Albistea entzun

Abortuaren Legea

Eragileek ontzat eman dute legearen edukia, urrats gehiago eskatu duten arren

Higiene menstrualerako produktuen BEZaren gaiari heldu behar zaiola azaldu dute. Emakundek txalotu egin du «eskubideak berreskuratu izana»
Aitor Esteban eta Mertxe Aizpurua, Espainiako Kongresuan.
Aitor Esteban eta Mertxe Aizpurua, Espainiako Kongresuan. MARISCAL / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Gotzon Hermosilla -

2022ko maiatzak 18

Iritzia eman duten euskal eragile politiko eta sozial gehienek ontzat eman dute Espainiako Gobernuak onartutako Abortuaren Legea, bestelako urratsak ere eskatu dituzten arren. Higiene menstrualerako produktuen BEZaren gaia aipatu dute zenbaitek hobetu beharreko atal gisa, eta, hileko minengatik gaixoaldia hartzeko aukerari dagokionez, lan osasunaren ikuspegi integralago bat eskatu dute beste eragile batzuek.

Orain arte gobernua sostengatu duten talde parlamentarioek begi onez ikusi dute legea, oro har eta ñabardurak ñabardura. Oniritzi hori garrantzitsua da, gobernuak talde horien babesa beharko baitu Espainiako Gorteetan legea aurrera atera ahal izateko.

EAJren diputatu Aitor Estebanek esan du positiboa dela legeak 16 eta 18 urte bitarteko adingabeei abortatzeko eskubidea aitortu izana gurasoen baimenaren beharrik gabe, eta gogorarazi du hori zela indarrean zegoen eredua 2010eko legea aldatu aurretik. Edonola ere, EAJren ustez oraingo erreforman puntu hori baino ez zen aldatu behar; ez du egoki ikusten bestelako aferak legean sartu izana. Estebanek iragarri du «apurka-apurka» joango direla legeak jasotzen dituen beste gai horien inguruan iritzia ematen.

EH Bilduren eledun Mertxe Aizpuruak ere ongi iritzi dio «16 urte baino gehiagoko emakumeen erabakitzeko eskubidea» berreskuratzeari. Osasun menstruala aipatzea, gai hori «tabu» ez izatea eta hilekoen minak aitortzea ere egokitzat jo ditu Aizpuruak. Higiene menstrualerako produktuei BEZa apaldu edo kendu ez izana, aldiz, ez du begi onez ikusi, hori «emakumeen bizkar negozioa egiten jarraitzea» delakoan.

Bestelako eragileei dagokienez, Emakundek txalotu du 16 eta 18 urte bitartekoei 2010eko legeak ematen zien eskubidea berreskuratu izana: «Gurasoen edo tutoreen baimena izatera behartzeak abortu klandestinora eta berme juridiko eta sanitariorik gabe jotzera bultza ditzake gazteak». Esan dutenez, datuek eta aurreko legearen esperientziak erakusten dute neurri hori onartzeak ez dakarrela abortu gehiago egitea.

Hileko mingarriak dituzten emakumeei lanera ez joateko eskubidea aitortzea eta «sexu heziketaren alde egiten den apustua» ere garrantzitsuak dira Emakunderen iritziz. Konpresa, tanpoi eta abarren prezioa jaisteaz, berriz, hori «mugimendu feministaren aldarrikapena» dela gogorarazi du Emakundek: «Lege honetan azkenean ez da sartu, baina espero dugu gauzatzea, beste modu batera edo beste bide batetik bada ere».

«Borrokaren emaitza»

LABek ontzat jo du hileko mingarria duten emakumeei lanera ez joateko eskubidea aitortu izana, eta erantsi du lorpen hori «mugimendu feministaren urteetako borrokaren emaitza» dela, baina horren arriskuez ere ohartarazi du: zehazki, laneko osasuna «modu integralean» ulertu ezean neurri hori «anekdotiko» bilaka daitekeela.

LABen ustez, «emakumeen gorputzen zikloak desestigmatizatzeko eta normalizatzeko aukera» dakar neurriak, baina zalantza batzuk ere agertu ditu. Esan duenez, ziurtatu behar da neurri horrek «emakumeen kontrako diskriminaziorik» ez dakarrela kontratazioan edo kontratuak berritzerakoan; emakumeen gorputzaren gainean «kontrol handiagoa» ezartzea, gehiegizko medikalizazioa edo auzia «medikuen borondatearen menpe» gelditzea ere ez du nahi sindikatuak.

LABek eskatu du baimen horiek ez daitezela gaixoaldi gisa har estatistiketan eta emakumeen lan ibilbideetan: «Hilekoa ez da gaixotasun bat, eta haurdunaldia ere ez», esan du.

UPNren balorazioa zeharo bestelakoa izan da. Haren iritziz, «zentzugabekeria» da 16 urtetik aurrera gurasoen baimenik ez eskatzea abortatu ahal izateko: «Ez du inongo logikarik».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Euskarazko irakaskuntzaren aldeko protes bat, 2021ean ©Guillaume Fauveau

NBEk azalpenak eskatu dizkio Frantziako Gobernuari hizkuntza gutxituei buruz

Ekhi Erremundegi Beloki

NBE beldur da Frantziako Konstituzio Kontseiluak 'Molac legearen' kontra hartutako erabakiak Frantziako gutxiengo linguistikoen giza eskubideei kalte garrantzitsuak eragiten ahal dizkiela

Etxean Zaindu eta Zaintel aurkeztu dituzte ©Jaizki Fontaneda / Foku

Eusko Jaurlaritzak familia zaintzaileak laguntzeko bi zerbitzu aurkeztu ditu

Isabel Jaurena

Mendeko pertsonak zaintzen dituztenen eguneroko bizitza erraztea da helburua

Errigoraren agerraldia joan den larunbatean. ©/ Errigora

Errigorak diru bilketa antolatu du Nafarroako suteengatik

Isabel Jaurena

Etorkizunean halakorik berriz ez gertatzeko erabiliko dira irabazi guztiak.

Miarritzeko ordainlekua, artxiboko irudian. ©Nicolas Mollo

Gizon bat hil da Miarritzen izandako auto istripu batean

Berria

Miarritzeko ordainlekuan gertatu zen istripua, atzo. Bi emazte Baionako ospitalera eraman behar izan dituzte, larri. Bi haur arinki zauritu dira, eta Baionako ospitalera eraman dituzte horiek ere.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.