Albistea entzun

Murgiltze ereduak. Hezkuntzaz harago

Aisialdian ere euskarari eremuak irabaztera

Euskarak aisialdian duen presentzia apurraz kezkatuta, alternatibak sortu dituzte hainbat herritarrek. «Aisialdia eta aisialdiko erreferenteak erdaldunak badira, hizkuntza ohituretan erabateko eragina du».

Irati Urdalleta Lete -

2021eko irailak 19

Hezkuntza formalean lekua etengabe irabazten ari bada ere, euskarazko aisialdiko eskaintza murritza da oraindik zenbait leku eta esparrutan. Hutsune hori betetzea erabaki dute herritarrek, eta hainbat proiektu jarri dituzte martxan.

Iruñeko datu soziolinguistikoek eta euskararen joerak kezkatuta, Parkean Euskaraz proiektua sortu du HE Gurasoak taldeak, Sortzenekin eta tokiko beste eragile batzuekin batera. Hango kide da Iñigo Otxoa. Haren ustez, euskara erabiltzea bada helburua, hiru eremutan bermatu beharra da hizkuntzaren presentzia: hezkuntza arautuan, etxeko giroan eta aisialdian. «D+» eredua deitu diote. Maiatzean eta ekainean hainbat saio egin zituzten, eta «arrakasta ikusita», berriz antolatu dute.

«Astean behin parkean biltzean datza», azaldu du Otxoak. «Hasieran, Dindaiako begiraleen laguntza daukagu, baina guk ere baditugu saio batzuk modu autonomoan egiteko: bati okurritzen zaiola txango bat egitea, elkarte batean tailer bat egitea...». Saioak Iruñerriko hainbat auzotan eta herritan egingo dituzte, 2 eta 6 urte arteko umeentzat, eta, parte hartzeko, haur horiei lagunduko dien gurasoak euskaraz jakin beharko du, umeentzat eredu izatea nahi baitute: «Helburu argi batzuk ditugu: hizkuntza ohiturak euskaratzea, gurasoek eredua emanda; eskolatik apartatu, eta beste eremu batzuk euskararekin identifikatzea; euskara gozagarri egitea; eta tokiko dinamikak izatea, ez goitik datorren zerbait».

Baionan, yoga egin daiteke euskaraz, marrazki ikastaroak, euskal dantzak, musika tresnak jotzen ikasi... Baina, Nora Arbelbidek azaldu duenez, sarri elkarte horien berri ahoz aho jasotzen dute herritarrek, eta badira euskaldunak ez diren gurasoak edo inguruan «sare bat» bat ez dutenak; beraz, ez dute halakoen berri izaten. Hori dela eta, euskarazko jarduerak biltzeko topagune bat antolatu zuten Baionako ikastolek irailaren 4an: Herrixka. Arbelbide da antolatzaile lanetan ibili denetako bat. Alde batetik, elkarteentzat baliagarria izan delakoan dago, leku bat eskaini dietelako euskarazko jarduerak badituztela jakinarazteko. Beste alde batetik, herritarrentzat ere balio izan duela uste du; izan ere, Baionako ikastolek antolatu arren, guztiei zabaldu diete aukera: «Elebidunean ari diren umeek ere behar dituzte aktibitateak euskaraz».

Pantailetan, eskas

Aisialdi antolatuan ez ezik, umeek eta gazteek ordu asko pasatzen dituzte pantailen aurrean. Eta horietan ere, erderak nagusi. Egoera horrek kezkatuta sortu dute Pantailak Euskaraz taldea, Alex Aginagalde partaideak azaldu duenez: «Ikus-entzunezkoen mundu gero eta anitzago honetan euskarak duen presentzia eskasarekin arduratuta geunden hainbat eragilek eta erakundek sortu dugu ekimena». Aginagaldek datu bidez erakutsi du badaudela kezkatzeko arrazoiak: 1990eko CIESeko datuen arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako haurren %70ek EITBko marrazki bizidunak ikusten zituzten; gaur egun, Boing, Clan eta marrazki bizidunak ematen dituzten gaztelerazko beste kateekin alderatuta, bost edo hamar aldiz audientzia txikiagoa dauka ETB3k.

Gainera, telebistari streaming plataformak gehitu zaizkio azken urteetan. Eta hor ere, egoera ez da hobea. «Disney+ da haurren eta gazteen Netflix, eta ez dago batere euskaraz. Nahiz eta guraso euskaldunak tematzen diren Pirritx eta Porrotx, Ene Kantak eta ETB3 jartzen, nazioarteko superprodukzio horiek dituzten marketin kanpaina erraldoien bidez, eduki guztiak umeengana iristen dira».

Egungo egoeraz ohartaraztearekin batera, hobetzeko hainbat eskaera ere egin dituzte: besteak beste, EITB indartzea, «eta benetan euskararen normalizaziorako tresna izatea»; euskarazko streaming plataforma «sendo» bat sortzea; merkatuan nagusi diren streaming plataformetan euskarazko edukientzako kuota batzuk ezartzea; eta bideo jokoetan euskararen presentzia handitzea. Dena, haurren eta nerabeen mesedetan: «Iruditzen zaigu hori guztia gazteleraz soilik egotea oso kaltegarria dela; aisialdia eta aisialdiko erreferenteak erdaldunak badira, haien hizkuntza ohituretan erabateko eragina duelako».

Ikusi gehiago:
Eskolatik euskaran murgiltzen
Hiztunak lortzeko modu bakarra
Eskolak bakarrik ezin duenean
Nola mugitu lur idorretan

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Elhadji Ndiaye omentzeko ekitaldia, Iruñeko Arrotxapea auzoan, iaz. ©JESUS DIGES / EFE

ESPALOIAN ITOTAKO BIZITZA

Ion Orzaiz

Duela bost urte, 2016ko urriaren 25ean, Elhadji Ndiaye senegaldarra zendu zen, Espainiako Poliziaren zaintzapean, Iruñean. Atxiloketa bortitz baten ostean konfirmatu zuten hila zela. Poliziaren jokabide arrazisten ondorio dela uste dute Ndiayeren lagunek eta gobernuz kanpoko erakundeek.
Egonkorrak bilakatu dira Ipar eta Hego Euskal Herriaren artean Frantziako indar armatuek egiten dituzten kontrolak. ©BOB EDME

Sistemaren belauna lepoan

Oihana Teyseyre Koskarat - Jone Arruabarrena - Ion Orzaiz -Javi West Larrañaga

Migratzaileen aurkako jazarpena fenomeno orokortua da Euskal Herrian. Adituek eta gobernuz kanpoko erakundeek salatu dute Poliziak «sistematikoki» erabiltzen duela bortxa pertsona arrazializatuen aurka.
 ©BERRIA

«Polizia, nahitaez, giltzarri da gizarte arrazista iraunarazteko»

Maite Asensio Lozano

Segurtasunaren zein mehatxuen inguruan zabaltzen diren ideiak «eraikuntza politikotzat» dauzka Douhaibik; horrekin lotu ditu kolektibo arrazializatuen aurkako kriminalizazioa eta jazarpen poliziala.
 ©BERRIA

«Behartu nahi gaituzte Poliziaren aurrean behera begiratzera»

Ion Orzaiz

Modou Faye, 'Beltxa'. Senegal atzean utzita, Iruñera iritsi zen duela urte asko. Paperak ditu orain, Africa United elkarteko burua da, baina horrek ez du Poliziaren jazarpenetik libratu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.