Murgiltze ereduak. Hezkuntzaz harago

Eskolak bakarrik ezin duenean

Datuek argi erakusten dute: ikasleak ezin dira hezkuntza formalaren bidez soilik euskaldundu. Adituek aisialdiari erreparatzeko eskatu dute, baita gurasoek eta irakasleek euskararekin duten jarrerari ere.

BERRIA.
Irati Urdalleta Lete.
Ibarra
2021eko irailaren 19a
00:00
Entzun
Ikasketak euskara hutsez egiteak ez du bermatzen ikasleek euskaraz maila egokia izango dutela. Hala erakutsi du ISEI Irakats-Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundearen azken txostenak: euskara hutsezko hezkuntza eredua Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan dago zabalduen, baina derrigorrezko eskola etapa amaitzeko bi urte falta direla, DBH2ko ikasleen %53,3k hasierako maila dute euskaraz. Nafarroan, Nastat estatistika erakundearen arabera, 15 eta 19 urte arteko gazteen %26 dira euskaldun alfabetatuak; %56,6, berriz, erdaldunak.

Hortaz, arazo bat al dago ikasleak euskalduntzerakoan? «Nik ez dut arazo terminoetan ulertzen», adierazi du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuorde Begoña Pedrosak, ISEIren datuez galdetutakoan. «Ikusten dudana da agian gure printzipio pedagogikoetan hausnarketa bat egin behar dugula —ari gara egiten—, esku hartze batzuk birpentsatu behar ditugula...». Hala ere, nabarmendu du D ereduaren —euskara hutsez ematen dira ikasgai guztiak, gaztelera izan ezik— emaitzak ez direla makalak. Francisco Lunak gertutik ezagutzen du ISEIren lana, bertako zuzendari izandakoa baita. Hark bai, ikusten du arazo bat badagoela: «Ezin dugu gauza bera egiten jarraitu».

Emaitzak aztertuta, ondorio argia atera dute adituek: ikasleak ezin dira soilik hezkuntza formalaren bidez euskaldundu. Hala dio Pedrosak: «Uste dut eskolak bere lana ahalik eta ondoena egin behar duela, eta horretan gabiltza, baina badaude beste eremu garrantzitsu batzuk ere: familia, aisialdia, sare sozialak...». Kezka ez da oraingoa. 2008an egin zuen Ikasle euskaldun eleanitzak sortzen proposamena orduan Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua zenak. Arantxa Urbe izan zen proposamenaren lantalde teknikoaren zuzendari. Urbek argi du eskolak mugak dituela, baina erantzukizuna gainetik ez kentzeko eskatu du: «Eskolak bakarrik ezin du, baina ahal duen guztia egin behar du. Hor sartzen da aliantzak bilatzea eta eragile izatea».

Egungo egoerak soka luzea du. Lunak azaldu du pixkanaka-pixkanaka euskara hutsezko eredua Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan nagusitu ahala aldatu egin direla haren ezaugarriak: «Momentu honetan, D ereduan herritar guztiak eskolatzen dira: zailtasunak dituztenak, etorkinak, errendimendu baxukoak, ISEK [indize sozioekonomiko eta kultural] baxua, ertaina edo altua duten familietakoak...». Pedrosak ere ikusten du aldaketa: «Murgiltze eredua orokortzeak erronka berriak ekarri dizkigu: eskatzen digu euskararen irakaskuntzan sakontzea; gure komunikazio gaitasuna modu sistematikoan lantzea, agian, hezkuntza proiektuaren baitan; beste eragile batzuekin jarduera berriak egitea; eta oso inportantea dena: esperimentatzea eta ikertzea».

Beraz, zer gehiago egin daiteke? Non jarri behar da arreta ikasleak euskalduntzerakoan? Adituek argi dute ikastetxeko atetik atera ondoren egiten denari ere erreparatu behar zaiola. Urbek aisialdian euskaraz aritzeak duen balioa nabarmendu du: «Eskolan hitz egiteko modu bat bakarrik baldin bada, ez dauka etorkizunik, inork ez du hautua egingo euskara erabiltzeko, ez da baliagarria izango». Pedrosaren irudiko, «pisu handia» hartzen du aisialdiak, eta badago «zer esploratua», dagoeneko «gauza asko» egiten badituzte ere.

Murgiltze ereduaz gain, mantentze ereduaz mintzo da Urbe. Hau da, euskara etxetik jasotzen dutenak ere kontuan hartu behar direla azaldu du, ez soilik eskolak euskaldundu behar dituenak: «Etxetik euskara dakartenekin jada ez dago dena eginda».

Eta, nola ez, gurasoen eta irakasleen rola ere funtsezkoa da. D eredua orokortzearekin batera, gurasoek seme-alabak euskaraz matrikulatzeko «motibazioaren zati bat» galdu dutelakoan dago Luna. Pedrosak, berriz, «aldaketa sozial bat» ikusten du, baina iruditzen zaio gurasoek «euskararen aldeko apustua» egiten jarraitzen dutela. Irakasleei erreparatu die Urbek: «Euskararekin daukazun harremanaren arabera transmitituko diozu ikasleari. Eta hor dauzkagu hainbat irakasle, haien artean erdaraz bizi direnak, eta euskaraz gelan bakarrik hitz egiten dutenak».

Etorkizunean, zer?

Egungo egoerari buelta emate aldera, hainbat proposamen egin dituzte elkarrizketatuek. Urbek ezinbestekotzat du ikastetxe bakoitzak bere hizkuntza proiektua izatea, eta azaldu du nola proposamenean jasota dagoen 5 urteko umeei «ebaluazio hezitzaile bat» egitea, hizkuntza maila neurtzeko. «Horren arabera, ume bakoitzari bide propioa proposatu beharko zaio, ikastetxeko hizkuntza proiektuaren barruan».

Pedrosa hezkuntza komunitatea «ilusioz piztu» beharraz aritu da, eta haien lana txalotu du: «Ikastetxeetan proiektu onak dauzkagu. Horiek identifikatu behar ditugu, beste testuinguru batzuetara ekarri, betiere, tokian tokiko egoerak kontuan hartuta, adituen laguntzarekin, udalen konplizitatearekin...». Ez du beharrezko ikusten, ordea, hizkuntza ereduen sistema desagertzea: «Badauzkagu hainbat elementu hobetzeko, baina nik ez dut egiten irakurketa bat non murgiltze eredua den bide bakarra edo ereduak kendu behar ditugun. Gizarteak hautu hori egin du jada».

Ikusi gehiago:
Eskolatik euskaran murgiltzen
Hiztunak lortzeko modu bakarra
Aisialdian ere euskarari eremuak irabaztera
Nola mugitu lur idorretan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.