Espetxe eskumena

«Salbuespen politika» amaitzeko eskatu diote Jaurlaritzari

Edurne Begiristain.
2021eko urriaren 2a
00:00
Entzun
Espetxeen eskumena Eusko Jaurlaritzaren esku geratu izana ahotan izan zuten atzo eragile politiko eta sozial ugarik. Berri pozgarria izanik ere, EH Bilduk eta Foro Sozial Iraunkorrak Jaurlaritzari eskatu zioten ireki den aukera baliatu dezala «salbuespenezko espetxe politika» indargabetzeko eta espetxe politika arrunta ezartzeko.Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak kezka bat izan zuen hizpide: «Espetxeen kudeaketak ezin du iraganeko kontakizunen gatibu izaten jarraitu». Arzuagaren iritziz, «salbuespenezko politika» batetik legedi arrunt batera igarotzeko garaia da, eta presoei aukera eman behar zaie «tratu duina» izateko eta gizartean «modu egokian» integratzeko.

Antzera mintzatu zen Foro Sozial Iraunkorra, ohar batean. Positibotzat jo zuen eskumena eskuratzea, baina ohartarazi zuen espetxe politika «normalizatzen» lagundu beharko lukeela transferentziak. Foro Sozialaren ustez, presoen gizarteratze prozesua arrakastatsua izateko, besteak beste, «salbuespen politika» bertan behera utzi beharko litzateke, eta motibazio politikoko presoak eta Hegoaldeko bi gobernuak gizarteratze prozesuarekin engaiatu beharko lirateke.

Urratsa autogobernurako

Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan eskumen berriaz galdetu zioten Iñigo Urkullu lehendakariari, eta hark azpimarratu zuen transferentzia eskuratzea urrats bat dela «autogobernua indartzeko». Bide horretan «data seinalatua» izan zen atzokoa, Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako lehen estatutua onartu zenetik 85 urte bete ziren egunean jaso baitzuen Jaurlaritzak eskumena. Urkulluk esan zuen datorren urteko aurrekontu proiektuak jasoko duela gastu konpromisoa espetxe eskumena gauzatzeko.

Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IUko bozeramaileak, berriz, ezinbestekotzat jo zuen eskumen berriak presoen «birsozializazioa eta gizarteratzea» lehenestea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.