozkien ariketak egiteko, egin beharreko ariketa berrira egokitzeko. Tentsioa handituz joan da, baita selekzioetako kideek beren gimnastei egindako txaloak ere. Andrade ez da horren fin aritu asimetrikoetan eta oreka barran, eta aurkariak gerturatzen hasi zaizkio. Batez ere Lee. Baina oraindik aukerak zituen. Lurrean, erritmoz betetako ikuskizuna eskaini du, baina pare bat akats egin ditu, eta hor joan zaio finala. Leek, ordea, oreka izan du ariketa guztietan, eta horrek eman dio garaipena. Azken bi gimnastek beren ariketa egin aurretik, jakina zen jada Leerentzat zela urrezko domina. Bilesek txaloka ospatu du.

Txapeldun berriak ez du bide erraza izan. Bere gurasoak Laostik iritsi ziren AEBetara. Aitak lan istripu larri bat izan zuen, eta beti izan da haren eredu. Iaz, osaba-izebak galdu zituen COVID-19agatik, eta ezker oina hautsi zuen. Baina ez da oztopo izan urrezko domina lortzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.