Hezkuntza. PISA txostena

Noten noranzkoa irauli dute

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikasleek 2015eko emaitza txarrak hobetu dituzte. Nafarroan nabarmena izan da okertzea. Irakurketa probaren emaitzak ez dituzte argitaratu, «irregulartasunengatik»

Noten noranzkoa irauli dute.
Paulo Ostolaza.
2019ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikasleek lortu dute apur bat hobetzea PISA txosteneko datuak, duela hiru urteko beherakadaren ondoren. Nabarmen parekatu dira EAEko eta Nafarroako datuak oraingoan. Zientzietan 487 puntu atera dituzte EAEn, 2015. urtean baino lau puntu gehiago (483), eta Nafarroakoek, berriz, nabarmen egin dute behera: 492 puntu—2015eko azterketan 512 atera zituzten—. Matematikan, berriz, 499 puntu lortu dituzte EAEko ikasleek, aurrekoan baino zazpi gehiago (492), eta horretan ere behera egin dute nafarrek: 503 puntu, 2015ean baino hamabost puntu gutxiago (518). OCDE eta Europako Batasuneko batezbestekoen paretsu dabiltza euskal ikasleak.

Atzo argitaratu zuen 2018ko PISA azterketa OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak; 79 herrialdetako 15 eta 16 urteko 600.000 ikaslek egin dituzte probak. Hiru urtean behin egiten dute ikerketa hori Hegoaldean, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako laugarren mailan dauden ikasleekin; zientzietan, matematiketan eta irakurketan dituzten gaitasunak aztertzen ditu —Ipar Euskal Herrian ere egiten dute proba, eta Frantziako emaitzetan sartzen dituzte—. Hego Euskal Herriko 5.463 ikaslek hartu dute parte oraingoan, 176 ikastetxetakoek, publiko eta itunpekoetakoek, eta azterketak joan den urteko apirilean eta maiatzean egin zituzten, 2002. urtean jaiotako estudianteekin. Ez dituzte argitaratu irakurketa probaren datuak, egindako azterketetan «irregulartasunak» aurkitu dituztelako.

Duela hiru urteko emaitzek harridura eragin zuten. EAEn, inoizko emaitzarik txarrenak izan zirelako zientzietan eta matematiketan; eta Nafarroan, berriz, hiru arloetan 500 puntuak gainditu zituztelako, eta inoizko emaitzarik onenak lortu zituztelako matematiketan eta irakurketan. Oraingoan, berriz, zertxobait hobetu dira EAEko puntuazioak, eta nabarmen okertu dira Nafarroakoak.

Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak datuen «irakurketa positiboa» egin zuen atzo emandako prentsaurrekoan, «hobekuntza bat dagoelako». Haren arabera, «gutxi dira duela hiru urtekoekin alderatuta emaitzak hobetu dituzten herrialdeak» —OCDEko eta EBko batezbestekoak behera egin du—, eta, gainera, nabarmendu EAEn «txikia» dela emaitzarik onenen eta txarrenen arteko aldea. Esan zuen orain ISEI Irakas-Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundeari dagokiola PISA txostena beste adierazle batzuekin erkatzea eta balorazioak egitea.

Irakurketa datuak ez dituzte argitaratu Hego Euskal Herrian eta Espainian. Azaroan eman zuen albistea OCDEk, Espainiako Hezkuntza Ministerioarekin akordio bat egin ondoren; PISA azterketak biltzen dituen herrialde guztien artean, Espainia da datuok argitaratuko ez dituen bakarra. Arrazoia, «kontuan hartzeko moduko ikasle kopuru batek» ez zuela proba behar besteko seriotasunarekin egin. Azaldu zutenez, ordenagailuz egindako testean erantzunak ausaz eta presaka eman zituzten: hainbat ikaslek 25 segundoan osatu zituzten hogei galdera; behar besteko esfortzua egin zutenek, berriz, 50 segundo eta bi minutu artean erabili zituzten. Beste batzuek galdera guztiei «bai» edo guztiei «ez» erantzun zieten, inolako zentzurik gabe. OCDEk adierazi zuen jokabide hori ez zela leku guztietan gertatu, baina ez zuen zehaztu zer lurraldetan eragin zuen nagusiki. Beraz, ezin da jakin Euskal Herriari eragiten dion ala ez.

Beheranzko joera

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan apur bat gora egin arren, beheranzko joera bat nabari da datu historikoei begira: 2003an, etsamina EAEn egin zen lehen aldian, matematikan 502 puntu lortu zituzten ikasleek, eta 484 gaitasun zientifikoetan. Emaitzarik onenetatik urrun daude egun: matematikan 510 puntu erdietsi zituzten 2009an, eta zientzietan 506, 2012an.

Nafarroan, berriz, gorabeheratsuagoa izan da bilakaera, baina puntuazio handiagoak izan dira, oro har. 2006tik daude herrialdeko emaitzak, eta matematikan beti izan dira 510etik gorakoak, 2018ra arte: 2015ean lortu zuten puntuaziorik handiena (518), eta orain atera dute txikiena (503). Zientzietan, antzera: 510 punturen bueltan izan dira ikasle nafarrak —puntuaziorik handiena, 2012an, 541—, baina oraingoan 500 puntuen langatikjaitsi dira: 492. Edonola ere, Hego Euskal Herriko ikasleek OCDEren batezbestekoa (489) gainditu dute matematikan. Zientzietan (489), bi puntu azpitik geratu dira EAEkoak, eta hiru puntu gainetik nafarrak.

Aurreko txostenak erakutsi zuen beherakadaren ondoren, neurriak iragarri zituen Eusko Jaurlaritzak —matematikan 13 puntu egin zuten behera, eta zientzietan 23—. Irakasleen prestakuntzan, irakasteko moduetan eta ikasleen ulermenean arreta handiagoa jarriko zutela esan zuen Uriartek, eta unibertsitateekin hizketan hasi ziren irakasle izateko ikasketetan sarbideko proba bat ezar zezaten. Proba lehen aldiz euskarri digitalean egin izanak ere eragina izan zuela arrazoitu zuten. Txosten osoa urtarrilean argitaratuko dute.

Japonia eta Estonia nagusi

Aurten, 79 izan dira PISA azterketan parte hartu duten herrialdeak, eta OCDEk zerrenda batean sailkatu ditu herrialdeak eta eskualdeak, emaitzen arabera. Japonia nagusitu da matematiketan, eta Estonia zientzietan. Besteak beste, Frantziako datuetan, 495 puntu atera dituzte matematikan, eta 493 zientzietan. Espainiakoetan, berriz, 481 puntu matematikan, eta 483 zientzian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.