Oposiziogileei bermeak agindu dizkie Darponek

Ostiralean hasi zituzten Osakidetzako oposizioak BECen, eta gaur bukatuko dira. Lau espezialitatetako hautaprobak geldiarazi dituzten arren, gainerakoak normal-normal egiteko intentzioa azaldu dute.

Barakaldoko BEC (Bizkaia), atzo goizean. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
2018ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Osakidetzako oposizioetan parte hartzen dutenek «bermeak» izango dituzte. Halaxe agindu zuen atzo Jon Darpon Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak, Barakaldon, BEC erakustazokan (Bizkaia). Osakidetzako hainbat lanpostu lortzeko oposizioak egiten ari dira han egunotan, eta zenbait espezialitatetako proben inguruan salatutako iruzurrek zalantzak sortu dituzte azken asteetan.

Darponek adierazi legez, azterketak egiten ari diren milaka lagunek aukera izango dute beren «ezagutzak erakutsi» eta postuak lortzeko. Gainera, gogorarazi du «lau epaimahai bakarrik» geldiarazi dituztela. «Beste guztiak normaltasunez ari dira lanean, eta 86 dira guztira». Eskaini dituzten 3.335 lanpostuen %2,5 dira epaimahai horietakoak. Osasun sailburuaren arabera, ekainaren bukaeran edota uztailaren hasieran izango dituzte ikerketen emaitzak.

Emakumeak gehiago dira

Ostiral arratsaldean hasi ziren azterketak BECen, eta gaur amaituko dira, 17:00etan. Asteburu honetan azterketak egin dituztenek Osakidetzak eskaini dituen postuen %60 lor ditzakete; 73.297 lagun zeuden izena emanda. Datuen arabera, lautik hiru andreak izan dira.

Parte hartzaile gehienek honako postu hauetarako probak egin dituzte: zelari (17.194 pertsona), erizain (13.694 pertsona), erizaintzako laguntzaile (13.262 pertsona), administrazioko laguntzaile (12.429 pertsona) eta zerbitzuetako langile (7.996 pertsona). Horiez gain, asteburu honetan egin dituzte, halaber, fisioterapeuta (1.866 pertsona), administrazioko langile (4.686 pertsona) eta laborategiko espezialista (2.710) postua lortzeko probak.

Oposizioetan izen emandakoen %80k egin dituzte egunotan azterketak. 450 lagun izan dira bertan, azterketak zaintzen. Osakidetzak adierazi duenez, oposizio horiek «funtsezkoak dira langile taldea gaztetzeko», eta argi uzten dute Eusko Jaurlaritzak kalitatezko zerbitzu bat eskaintzeko «egindako esfortzua». Gainera, «azken urteotan libratutako postuak beteko» dituztela jakinarazi dute, eta «langileen %95 egonkortuko» direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.