joxerra senar
Koronabirusa. ANALISIA

Azken bala

2020ko urriaren 21a
00:00
Entzun
Irailaren 8tik 11ra, Nafarroak Arabako, Gipuzkoako eta, azkenik, Bizkaiko intzidentzia tasa gainditu zuen. Geroztik, datuek okerrera egin dute. Irailean, ezarri ziren lehen neurriek ez zuten geldotu joera; iragan astean, koska bat harago joan, eta are neurri gogorragoak jarri ziren indarrean, baina gobernuak astebete ez du itxaron Nafarroa osorik ixteko. Gainerako euskal lurraldeei etor daitekeenaren bidea markatzen die.

Zerk huts egin du? Zer gertatzen da Nafarroan? Galdera hori txoko askotan entzun daiteke egunotan, baina erantzun argirik ez dago. Eremu labainkorra da. Zaila da neurrien epe egokiarekin asmatzea. Merkataritzari, ostalaritzari eta beste hainbat jarduerari eragiten diete administrazioaren erabakiek, ondorio ekonomikoak dituzte, eta konpentsazioek ez dute ziurrenik zuloa estaliko. Goizegi jokatuz gero, gaizki; berandu jokatuz gero, okerrago. Ekainean esaten zen bezala, probatu-ondorioak ikusi-probatu metodologiarekin dabiltza administrazioak. Iparrorratzik gabe, eremu ezezagunean. Beste herrialde batzuetan irmoago eta lehenago jokatu dute. Beharbada, hori falta izan da. Irizpide argiak izatea hasieratik, eta horien araberako erantzunak ematea. Joko arauak argi guztientzat. Orain horretan ari da Espainiako Gobernua. Urriaren 21ean. Berandu.

Konfinamendua azkarregi leundu zen, eta udako gertaerek abiapuntu okerragoan utzi dute Nafarroa. Hilabeteotan, PCRak egiteko ahalmena nabarmen handitu du gobernuak, eta urriaren amaierarako antigenoen testa hedatua egongo da osasun etxeetan. Bederen, bere buruari tranparik ez egiteko hautua egin du. Aztarnari kopurua ere handitu du. Uztailean 35 inguru zebiltzan, eta orain 83 dabiltza. Horri Defentsa Ministerioak gehitutako 30 militar gehitu behar zaizkio, eta txandaka aritzen diren Osasunbideko 110 profesional, beste 30 gehitzeko aukerarekin. Gorabeherok islatzen dute hasieratik inbertitu behar zela ahal zen guztia.

Dena den, ezein arauk edo debekuk ez du funtzionatuko betetzen ez bada. SARS-CoV-2 koronabirus honek ohitura sozial errotuei eragiten die, eta ispiluaren aurrean jarri du gizartea. Agerraldi gehienak arlo pribatuan gertatu dira, eta bertako kasuistika denetarikoa da. Nafarroa toki okerragoan utzi duten arrazoietako bat ez-festa delakoak dira. Azkoien izan zen ixten lehen herria, eta bertako hainbat herritarrek onartu zuten, adibidez, festak debekatu arren hainbatek denbora eman zutela ekitaldiak prestatzen. Beste hainbat herritan errepikatu da joera bera, eta ondorioak hor daude. Azkena, Atarrabian.

Horrez gain, lagunarteko edo familiako bilkura txikiagoetan izaten dira kutsatzeak, eta Maria Txibite lehendakariak argi utzi zuen hartu-eman horiek ahalik eta gehien murriztu behar direla. Hilabeteotan ikusi da mezu hori ulertarazteko arazo handia dagoela. Nekea, axolagabekeria, errealitate sozioekonomikoaren prekaritatea... Batzuk ulergarriak, besteak ez, baina koronabirusak ez du ulertzen gizakion nondik norakoez, eta bigarren olatuan, beste behin, azkar hedatzen ari da. Jarrera indibidualaren eta kolektiboaren arteko erlazio estua barneratu ezean, neurriek ez dute balioko. Kosta ahala kosta saihestu behar zen konfinamenduaren mehatxua gero eta gertuago egongo da. Atzeranzko norabide horretan, azken bala ote da hau?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.